Aurtengo ekainean hamasei pertsona epaitu zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2022ko martxoan Ibai Aginaga euskal preso ohiari ongietorri ekitaldi bat egiteagatik terrorismoaren gorazarre delitua egotzita. Uztailean, epaileak denentzako absoluzioa deliberatu zuen. Defentsako bost abokatuek xehe erakutsi arren akusazioen «oinarri gabezia» eta auzipetutakoen kontrako frogak «baliogabeak» zirela, akusazio partikularrak hegitea jarri zuen absoluzio horren aurka. Voxek eta Dignidad y Justiciak egin zuten epaiaren aurka, baita fiskalak berak ere, baina orain jakin da ez dutela arrakastarik izan, epaileak atzera bota baititu helegite horiek.
Hortaz, auzipetutako hamasei pertsona horiek ez dute berriro Justiziaren aurrean erantzun beharko Berangoko (Bizkaia) ekitaldia dela eta. Epaiketan, fiskalak bi urte eta bi urte eta bederatzi hilabete arteko espetxe zigorrak eskatu zituen hamasei auzipetuetako bakoitzarentzat, prozedura hasierako eskaerei eutsita. Gainera, hamabost urteko inhabilitazioei eta 5.100 euroren isunei ere eutsi zien; akusazio partikularrek —Dignidad y Justicia, Vox eta Fundacion Villacisneros—, berriz, hiru urteko kartzela zigorra eskatu zuten auzipetu bakoitzarentzat. Defentsako abokatuek hamasei akusatuen absoluzioa eskatu zuten, eta, azkenerako, epaileak aintzat hartu zuen eskaera hori, eta absoluzioaren alde egin zuen.
Garaipen politikoa
Akusatuek azpimarratu zuten epaiketan modu argian «aitortu» zutela ongietorrian parte hartu zutela, eta horretarako «eskubidea» zutela. Hala ere, epaileak absoluzioaren alde egin izana «garaipen politiko bat» izan zela esan zuten. Epaileek akusatuei azken hitza erabiltzeko aukera eman zien epaiketan, eta gehien-gehienek uko egin zioten horri. Ziortza Fernandezek eta Sendoa Aratz Juradok, aldiz, azken deklarazioa egin zuten. «Berangoko ekitaldian parte hartu nuen Tinkoko militante gisa, amnistiaren alde borrokatzeko eskubidea dudalako», esan zuen lehenak. Bigarrenak ere «oso argi» utzi zuen Tinkoko kidea dela.
Epaiketan, fiskalak eta akusazio partikularrek ezker abertzaleko ildo ofizialaren disidentziatzat jo zuten talde hori, disidentzia horren larritasuna azpimarratu nahian. «Bai, disidentea naiz, esaterako zuekin», esan zien auzipetu batek Auzitegi Nazionaleko arduradunei erreparatuta, baina epaileak ez zion aurrera jarraitzen utzi.