Atzera bota dute Miarritzeko 'La Negresse' auzo izenaren aldaketa

Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak ezarri zuen errekurtsoa, martxoan Miarritzeko herriko kontseilu berriak 'Negresse' izendapena atxikitzea deliberatu zuelako. Elkarteak adierazi duenez, kasazio auzitegira jotzeko prest dira.

Harausta auzoa, 'La Negresse' ere deitua, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Harausta auzoa, 'La Negresse' ere deitua, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko azaroaren 26a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

La Negresse auzia sekula hesten ez diren horietakoa da: Paueko Administrazio Auzitegiak atzera bota du Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak Harausta auzoaren izendapen horren kontra aurkeztu zuen errekurtsoa. Elkarteko kideek adierazi dutenez, kasazio auzitegira jotzeko prest dira.

Karrika izena aldatzea ez baita aski izan: auzo osoaren izena aldatu behar da. Hori bera da Frantziako Estatu Kontseiluak ere uste duena, Miarritzeko La Negresse izendapen arrazista desagertzearen aldeko pausoa eman baitzuen aurtengo irailean. Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak orduan jakinarazi zuenez, François Pinatel abokatuak berrizendapena egitera behartu zuen Serge Blanco Miarritzeko auzapeza. Eta errana zuten hala egin ezean auzibideari ekinen ziotela berriz, «justizia erabakia errespetarazteko asmoz».

Zeren iazko otsailaren 6an, jadanik, Bordeleko Administrazio arloko Dei Auzitegiak auzo izena aldatzearen alde egin baitzuen. Orduan, deliberoa «erabaki historikotzat» jo zuen Karfa Sira Diallo Oroimenak eta Partekatzeak elkarteko buruak; beltzen trafikoaz eta esklabotzaz oroitzeko lan egiten duen elkarte bat da hori. Erran zuen: «Lehen aldikoz borroka antirrazisten historian, auzitegian erabaki dute baliorik gabe uztea izendapen baten erabilpen problematikoa».

Geroztik, L'Alegresse berrizendatu dute La Negresse izena zuen karrika: alaitasuna erran nahi du. Baina auzitegiaren erabakia konbentzimendu handirik gabe aplikatuko zuten, karrikari bai baina auzoari ez baitzioten aldaketarik egin.

Ordutik Serge Blancok lekua hartu dio Maider Arostegi auzapez ohiari, baina norabidea ez du anitzik aldatu: martxoaren 28an, herriko kontseilu berriak Miarritzeko zortzi auzoak bozkatu zituelarik, Negresse izendapena atxiki zuten Harausta auzoarendako, jakinik ere justiziak kondenatua zuela urte bat lehenago.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA