Atzera bota dute Polloeko gurutze frankista kentzeko proposamena

Sumarrek ikur frankistak identifikatzeko eta eraisteko eskatu du legebiltzarrean. EAJk, PSE-EEk, PPk eta Voxek kontra egin dute.

Frankistek Donostiako Polloe hilerrian eraikitako mausoleoa. BEñAT PARRA / IRUXULOKO HITZA
Frankistek Donostiako Polloe hilerrian eraikitako mausoleoa, plaka kendu aurretik. BEñAT PARRA / IRUXULOKO HITZA
aitor biain
2025eko ekainaren 19a
16:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan geratzen diren ikur frankistak identifikatzeko eta «berehala» kentzeko proposamena egin du Sumarrek Eusko Legebiltzarrean. Besteak beste, Donostiako Polloe hilerriko gurutze bat erretiratzeko eskea egin dio Eusko Jaurlaritzari, ikurrek jatorri frankista duelako. Proposamena, ordea, atzera bota dute EAJk, PSE-EEk, PPk eta Voxek; alde bozkatu du EH Bilduk. 

Hernandezek adierazi du gurutze hori frankistak «loriatzeko» altxatu zutela, eta haien biktimak «umiliatzeko». Hori dela eta, hura erretiratzea eskatu dio Gogora Institutuari eta Donostiako Udalari. Horrez gain, txosten bat egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, aztertzeko ea baden aukerarik frankisten artean lurperatuta dauden milizianoen gorpuzkiak ateratzeko.

EAJk eta PSEk argudiatu dute gurutzeari beste esanahi bat eman zitzaiola, bertan zegoen plaka kenduta, eta ez dela beharrezkoa hura eraistea. Bi alderdiek duten gehiengoa baliatu dute, hain justu, Sumarren proposamena atzera bota eta beste testu bat onartzeko. 

Horiek hala, zera eskatu diete Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari: «jarrai dezatela biktima guztiak duintzeko lanetan», bai eta «Euskadiko memoria demokratikoaren aurkako elementuei beste esanahi bat ematen ere». Polloen lurperatuta daudenen zerrenda «eguneratzea» ere galdegin diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.