'Yadan legea' atzeratu du Frantziak, Israelgo Estatuaren kritika eta antisemitismoa parekatzen zituen araua

Diputatuek gaur eta bihar aztertzekoa zuten «antisemitismo forma berrituen kontra borrokatzeko» legea, Asanblean. Macronistek, baina, atzera egin dute, eta ekainean aurkeztu behar lukete legearen proposamen eguneratua.

Caroline Yadan diputatu macronista, gaur, Frantziako Asanblea Nazionalean. TERESA SUAREZ / EFE
Caroline Yadan diputatu macronista, gaur, Frantziako Asanblea Nazionalean. TERESA SUAREZ / EFE
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko apirilaren 16a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lege proposamena haiek aurkeztu, eta haiek atzera egin. Gaur eta bihar aztertzekoa zuten Caroline Yadan diputatu macronistak aurkeztutako «antisemitismo forma berrituen kontra borrokatzeko» legea, baina gibel egin dute macronistek; ekainean aurkeztu behar lukete legearen proposamen eguneratua. Ez dute zehaztu zergatik egin duten atzera, baina baliteke azken asteetako presioei lotua izatea.

Hilabeteak dira Yadanek lege proposamena aurkeztu zuela, eta haserrea fite eragin, antisemitismoa eta Israelgo Estatuaren kritika parekatzen baititu lege testuak. Hala, joan den otsailaren 18an, herritar batek eskari bat abiatu zuen Frantziako Asanblea Nazionaleko webgunean: Yadan legeari ez. Hilabeteren buruan, 500.000 izenpeduren langa igan zuen, hots, Asanbleako elkarrizketetan aipatua izateko heina. Baina macronistek atzo egin zioten uko eskaria elkarrizketagai izateari; ordurako, 700.000 sinadura bilduak zituen.

Eta, azkenean, lege proposamena ere ez dute aztertuko, elkarrizketak gibelatu baizik. Litekeena da azken asteetan zabaldu den presioak hori ekarri izana, eskariaren garrantziaz beste ere hainbat diputatuk iragarria baitzuten aste hasieratik ez zutela legearen alde eginen.

Ñarbardura arinegiak

Horrela abiatzen da gaur eta bihar artean Frantziako Asanblean diputatuek aztertzekoa zuten Yadan legea: «2023ko urriaren 7an Hamasek Israelen kontra eginiko eraso terroristaz gero, Frantzia —Mendebaldeko beste hainbat herrialde bezala— antisemitismoaren gorakada jasanezin bati aurre egiten ari zaio». Testuinguru hori abiapuntu harturik, lege berri bat proposatzen dute, beraz, «antisemitismo forma berriak borrokatzeko».

Bigarren orrian datoz lehen konparazioak: «Gaur egun, Israelen kontrako gorroto obsesiboak elikatzen du juduen kontrakoa». Israelgo Estatuaren lehen aipamen bat, beraz. Lerroak aitzina, honela dio testuak: «Israelgo Estatuak herritar juduen kolektibo bat osatzen duela-eta estatu hori desegitea aldarrikatzea juduen komunitateari zeharka eraso egiteko manera bat da». Seigarren aipamena. Denera, Israelgo Estatuari hamabi aipamen egiten dizkio legeak, eta datu hori bada garrantzitsua, jakinik eta atzo, Asanblean, macronisten bozeramaile Aurore Bergerek baieztatu nahi izan zuela «Israel» hitza ez dela agertzen lege testuan.

Lege proposamenak, beraz, antisemitismoa eta Israelgo Estatuaren kritika parekatzen zituen. Palestinaren aldeko hainbat kolektibok salatu dute halako lege baten arriskua, Israelen kritika eta Palestinaren aldeko militantzia kriminalizatuko bailuke kasik automatikoki. Hain zuzen, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak gaur bertan egin du elkarretaratzea Yadan legearen kontra, Baionako merkatu plazan: «Sionismoaren kontra, eskubide politikoak defendatu», aldarrikatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA