«Hamar minutu daramatzat hemen, eta pantailan jartzen du beste 28 minutu falta direla billabesa iristeko». 9. lineako autobusaren zain dago Maria Jesus Diez de Artazkoz iruindarra, Oliveto Kondearen etorbideko geltokian. Ez da bakarra. Beste zortzi lagun daude berinapean, billabesa noiz etorriko zain. Iruñerriko hiri garraioaren bigarren greba eguneko irudietako bat da: jende andana markesinetan, eta atzerapenak zerbitzuan.
Moventis TCC enpresak ohar bidez adierazi du gutxieneko zerbitzuak ez direla «garaiz» atera goizean goiz, piketeen jardunaren ondorioz: «Autobusak biltokitik ateratzea galarazi dute». Hala ere, ziurtatu du gutxieneko zerbitzu horiek «errespetatzen» ari direla jada eta, beraz, «erabiltzaileentzako garraioa» bermatua dagoela. Bidaiari gehieneko orduetan, %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu enpresak; gainerako orduetarako, berriz, %40koak.
Bidaiari askoren haserreak, baina, bestelako irudi bat erakutsi du. Kexu dira autobusak berandu iristen direlako, baina, batez ere, markesinetako pantailetan eta Tu Villavesa aplikazioan ageri den informazioa ez delako fidagarria. «17. linearen zain geunden. Hamabost bat minutu eman ditugu esperoan, eta, billabesa iristeko bi minutu falta zirelarik, 17.a pantailatik desagertu da. Autobusa ez da iritsi, eta ez digute inongo azalpenik eman», esplikatu du Esther Galarza Gabirondo Berriogoitiko bizilagunak.
Informaziorik eza nabarmendu du Arrotxapea auzoan bizi den Amadou Gayek ere. Sarasate pasealekuko geralekuan dago, 3. zenbakiko billabesaren zain, Txantreara joateko. Autobusa garaiz heldu da, Gutxieneko zerbitzuak dioen kartel bat zeramala. Ateak ireki orduko, baina, txoferrak markesinan zain zeudenei jakinarazi die ez duela ibilbide osoa eginen: «Antsoainen geldituko naiz: ez naiz Txantrearaino iritsiko». Protestaka igo dira bidaiariak ibilgailura.
«Badakigu greba dagoela, baina enpresari eskatzen diogu informazio garbia eman dezala, ez ditzala erotu erabiltzaileak», kexu da Galarza, ez baitaki zer autobus hartu beharko duen Berriogoitiraino itzultzeko, noiz iritsiko den eta non jaitsi beharko duen: «16. eta 17. lineak hartu ohi ditut, baina autobus batzuk Berriozarren geratzen dira, beste batzuk Aitzoainen, eta bakan batzuk Berriogoitiraino doaz. Gainera, aplikazioak funtzionatzen ez duenez, ez dakigu autobus bakoitzak noraino eramanen gaituen edo kilometro parrastada bat egin beharko dugun oinez etxeraino».
Parte hartze «masiboa» eta manifestazioa
Moventis TCCko langile batzordean sei ordezkari ditu UGT sindikatuak, lau CCOOk, hiru ELAk, eta bina ordezkari LABek eta ATTUk. Horien arabera, grebaren erantzuna «masiboa eta ia erabatekoa» izan da bi egunotan, greba egin ahal zuten ia denek bat egin baitute lanuztearekin. Hala ere, salatu dute enpresak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «abusuzkoak» direla: egunotan, zerbitzuen %60 martxan dira erabiltzaile gehieneko orduetan, eta %40 gainerakoetan.
Gutxieneko zerbitzu horiek, gainera, %70ekoak izango dira igandetik aurrera, Iruñeko sanferminak hasten direnean. Sindikatuen irudiko, horrek «urratu» eginen du langileek greba egiteko duten eskubidea. Hori salatzeko, manifestazioa eginen dute larunbat honetan Iruñean, 18:00etan. Langileen eskaera nagusiak dira urteko lanaldia laburtzea, soldatak KPIaren arabera igotzea, 2008. urteaz geroztik galdutako erosahalmena berreskuratzea (%5,8), eta lansariak hobetzea, besteak beste gaueko ordutegian aritzeagatik.
Nola eragotzi sanferminetako «desastrea»
Bistan da billabesa gidarien lanuzteak eragina duela eguneroko bizimoduan, baina egoera are gehiago konplikatu daiteke datozen egunetan. Sanferminetan, jendez betetzen da Iruñea, eta hiriko garraio zerbitzuaren erabilerak gora egiten du nabarmen. Izan ere, bisitari askori errazago zaie autoa uztea aldirietako aparkalekuetan, eta autobusa hartzen dute Alde Zaharreraino iristeko. Bestalde, Iruñeko auzo periferikoetan edo Iruñerriko herrietan bizi diren askorentzat ere, billabesa da aukera egokiena festaren erdigunera hurbiltzeko.
Garraio zerbitzuaren %100 bermatuta egonda ere, pilaketak eta atzerapenak gertatu ohi dira sanferminetan, eta aparteko kontratazioak egin ohi ditu enpresak egun horietarako. Tentsio egoera horri lanuzte bat gehituz gero, ondorioak are larriagoak izanen lirateke. «Desastre txiki bat izanen litzateke sanferminetan billabesak ibiliko ez balira», adierazi du Iruñeko alkate Joseba Asironek aste honetan. Haren esanetan, hiri garraio publikoa «oso garrantzitsua» da festetan, eta urtetik urtera gorantz doa billabesen erabilera. Alkateak EFE berri agentziari adierazi dio Iruñeko Udala «harremanetan» dagoela hala langileekin nola enpresarekin, Iruñerriko Mankomunitatearen bitartez.
Hain zuzen, grebak sanferminetan izan dezakeen eragina apaltzeko xedez, Iruñerriko Mankomunitateak «bitartekari lana» eginen du langileen ordezkarien eta Moventis TCC enpresaren artean. Mankomunitateko presidente David Campionek adierazi du alde guztiak bilera batera deitu dituztela, «uneotan blokeatuta dagoen negoziazioaren korapiloa askatze aldera». Bihar dira batzartzekoak, Iruñean.