Prestatu ur botilak eta haizagailuak. Momentuz, bero sapak ez du etenik izango Euskal Herrian, eta atzokoak baino are tenperatura handiagoak espero dira gaurko. Barnealdean 35 eta 38 gradu artean ibiliko dira termometroak, eta 40 graduraino ere iritsiko dira zenbait tokitan. Kostaldean zertxobait eramangarriagoa izango da eguna: 33-34 gradu inguruko gehienezko tenperaturak aurreikusi dituzte. Litekeena da arratsaldean zaparrada trumoitsuak izatea, eta tenperaturek nabarmen egitea behera.
Meteorologia agentziek abisu laranja ezarria dute Euskal Herri osoan. Lurraldez lurralde, Araban, 13:00etatik 20:00etara ezarri dute alerta; 38-39 gradu inguruko tenperaturak izango direla aurreikusi du Euskalmetek. Bizkai eta Gipuzkoa barnealdean, berriz, 37 gradu ingurura iritsiko dira termometroak —40 gradu ere gaindituko dituzte zenbait tokitan—, eta 34ra kostaldean. Ipar Euskal Herrian antzera ibiliko dira, Meteo Franceren arabera: kostaldean gehienez ere 34-35 gradu egingo ditu, eta barnealdean, 37-38 inguru.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzak ere egin du oharra: bereziki adi egoteko 4 urtetik beherakoekin, adinekoak, haurdunak, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak eta kanpoan jarduera fisikoa egiten dutenak. Izan ere, atzo hamabost lagun artatu zituzten Osakidetzan beroaren ondorioz: hamar Gipuzkoan, lau Bizkaian eta bat Araban. Eta neurriak gogora ekarri ditu: ura maiz edan, fruta eta barazki gehiago jan, ez kontsumitu kafeina, alkohol edo azukre asko duen edaririk eta, aire zabalean, ez jarri eguzkitan eguerdi aldera, jantzi arropa arina eta ez egin jarduera fisiko gogorrik bero handieneko orduetan.
Nafarroan «muturrekoa» da suteak izateko arriskua, zenbait tokitan 40 gradu ingurukoak izango baitira tenperaturak gaur. SOS Nafarroak beste behin eskatu die herritarrei sua pitzarazi dezakeen edozein jarduera saihesteko.
Hiriburuei dagokienez, Iruñean 41 graduraino helduko da tenperatura gaur; Gasteizen 39 gradu egingo ditu gehienez, Bilbon 38, Baionan 35 eta Donostian 34. Hego haizea ibiliko da, eta, kostaldean, brisa ere izango da arratsalde partean. Euskalmetek abisatu du balitekeela zaparrada trumoitsuak ere izatea.
Atzo, 41-42 gradu
Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren datuek diotenez, atzokoa azken hamarkadetako egunik beroena izan zen Nafarroa hegoaldean. Lizarran 41,5 gradu egin zituen 15:30ean, azken 35 urteetako tenperaturarik beroena, eta Tafallan ere tenperatura horretaraino heldu ziren arratsaldeko bostak pasatxo zirela. Iruñean 40,2 gradu erregistratu zituzten 16:00etan.
Gipuzkoan ere, Arrasaten, 42 gradu egin zituen, Euskalmetek jasotako datuek diotenez. 41,3 Bergaran, eta 40,6 Beasainen. Osakidetzak jakinarazi duenez, atzo hamabost lagun artatu behar izan zituzten beroagatik, eta horietatik hamahiru osasun zentroetara eraman zituzten.
Itxuraz, bihar bero gutxixeago egingo du. Barnealdean gehienez ere 30-34 gradu artean ibiliko dira termometroak, eta kostaldean ere 30 gradu inguruan. Asteburua gerturatu ahala, berriz ere tenperaturek gora egingo dutela espero da.