ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Aurkako beste 800 alegazio jaso ditu Solariak goi tentsioko 100 kilometroko lineagatik

Zigoitia Bai elkarteak koordinatu ditu alegazioak. «Erasoaldi» gisa sailkatu dute Solariaren proiektua, eta nabarmendu dute «gabeziak» daudela enpresaren azterlanean.

Goi tentsioko linea bat Nafarroan. BERRIA
Goi tentsioko linea bat Nafarroan. BERRIA
inaut matauko rada
2025eko uztailaren 31
18:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Solariaren proiektua gustuko ez dutenak ondo aprobetxatzen ari dira alegazioak aurkezteko epea, eta oraingo honetan Zigoitia Baik jakinarazi du elkarteak berak egindako koordinazio lanen ostean 800 herri alegazio baino gehiago aurkeztu dituztela. Antza, elkarteak txosten tekniko «zabal» baten prestaketa koordinatu du; zehazki, Solariak Araban egin nahi duen Zierbena Solar 3 eguzki panelen parkeari eta goi tentsioko ehundik gora kilometroko lineari jarri dizkiote Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailean aurkeztu dituzten alegazioak.

Azaldu dutenez, Arabako «hainbat esparru profesionaletako kide nabarmenek» lagundu dute alegazioen txostena idazten, hala nola akademiako eta naturaren aldeko ekintzailetzako kideek. Txosten horretan, Solariak aurrez aurkeztu zuen ingurumen inpaktuaren azterlanaren «gabeziak, manipulazioak eta akatsak» zerrendatu dituzte 287 orrialdetan; bestalde, perituek egindako bost txosten ere badituztela nabarmendu dute.

Proiektuak eragingo dituen hainbat kalte azaleratu dituzte adituek: giza osasunean, ondarean, gizartean, ekonomian, paisaian, landaredian, faunan... Gainera, kaltetuek defentsarik ez dutela ere esan dute, «ez baitzaie onartu eskubidea zuten epea luzatzeko eskaera, espedienterako sarbidea ere ukatu baitzaie, eta goi tentsioko linea izapidetzeko onartu ere ez da egin, organo hori ez baita eskuduna», esan dute. Gainera, gehitu dute alegazioak aurkeztu dituzten elkarteek eskubidea izango dutela administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzeko.

Nabarmendu dute «Zigoitiko gizartearen batasunari eta ahalegin komunitario izugarriari» esker aurkeztu direla horrenbeste alegazio. Gainera, elkarteak uste du azpimarratzekoa dela proiektuarekiko aurkakotasuna ez dutela soilik norbanakoek adierazi, baizik baita udalerriko administrazio batzarrek, tokiko elkarteek, saltokiek eta bestelakoek ere.

Zigoititik kanpo ere bai

Solariaren proiektuek nolabait eragingo dieten beste udalerri eta eskualde batzuetan ere mugitu dira proiektuari alegazioak aurkezteko tarte honetan. Zigoitia Bai elkarteak bidalitako oharrean azaldu du ekainaren 17an izan zutela enpresaren proiektu berriaren berri, eta ordutik hona Zierbenako Udalak bost alegazio aurkeztu ditu, salatuz Solariak lege iruzurra egin duela; udalak ere, Zigoitia Baik egin bezala, nabarmendu zuen gabeziak dituela Solariaren ingurumen inpaktuaren adierazpenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.