Oporretako joan-etorriak direla medio, auto ilarak ohikoak izaten dira uda partean. Bada, aurten are ohikoak izan dira irudi horiek, aurreikusitakoa baino gehiago handitu baita trafikoa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetan. Joan den ekainaren 27an hasi zen Eusko Jaurlaritza udako joan-etorriak erregistratzen, eta, geroztik, dagoeneko bortz lagun hil dira errepideetan —iaz bi izan ziren—.
Eusko Jaurlaritzak udako trafiko kanpainaren balantzea egin du gaur. Estibaliz Olabarri Jaurlaritzako Trafiko Zuzendariak erran duenez, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik pasatzen diren auto gehienek Portugal eta Afrika iparraldea dute helmuga, eta urtetik urtera gero eta gehiago dira. Halere, zirkulazioa «arintasunez eta pilaketa edo gorabehera handirik gabe» doa.
Olabarrik esplikatu duenez, auto pilaketa nabarmenenak uztailaren hasieran izan ziren. Hilaren 11n, adibidez, Muskizen (Bizkaia) hamar kilometro bitarteko auto ilarak egon ziren. Gipuzkoan, berriz, hilaren 13an 11 kilometro inguruko auto ilarak egon ziren, Berastegi eta Villabona artean. Hilaren 19an izan zuten arazo gehien Araban: bi kilometro eta erdiko auto ilarak izan ziren A-1 errepidearen eta BN-622 errepidearen arteko lotunean.
Halere, ez dira horiek izan gorabehera handieneko egunak: uztaileko azken asteburuan eta abuztuko lehenbizikoan erregistratzen da trafiko gehien. Egun horietarako operazio bereziak antolatu dituztela erran du Olabarrik, «trafikoaren arintasuna eta errepideko segurtasuna» bermatze aldera.
Bortz hildako
Ekainaren 27an hasi ziren udako joan-etorriak erregistratzen, eta geroztik bortz lagun hil dira. Horietako bi motor gidariak ziren: 57 urteko emakume bat Bizkaian, eta 75 urteko gizon bat Gipuzkoan. Bizikletan zebilen 53 urteko gizon bat izan zen hirugarrena. Horrez gain, bi oinezko hil dira.
Trafiko arduradunek errepidean zuhur ibiltzea gomendatu dute, eta ohiko aholkuak zabaldu dituzte, besteak beste: errepidera atera aitzin, ibilgailuaren egoera ona baieztatzeko; alkohola eta bazkari astunak saihesteko, eta behar adina atseden hartzeko; eta zirkulazio arauak errespetatzeko, batik bat abiadurari eta autoen arteko distantziari lotutakoak.