Jaurlaritzaren aurrekontuak

Aurrekontuak ez negoziatzeko eskatu die Lakuntzak EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi

ELAko idazkari nagusiaren esanetan, "ezkerretik ekarpena" egitea "fikziozko politika" egitea litzateke. Ziurtatu du Jaurlaritzak "hiruko erreala" duela beharrezko zaionerako. Hau da, EAJren, PSEren eta PPren arteko aliantza.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, sindikatuaren ekitaldi batean. MONIKA DEL VALLE, FOKU
2019ko abuztuaren 17a
17:51
Entzun

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren iritziz, ez litzateke "sinesgarria" izango EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzari aurrekontuak onartzeko proposamen bat egitea "ezkerretik". Haren esanetan, argi dago Iñigo Urkulluren gobernuak aurkeztuko dituen aurrekontuak "murrizketak mantentzeko" izango direla, eta superabita lortzea izango duela helburu, diru hori zorra ordaintzera bideratzeko. Beraz, ezinezkoa izango da "herri honek dituen gizarte beharretan inbertitzea".

Jaurlaritzak oraindik aurrekontu proposamena aurkeztu ez badu ere, Lakuntzak ez du uste analisian urrunegi joan denik. Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzak gogorarazi ditu. Aurrekontuak "%96 erabakita" zeudela adierazi zuen. Horrez gain, azaldu du aurrekontuak defizitaren eta zorraren gastu arauak mugatuko dituela. Lakuntzak nabarmendu du arau hori Madrilekin adostu duela Urkulluk. "Ez da ezarritako zerbait, adostutakoa baizik". ELAko buruak gaineratu du Jaurlaritzak uko egin diola "diru bilketa handiagoa ahalbidetuko lukeen zerga erreforma" bati.

Elementu horiek kontuan hartuta, ezkerretik ezin daiteke proposamen sinesgarri bat aurkeztu, Lakuntzaren esanetan. "[EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek] badakite non dauden aurrekontuen mugak eta aurrekontuen zein ehunekori buruz utziko dieten hitz egiten".

ELAk "oposizio irmoagoa" egiteko eskatu die ezkerreko bi indarrei. Eusko Jaurlaritzari "gauzak errazegi" jartzea leporatu die. "Politikaren parte da oposizioa egitea eta jendeari arazoak non dauden azaltzea, alternatibak eta mobilizazioak proposatzea, herri honetan ezartzen diren eskuineko politikei aurre egiteko".  Lakuntzak ohartarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezartzen diren politika publikoak "biztanleriaren gehiengoaren interesen kontrakoak" direla "geroz eta gehiago".

"Hiruko erreala"

Lakuntzak ziurtzat jo du Jaurlaritza PPren babesaren bila ari dela, aurrekontuak onartzeko. Ez du zalantzarik PPk aurrekontuei bide emango diela azkenean, EAJren eta PPren artean "oso sakoneko" adostasunak daudelako, bere esanetan. ELAko idazkari nagusiak adierazi du Urkulluk, behar duenean, eskura duela "hiruko erreala, herri honetan funtzionatzen duena". EAJk, PSEk eta PPk "agenda partekatua" dutela adierazi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.