Azken hilabeteetan ohikoa gertatzen ari den moduan, euskal presoen kolektiboak hainbat bisita galdu dituzte martxoan ere.
Etxerat euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak atzo adierazi zuenez, bederatzi bisita galdu zituzten joan den hilean Espainiako Estatuko kartzeletan dauden hainbat presok. Etxerat-ek bidalitako prentsa ohar batek zioenez, kasu gehienetan miatzen uzteari uko egiteagatik eragotz zieten bisita, baina ez zen arrazoi bakarra izan.
Almeriako espetxean, esaterako, kartzela funtzionarioek hiru aurrez aurreko eragotzi zieten bisitan joandakoei, miaketen aurka agertzeagatik.
Castello II espetxean (Albocasser), berriz, Aitor Fresnedo presoaren senideei eragotzi zieten aurrez aurreko bisita, espetxezain baten arabera aurrez aurrekoa jakinarazi gabe zeukatelako, nahiz eta eskaera hilabete lehenago egina zeukaten.
Ocaña I espetxean lau bista eragotzi zieten espetxe funtzionarioek senideei. Aratz Gomez presoaren kasua izan zen horietako bat. Denetan arrazoi bera izan zen; senideek ez zuten onartu espetxezainek miatu zitzaten.
Iñaki Loizaga presoak ere bisita galdu zuen, Soriako espetxean. Espetxe funtzionarioek Loizagaren bikotekideari haren alaba miatzeko baimen eskaria sinarazi nahi izan zioten. Berak uko egin zion, ez zuen baimen eskaririk izenpetu eta aurrez aurreko bisita egitea eragotzi zieten espetxezainek.
Aurrez aurreko bederatzi bisita galdu dituzte euskal presoek martxoan
Etxerat-ek salatu du miaketei uko egiteagatik eragotzi zietela senide eta lagun presoak bisitatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu