«Liburu aurkezpen askotan izan naiz, baina gaurkoa bezain jendetsua... Inoiz ez dut horrelakorik ikusi». Garbiñe Ubeda Martxelo Otamendiren biografiaren egilearen hitzak dira. Gaur Tolosan (Gipuzkoa) berrehun bat lagun elkartu dira liburuaren aurkezpen ekitaldian. Nabari da tolosar kuttuna dela, euskal herritar kuttuna ere bai. Txikitako lagunak, abentura bidaideak, lan ibilbide luze eta oparoan harekin topo egindakoak, herrikideak, euskalgintzako ordezkariak, lankideak, lankide ohiak, ezagunak... Liburuaren lehen aurkezpena galdu nahi ez zutenek leporaino bete dute Zerkausia. Otamendiren anekdotak, oroitzapenak eta hausnarketak entzutera gerturatu dira, eta ordubete luze egon dira adi-adi entzuten.
Eta zer entzuna egon da, Martxelo Otamendik baduelako zer kontatua, eta kontatzeko eran ere badu xarma: harro, lotsarik gabe, natural, graziaz. Horrela aritu da bere bizitzaren gorabeherez, topaketez, baita bere damuez ere. Aitortu duenez, kasualitatez-edo iritsi da bere bizitzan egin dituen lanbide eta eginbide gehienetara: «Konstante bat da nire bizitzan: denari baietz esatearena. Nik baietz esaten dut, eta gero gerokoak». Eta geroko horiek berezkoa duen estiloaz zipriztindu ditu beti: «Ni beti handira». Garbiñe Ubedak bota dio galdera: «Telebistan zuzendari, gidoilari, aurkezle izan zara. Zein izan duzu gogokoen?». «Zuzendari, noski», erantzun du Martxelo Otamendik.
Arriskua hartzeko beldurrik ez du inoiz izan. Beti saiatzea da haren leloa. Filosofia horri itsu-itsu jarraitzen diola egiaztatzen duten hamaika anekdota kontatu ditu. Gaztetan jazotako bat, horren adibide. Tolosako euskaltegian izena eman zuen bere euskara hobetu nahian, eta handik oso gutxira euskaltegiko irakasle aritu zen. «Asteasura klaseak ematera joan nintzen, eta euskaraz nik baino hobeto egiten zuten ikasleak izan nituen. Behin arrepentitu esan nuen klasean, eta amaieran ikasle batek esan zidan 'Asteasun damutu esaten dugu'».

Oztopoak oztopo, atzera egitea ez da sekula haren izaeran egon. Euskaldunon Egunkaria-n zuzendari izateko proposamena egin ziotenean, telebistan aritua zen Otamendi, eta zera pentsatu zuen: «Baina ez dakit ezer prentsa idatziaz. Egunkari bat kontu serioa da». Dena dela, aurrera egin zuen, eta 30 urtez aritu zen zuzendari, Euskaldunon Egunkaria-n hasieran, eta BERRIA-n gero: «Erredakzioan denek zekiten nik baino gehiago. Zuzendari bekaduna izan nintzen». Lehenengo urtean nahiko isilik egon zela aitortu du, baina bigarren urtean betiko Martxelo itzuli zen.
«Erresistitu nintzen, baina...»
Biografiaren proposamena egin ziotenean ere, hasieran atzera egin zuen: «Erresistitu nintzen, baina Garbiñe Ubedak egingo zuela jakin nuenean, aurrera egin nuen». Txantxetan, edo ez, gogorarazi du Aleka bilduman bi biografia bakarrik argitaratu dituztela: Carlos Garaikoetxea lehendakariarena eta berea.
Ausardiaz hitz egin du Otamendik Zerkausiko taula gainetik. Gogoan edukitzeko moduko esaldi bat bota du: «Jende ausartak mugitzen du mundua». Ikastolen sorrera eta Everesten ikurrin bat jarri zutenekoa aipatu ditu. Ezinezkoak zirudien hori egitea, ero batzuk saiatu ziren arte. Eta bere ibilbidean ere filosofia horri esker lortutako mugarri batzuk nabarmendu ditu: Egunkariak-k Joko Olinpikoetan egon behar zuela buruan sartu zitzaionekoa, euskarazko prentsarako oso zailak ziruditen elkarrizketak lortzea... Harreman publikoak izan dira horiek lortzeko modua. Oinarritik hasita: «Zuzendari izendatu nindutenean, ohartu nintzen gure gizartearen parte handi batek ez zekiela euskaraz egunkari bat zegoenik ere. Nire lana hori izan zen. Proiektua ezagutaraztea». Eta, gainera, gustura jardun du lan horretan: «Oso ondo pasatu nuen zuzendari lanak egiten».
Bere ausardiak fruitua ematen zuen batzuetan: «Futbol zelaian nengoela, Quim Torra Kataluniako presidentearen ondoan eseri nintzen, eta elkarrizketa bat eskatu nion. Eta eman zigun». Beste batzuetan, ostean, alferrik egin zuen ahalegina. Iñaki Azkuna Bilboko alkate zenari ere eskatu zion San Mamesen bertan, baina «inoiz ez zigun eman». Edonola ere, Martxelo Otamendik eusten dio bere filosofiari: «Galdetu, deitu. Beharbada ezezkoa esango dizute, baina ez dadila izan ez zarelako saiatu».