Euskal presoak

"Ausardiaz" jokatzeko deia egin du Sarek, euskal presoak etxeratzeko

Eguerdian Iruñeko Oblatuen eta Santa Engrazia zubiak batu dituzte giza kate bat eginez. Presoen auzia konpontzeko, "ezberdinen arteko zubiak" eraikitzeko beharra nabarmendu dute.

Sarek Iruñean antolatutako gizakatea. JAGOBA MANTEROLA
Iker Tubia.
2019ko urriaren 5a
22:40
Entzun

Euskal preso eta iheslarien afera askatu gabeko korapilo gisa irudikatu du Sare plataformak. Askatu beharreko korapiloa, alegia. Hala, preso eta iheslaririk gabeko etorkizuna lortzeko, "ezberdinen arteko zubiak" eraikitzea "nahitaezkoa" dela esan du Mikel Mundiñano Nafarroako Sareko ordezkariak eguerdian Iruñean egindako giza katean. Horretarako, "ausardiaz" jokatzeko deia egin du: "Batzen gaituena aldentzen gaituenaren aurretik jartzen jakin behar dugu".

Sareren arabera, "aktibazio soziala" da Espainiaren "immobilismoa" gainditzeko modua. Bide horretan beste harri bat da eguerdiko giza katea. Peto urdina jantzita, 600 lagunek elkarri eskua eman diote Oblatuen eta Santa Engrazia zubiak elkartzeko. Ez da lan erraza izan, pazientziaz aritu dira zubi batetik bestera oharrak zabalduz. 12:30 aldera lortu dute katea osatzea, eta une horretan gutun azal bat pasatu diote elkarri, eskurik esku, kate osoa zeharkatu, eta abiapuntura ailegatu arte.

 

 

Santa Engrazia zubipera itzultzean zabaldu dute azalak biltzen zuen mezua. Julio Sotoren idatzi bat zuen gordea, zeinean nabarmentzen baitzen korapiloak askatzeko beharrezkoa dela soken bi muturretan direnak elkarrengana hurbiltzea.

 

 

Mundiñanoren hitzek eta Urko Milagroren kantuek itxi dute ekitaldia. Nafarroako Sareko ordezkariaren aburuz, presoen afera konpontzeko borondatea baizik ez da behar: "Zauriak itxi eta sufrimendu guziak amaitzen badugu, denak gara garaile. Auzolan erraldoi horretan parte hartzea dagokigu guztioi, zubiak eraikiz, konponbidearen, elkarbizitzaren eta preso zein iheslaririk gabeko Euskal Herri baten alde".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.