Autoak gidatzeko baimena 17 urterekin atera ahal izatea onartu du Europako Parlamentuak

Hala ere, gidariek adin nagusiko batek lagunduta joan beharko dute 18 urte izan arte. Neurriak B gidabaimenari eragingo dio, eta modua izango da kamioiak gidatzeko baimena 18 urterekin ateratzeko.

AUTOESKOLAK
Amezti autoeskolako ikasle bat eta irakasle bat, 2023an, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
inaut matauko rada
2025eko urriaren 22a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako Batasunak jaitsi egin nahi ditu gidabaimenak ateratzeko gutxieneko adin mugak, eta asmo hori aurrera doa, gaur Europako Parlamentuak ontzat jo baititu horretarako modua emango duten arauak. Europar Kontseiluko eta Europako Parlamentuko negoziatzaileak martxoan jarri ziren ados, eta hautetsiek gaur onartu dute hitzartutakoa. Hala, arauen tramitazioa amaitzean, herrialdeek hiru urteko epea izango dute neurri horiek beren araudian txertatzeko.

Autoak gidatzeko baimena (B baimena) ateratzeko adina 18 urtetik 17 urtera jaitsiko da; hori bai, 17 urteko gidariek adin nagusiko batek lagunduta joan beharko dute 18 urte bete arte. Baina beste baimen mota batzuetan ere izango dira aldaketak, EBko biztanleak gazteagotan bilakatu ahalko baitira gidari profesional. Kamioiak gidatzeko baimena (C baimena) 18 urte betetzean atera ahalko da aurrerantzean, eta autobusak gidatzekoa (D kategoriakoa), berriz, 21 urtetik aurrera; hala ere, gaitasun profesionalaren ziurtagiria eskuratu beharko dute gidabaimen horiek atera aurretik.

Gaur egun, Hego Euskal Herrian, kamioiak gidatzeko baimena ateratzeko gutxieneko adin estandarra 21 urte dira, baina, baldintza jakin batzuk beteta, posible da 18 urtetik aurrera ateratzea. Gauza bera gertatzen da autobusekin: normalean 24 urtetik aurrera atera daiteke ibilgailu horiek gidatzeko baimena, baina kasu batzuetan posible da 21 urtetan ateratzea. Ipar Euskal Herrian, berriz, autobusak gidatzeko baimena ateratzeko gutxieneko adina 21 urtetan ezarria dago jada, eta kamioi arinak giatzekoa 18 urterekin atera daiteke. Kamioi astunak, berriz, 21 urtetik aurrera gidatu daitezke.

Azaldu dutenez, neurri horien bidez modua egin nahi dute gazte gehiago has daitezen gidatzearekin lotutako lanetan: garraiolari,  autobus gidari, banatzaile... Izan ere, patronalek adierazi izan dute langileak falta direla lanbide horietako batzuetan, batez ere merkantzien garraioan.

Bestelako neurriak

Horrez gain, onartu dute Europako Batasuneko herrialde batek bere herritar bati gidabaimena kentzen badio —drogen eraginpean gidatzeagatik, adibidez— gidatzeko debekua 27 herrialdeetan aplikatzea. Neurri hori aplikatzeko, estatuek elkarren artean informazio gehiago trukatu beharko dute, eta azkarrago.

Gainera, legea indarrean sartzean, orain arte jorratzen ez ziren gai batzuk jorratuko dira gidabaimena eskuratzeko azterketetan. Batzuek teknologien garapenarekin dute zerikusia: angelu hilen arriskuari buruzko edukiak landuko dira, baita gidariari laguntzeko sistemei, ateak irekitzeko modu seguruari eta sakelako telefonoa erabiltzearen arriskuei buruzkoak ere. Bestalde, zirkulazioan zaurgarrienak diren horien segurtasunean ere sakonduko da: txirrindulariak, oinezkoak, umeak...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.