1985eko azaroaren hondarrean Donostiako Udaleko autobus batek milaka donostiarren arreta piztu zuen. Ez zen hiriko beste autobusen desberdina, baina gidariaren ateko aldean pankarta bat zeraman zintzilik: «Hemen ez dago gidaria; non dago?». Milaka euskal herritarren ezinegona eta kezka islatzen zuen galdera zeraman autobus hark. Falta zen gidaria Mikel Zabalza zen, egun batzuk lehenago Guardia Zibilak atxilotutako autobus gidaria alegia; Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten, eta ordutik ez zen haren berri.
Guardia Zibilak atxilotu, torturatu eta hil zuen Zabalza, eta hilketa haren berrogeigarren urteurrena gogoratzeko eta justizia eskatzeko erakusketa ibiltari bat abiarazi dute gaur, orduko udal autobus haren erreplika batean, hain zuzen. Donostian hasita, abenduaren 14ra arte Euskal Herriko zenbait herri eta hiritan izango da autobusa, eta berriro Donostiako Bulebarrean amaituko du ibilbidea.
Zabalzaren Dbuseko lankide ohiek, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor-ek antolatu dute memoria ekitaldia. Orain gutxi arte zerbitzua ematen ibili den autobus bat atondu dute lankide ohiek, biniloa baliatuta 80ko hamarkadako autobusaren itxura emateko. Barruan panelak jarri dituzte: Zabalzaren atxiloketa, Bidasoa ibaian azaldu zeneko egunak... Harekin egindako krudelkeria eta gerora zabaldutako gezur ofiziala azaltzen dituzte panelek barruan, orduko argazki ugari eta testuak erabilita.
Galindo eta mugalariak
Zabalza 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuten Donostian guardia zibilek, gaur 40 urte, beste hiru lagunekin batera —Idoia Aierbe bikotekidea, Manuel Bizkai lehengusua eta Ion Arretxe errenteriarra—; Orbaizeta jaioterrian (Nafarroan), berriz, haren beste bi anaia atxilotu zituzten. Guztiek salatu zuten bortizki torturatu zituztela Intxaurrondoko kuartelean. Handik zortzi egunera, aske utzi zituzten, baina Zabalza ez zen agertu. Guardia Zibilak azaldu zuen Zabalzak ihes egin ziela Bidasoa ibaian, Endarlatsa aldean. Gurutze Gorriak goitik behera miatu zuen ingurua, eta ez zuen topatu. Hogei egun geroago, ordea, Guardia Zibilak aurkitu zuen hilotza, eskuburdinak zituela.
«Lasa eta Zabala hil zituztenek hil zuten Zabalza ere, Galindoren ondo-ondokoek, eta horiek ezarritako egia judiziala indarrean da oraindik ere»
IÑAKI EGAÑA Historialaria
«[Enrique Rodriguez] Galindo mugalariekin obsesionaturik zegoen, eta Zabalza mugalaritzat jo zuen», azaldu du Iñaki Egaña historialariak. Bihar hitzaldia emango du Egañak, hain zuzen Zabalzaren erakusketaren harira. «Egun batzuk lehenago Luis Moles auzi medikuari lehergailu bat jarri zioten autoan, baina bizirik atera zen; Intxaurrondon egiten ziren torturen inguruan ikertzen ari zen, eta haren aurka jo zuten. Atentatu hori Galindoren taldearena izan zen; tortura kasu bati buruzko epaiketa batean mehatxua egina zioten aurrez Molesi».

Egañak dio Hegoaldeko eta Iparraldeko mugak gurutzatzeko espezialisten pasabideen mapaz «josia» zuela langela Galindok, eta mugalariek torturarik bortitzenak jasaten zituztela. Zabalzak, ELAko afiliatua bera, ez zuen ETArekin loturarik, baina horrek ez zuen garrantzirik izan Intxaurrondon torturatu eta hil zutenentzat. «Hilabete batzuk lehenago beste pertsona bat atxilotu zuten Nafarroan, ustez mugalari lanak egiteatik, Pascual Iturri, eta basatiki torturatu zuten hura ere», kontatu du Egañak. Testuinguru horretan gertatu zen Zabalza auzia.
Zabalzaren heriotzaren bertsio ofial sinestezina Galindok Espainiako Gobernua «mendean» zuelako iritsi zen, Egañaren arabera; inpunitatea erabatekoa zela uste du, eta gauzak gertatu ahala urratsak egiten joan zela Guardia Zibila, ahal bezala. «Endarlatsa inguruan egin zutenaren lekukoak egon ziren, eta horietako bat, ehiztari bat, inpuntatu egin zuten, isilik egongo zela bermatzeko. Ez zuten aukera askorik. Lasa eta Zabalarekin egin bezala, gorpua desagerrarazi behar zuten? Bi urte lehenago izan zen eurena, eta begira nola atera zitzaien. Lasa eta Zabala hil zituztenek hil zuten Zabalza ere, Galindoren ondo-ondokoek, eta horiek ezarritako egia judiziala indarrean da oraindik ere, nahiz eta Hegoaldeko gobernuek biktimaren aitortza egin dioten Zabalzari».
Donostiako alkatea
Mikel Zabalzari gertatutakoaren memoria oso presente izan da ordutik Euskal Herrian, eta, 40. urteurrena probesturik, martxan jarri dute autobus bira.  «Mikel desagertua egon zen hogei egun horiek gogora ekarri nahi ditugu, bai eta berrogei urte hauetako borroka eta herri memoria nabarmendu ere», azaldu dute egitasmoko eledunek. Autobus biraren «lehen hanka» da hori, azaldu dutenez. «Bigarren hanka zera da, egia osoaren eta erantzukizunaren aldarria egitea».
«Geure esku dauden baliabideak jarriko ditugu hau ezagutarazteko, konplexurik gabe: Donostiako Udala familiaren alboan egongo da»
JON INSAUSTI Donostiako alkatea
Donostiako Udaleko ordezkaritza sendo bat egon da autobusaren aurkezpenean. Jon Insausti alkatea solasean aritu da Zabalzaren arrebekin eta beste senitarteko batzuekin. «Erakusketa honekin, kontzientzia sortu eta arreta deitu nahi digu», esan du: «Autobus honetan sartuta, Mikelen istorio tragikoan murgiltzeko aukera dugu, zoritxarrez argitu gabe dagoen horretan. Dagokionari argia eskatzeko da hau, hain zuzen, erantzunik gabeko galdera asko baitaude oraindik, eta familiak bakea eta lasaitasuna merezi baitu».
Erakusketa egiteko erabili duten autobusa Donostiako Udalarena da, eta Insaustik argi utzi nahi izan du Zabalza Donostiako Udaleko langilea zela, «zerbitzari publikoa», eta udalari dagokiola Zabalza aitortzea «udal zerbitzari gisa». «Geure esku dauden baliabideak jarriko ditugu hori dena ezagutarazteko. Orain, keinu hau tokatzen bada, hori egingo da, eta gehiago egin behar badira, hala egingo dira, konplexurik gabe: Donostiako Udala familiaren alboan egongo da». Juan Karlos Izagirre EH Bilduko eleduna ere familiarekin egon da solasean.
Gidaria eta erreplika
1985ean pankartadun autobus hura gidatu zuen langile ohia ere erakusketan egon da: Alejandro Zabalza, Mikelen lehengusua. «Goitik behera itota geunden ezinegonagatik, eta hura guztia ateratzeko modua izan zen» esan du, gidatu zuen autobusaren erreplikaren alboan. Oroitzapenak piztu zaizkio autobus urdin horren ondoan. «Orduko gobernu zibilaren egoitzara arte eraman genuen, eta han altoa eman ziguten». Mendian ibili ziren haren bila, eta, ibaian azaldu zenean, «dena bukatu zen», erantsi du: «Oso tristea izan zen».
Hegoaldeko administrazioek estatuaren biktima gisa aitortu dute Zabalza, baina berrogei urteren ondoren «kontakizun osoa azaleratzeko galdera asko erantzunik gabe» daude. Erakusketaren antolatzaileek eskatu dute «egia, justizia eta erreparazioa» lortzeko «oinarrizko galderei erantzuteko konpromisoak» hartzea.