Autodefentsa feministaren aldarria kalera eramateko manifestaziora deitu dute Iruñean

Urtero moduan, uztailaren 4an 23:00etan manifestazioa eginen dute Iruñean, Baratxurien plazatik abiatuta.

Feministek iaz egin zuten manifestazioa, uztailaren 4an. BERRIA
Feministek iaz egin zuten manifestazioa, uztailaren 4an. BERRIA
Isabel Jaurena.
2026ko ekainaren 25a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bukatu dira pedagogia, kulpak, pazientzia eta azalpenak. Bukatu dira justifikazioak, beldurrak eta gurekiko kontrola. Sistema iraultzeko subjektu politiko aktibo izatera derrigortzen gaituzue, eta ez izan zalantzarik, aktiboki eta kolektiboki erantzutera goaz». Aurten ere kalera aterako dira feministak sanferminen bezperan, Iruñean. Gizonak interpelatu eta autodefentsa feministaren aldarriak kalera eramateko manifestazioa eginen dute uztailaren 4an, 23:00etan, Baratxurien plazatik. 

Ohar bidez esplikatu dutenez, Matxirulo, el que sobra eres tú; Feministok gozatzera etorri gara lelopean eginen dute manifestazioa. «Sanferminak datoz, eta bederatzi egunetan zehar, desfasearen izenean, denak balio duela uste duzue. Ba, argi diogu ezetz. Feministok antolatuta gaude, eta aurten zuen inpunitatea amaiaraziko dugu», adierazi dute.

Gizonengan jarri dute arreta, eta erran horiek direla «sobera» daudenak: «Zuek eta zuen jarrera baboso eta matxiruloak. Ez dugu zalantzarik». Horiei aurre egiteko prest daudela berretsi dute, eta feministak espazioak hartuko dituztela azpimarratu, «gozatzeko» gogoa dutelako, «egunez zein gauez». «Eta bai, horretarako, baditugu aski aliantza gure artean, zuek beldurra sentitzerainoko aliantzak. Ikasturtean zehar eraiki eta sendotu ditugun aliantza feministak», borobildu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA