«Autogobernatzeko gaitasuna» eskatu dute Iruñean, alkateak buru izan dituen elkarretaratzean

Nafarroaren autogobernuaren aldeko elkarretaratzea egin dute ‘Nafarroa defendatu’ agiriaren sinatzaileak. Nafarroako 122 alkatek sinatu dute agiria.

Nafarroaren autogobernuaren alde antolatutako elkarretaratzea. AITOR KARASATORRE / FOKU
Nafarroaren autogobernuaren alde antolatutako elkarretaratzea, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2024ko martxoaren 2a
19:40
Entzun

«Nafarroarentzat errespetua eta autogobernatzeko gaitasuna» eskatu dituzte elkarretaratze batean gaur, Iruñean. Nafarroa defendatu manifestuaren bultzatzaileek egin dute deialdia, eta dozenaka lagun elkartu dira Iruñeko Sarasate pasealekuan. Han izan dira, besteak beste, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Ana Ollo eta Jose Maria Aierdi foru gobernuko kontseilariak, Xabier Alkuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentea, Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Bel Pozueta EH Bilduko diputatua eta Uxue Barkos Geroa Baiko senatari autonomikoa.

Otsailaren 15ean Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen trafiko eskumena Nafarroaren esku uzteko dekretua; izan ere, epaileen ustez, Foru Hobekuntzak ez du jasotzen Guardia Zibileko trafiko agenteek lurraldean betetzen duten funtzioa. Nafarroako trafiko eskumenei erreparatuta ondorioztatu dute eskumena Guardia Zibilarena izan dela. Trafiko eskumena txertatzeko, Foru Hobekuntza erreformatu beharko litzateke, edo eskualdaketari bide emango liokeen lege organiko bat onartu Espainiako Gorteetan. Horri erantzuteko batu ziren alkateak. Denetara 122 alkatek sinatu zuten Nafarroako autogobernua errespetatzearen aldeko agiria: Nafarroa defendatu. Agiriarekin bat egitera deitu dituzte lurraldeko gainontzeko alkateak.

Euritakoen artean irakurri dute manifestua Berta Arizkun Burlatako alkateak –euskaraz– eta Alfredo Agos Torres del Rioko alkateak –gazteleraz–. «Balioa ematen diogu epai horrek sortutako egoerari irtenbide eraginkorra emateko beharrezkoak diren lege formulak bilatzeari, Nafarroako erakundeen eginkizun nagusiaren bitartez. Baina horrek ez du salbuesten epai honek dakarrenaren kritika egitetik», esan du Arizkunek.

Trafiko eskumena garrantzi handikoa da Nafarroan, sektore batzuetan duen eraginarengatik batez ere, eta, horren ondorioz, Nafarroako eta Espainiako gobernuek trafiko eskumena Nafarroari itzultzea hitzartu zuten iaz. Errepideen zaintza Nafarroaren esku egon da urte luzez, 1960ko hamarkadan izan ezik, erregimen frankistak kendu egin baitzion funtzio hori, eta zentralizatu.

Nafarroa defendatu agiria sinatu dutenen artean hainbat herritako alkateak daude: Iruñea, Altsasu, Baztan, Bera, Burlata, Izaba, Leitza, Tafalla, Urrotz... Auzitegi Gorenaren epaia Nafarroako gehiengoaren borondate politikoaren aurkako erasotzat jo du Arizkunek, eta salatu hartutako erabakiak zuzenean eragiten diola Nafarroak politika publikoak garatzeko duen gaitasunari.

Erantzuna epaiari

Auzitegi Gorenaren epaia «Nafarroaren eskubide historikoen eta autogobernuaren aurkako erasoa» ere badela gehitu du Agosek. Sinatzaileek agirian adierazi dutenez, eskubide horiek «ezin dira nafarren borondate politiko demokratikotik kanpoko tresnen menpe egon», ebazpenak birzentralizatze politikei erantzuten dielako.

Arizkunek azaldu duenez, ez da autogobernuari eraso egiten zaion lehendabiziko aldia, baina, oraingoan, irmo erantzun beharra dagoela esan du alkateak, ez dadin halakorik gertatu berriro: «Auzitegi Gorenaren epaiak garrantzi politiko handia du, eta argi eta garbi diogu ez gaudela ados. Nafarroaren borondate politikoaren, haren erakundeen eta foruen eta autogobernu esparruaren aurkako erasotzat jotzen dugu».

Auzitegi Gorenaren epaia Nafarroako gehiengoaren borondate politikoaren aurkako erasotzat jo du Arizkunek, eta salatu hartutako erabakiak zuzenean eragiten diola Nafarroak politika publikoak garatzeko duen gaitasunari.

Epaiaren ondorioz Nafarroak politika publikoak garatzeko duen gaitasuna jokoan dagoela azpimarratu dute elkarretaratzean, eta, horregatik, aurrerapauso bat eman dute gaur, Sarasateko pasalekuan. Foruen Monumentua dago han: XIX. mendearen amaieran egin zen, foruen eta orduko erabakimenaren defentsan eta herri protesta zabalaren omenez. Arizkun: «Nafarroarekiko errespetua eta autogobernatzeko gaitasuna aldarrikatzen ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.