Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Autokritika, ñabardurekin

Iñigo Urkulluk eta haren sailburuek azalpenak eman dituzte Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean. Kudeaketan «okerrak» onartu arren, «garden» aritu direla esan dute denek

Agerraldia. Iñigo Urkullu lehendakaria, aldamenean lau sailburuak dituela, Diputazio Iraunkorrean egindako agerraldian, atzo, Gasteizen. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE.
gotzon hermosilla
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun

Iñigo Urkullu lehendakariak eta haren gobernuko lau sailburuk —Estefania Beltran de Heredia Segurtasunekoak, Iñaki Arriola Ingurumenekoak, Nekane Murga Osasun Sailekoak eta Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia Sailekoak— agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) gertaturiko hondamendiaren nondik norakoak azaltzeko. Aurretik eman zituzten azalpenen tonuan egon da aldaketarik, Urkullurenean batez ere: «okerrak» egon daitezkeela onartu, eta «autokritikaz» hitz egin du lehendakariak. Baina, funtsean, eutsi egin diote orain arteko bertsioari: hasiera-hasieratik «modu koordinatuan» lan egin dute, «gardentasunez» aritu dira, Verter Recycling 2002 enpresaren zabortegiari beharrezkoak ziren kontrol guztiak egin zizkioten, eta herritarrentzat ez dago «osasun arriskurik». Urkulluren hitzaldi osoa irakur daiteke dokumentu honetan.

Irakurri gehiago: Sinesgarritasunik ez edukitzea egotzi dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari.

DESAGERTUTAKO LANGILEAK
«Enpatia falta» eduki izana ukatu du Urkulluk

Urkulluk eta haren sailburuek, bereziki Estefania Beltran de Herediak, berretsi dute Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran aurkitzea «erabateko lehentasun» izan dela, eta «hasiera-hasieratik» aritu direla horretan, baina bilatze lanetan aritzen direnen segurtasuna ere «bermatu» egin behar izan dutela. Urkulluk esan du «hasiera-hasieratik» oso gertutik erreparatu diotela teknikariek desagertutakoen senitartekoekin izandako harremana, nahiz eta onartu duen bera ez zela haiekin aurrez aurre elkartu otsailaren 12ra arte, ezbeharra gertatu eta sei egunera arte.

Hori dela eta, «enpatia falta» egotzi diote lehendakariari azken egunotan. Urkulluk esan du «autokritika» egiten duela norbaitek interpretazio hori egin badu, baina bere burua defendatu du akusazio hori entzunda. Esan du lehenengo egunetan ez zela Zaldibarrera joan, «zuhur» jokatu nahi izan zuelako: «Garrantzi handiagoa eman diot egiteari, esateari baino». Pentsatu zuen azalpenek sinesgarritasun handiagoa izango zutela teknikariek ematen bazituzten, politikariek eman beharrean: «Ondorioak ikusita, orain zalantzan jartzen dut hori».

Antzeko zerbait esan du senitartekoekin izandako harremanez: azaldu duenez, senideekin bildu zen haiei emateko moduko «informazio fidagarria eta esanguratsua» izan zuenean, eta ez lehenago. «Biharamunean edo hurrengo egunetan senideengana jo izan banu, ganorazko informazioa eduki gabe, beharbada bete ezingo nuen zerbait aginduko nien. Eta nik ez nuen horrelakorik nahi».

ZABORTEGIAREN EGOERA
Irregulartasunak, «munta txikikoak»

Batez ere Ingurumen sailburu Iñaki Arriolari egokitu zaio horren inguruko azalpenak ematea. Orain arteko mezuari eutsi dio: administrazioak beharrezkoak ziren kontrol guztiak egin zizkion Verter Recycling 2002 enpresari, eta ikuskatze horietako batean irregulartasunak atzeman zituzten, baina denak «munta txikikoak», eta zabortegiaren egonkortasunarekin «inolako harremanik» ez zutenak.

Kontakizun kronologikoa egin du Arriolak, zabortegia egin zen garaitik abiatuta. Azken egunotan zenbait hedabidetan agertutako informazioen arabera, Verter Recycling 2002 enpresak aldatu egin zuen hasierako egitasmoa zabortegia eraikitzen hasi zenean. Arriolak baieztatu egin du datu hori, baina esan du aldaketak ez zirela «esanguratsuak» izan, eta enpresak aldaketa horien berri eman ziola administrazioari.

Zabortegiak izandako ikuskatzeak ere azaldu ditu Arriolak. Esan duenez, 2014an egindakoan ondorioztatu zuten Zaldibarkoa « hondakindegirik onenetan bigarrena» zela, adierazle guztiak aintzat hartuta. Beste zenbaitetan, ordea, akatsak aurkitu zituzten, baina «arinak» ziren, eta enpresak konpondu zituen.

Xeheago azaldu ditu 2019an egindako azken ikuskatzearen emaitzak. Horretan, 23 «desbideratze» topatu zituzten. «Kuantitatiboki, kopuru handia da, baina, kualitatiboki, ez ziren larriak», esan du sailburuak: «Ez zegoen inolako aztarnarik pentsatzeko zabortegiak egonkortasun arazoak zituela, eta are gutxiago gertatu zen lur jausia gerta zitekeela».

Hala ere, eta Arriolak esan duenez, 2017an eta 2018an egindako ikuskatzeetan lur mugimenduak atzeman zituzten. Lur mugimendu horiek «horizontalak» ziren, eta «esanguratsu samarrak», nahiz eta 2018koan lur mugimendu horien abiada «moteltzen» ari zela detektatu. 2019ko ikuskatzeetan ez da horrelakorik aipatzen. «Pentsatzekoa da lur jausiak egoteko arriskurik txikiena ere atzeman izan balute, txostenean jasota geldituko zatekeela», esan du Arriolak.

AMIANTOA
Lehenengo orduetako jardueraz zalantzak

Jaurlaritzak abian jarritako operatiboaren puntu ilunetako bat izan da zergatik ezbeharraren berri izan eta berehala bertaratu ziren ertzain, suhiltzaile eta larrialdietako zerbitzuetako kideek ez zuten erabili amiantoaren kontrako babes egokirik. Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak esandakoaren arabera, enpresarekin izan zituzten lehenengo kontaktuetan, inork ez zien esan «amiantoa zuten eraikuntza materialak zeudenik». Gainera, hara joan ziren teknikariek ikusi zuten sarreran «arriskutsuak ez diren hondakinetarako zabortegia» idatzia zuen kartel bat ageri zela, baina amiantoaren inguruko aipamenik ez zegoela.

Gauerdi aldean izan zuten horren berri, Osalan laneko segurtasun eta osasunerako erakundearen zuzendariaren bidez. Baina, Beltran de Herediaren arabera, Osalanek langile batek esanda jakin zuen zabortegian amiantoa ere gordetzen zutela. Oposizioaren ustez, horrek erakusten du zerbaitek huts egin duela operatiboan parte hartu zuten eragileen arteko koordinazioan.

Lan eta Justizia sailburu Maria Jesus San Josek bere hitzaldian ez du auzia argitu —haren sailaren menpekoa da Osalan zerbitzua—. San Josek esan du amiantoarekin kontaktuan eta babes egokirik gabe lan egin duten guztiak zerrenda batean sartuko dituztela, eta bi taldetan banatuko dituztela, izan dezaketen arriskuaren arabera.

KUTSADURA
«Alerta egoerarik» ez dago

Ur eta aire kontrolen arabera osasunerako arriskurik ez zegoela esanez astebete egin ondoren, dioxina eta furano maila handia topatu izanak aztoratu egin ditu inguruetako herrietako biztanleak. Osasun sailburu Nekane Murgak esan duenez, hilaren 8an erabaki zuten dioxina eta furano analisiak ere egitea, hondakindegian sutea zegoela ikusita eta «ahalik eta zorrotzen izan nahian».

Murgak azaldu du analisi horiek «konplexuak» direla, eta oso gutxi direla horiek egiteko gauza diren laborategiak. Azkenean, Espainiako CSIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak Madrilen duen laborategira igorri zituzten laginak.

Murgak nabarmendu du gutxienez lauzpabost egun behar direla emaitzak ezagutzeko. Hilaren 14an iritsi ziren, eta, jakin bezain pronto, emaitza horiek ezagutaraztea erabaki zuten.

Datuak txarrak ziren —ohikoak baino 40-50 aldiz handiagoak ziren dioxina eta furano mailak—, baina, hala ere, Murgak uste du ez dagoela «alerta egoerarik»: «Tarte labur batean dioxina eta furano maila horiekin kontaktuan egoteak ez dakar osasunerako arriskurik». Datu berriak bihar jasoko dituzte, eta, esan duenez, horiek ezagututakoan «garden eta zorrotz» jokatuko dute, «orain arte bezala».

OPOSIZIOARI KRITIKAK
«Aurkari politikoa higatzeko presa»

Lehendakariak eta sailburuek EAJ eta PSE-EEren eledunen esku utzi dute oposizioa kritikatzeko lana, auzi honetaz hartu duten jarrera dela eta, baina Urkulluk aipamen batzuk egin ditu. Esan duenez, «horrelako egoera batean, egin daiteke beldurrak astindu, edo aurkari politikoa higatzeko presa astindu, baldin eta hau erabilpen politikorako gaitzat hartzen bada. Egin daiteke, jakina. Ikusten ari gara».

«Horrelako ezbehar bat gertatzen denean, bi alternatiba daude: batasuna eta zatiketa», adierazi du Urkulluk, eta erantsi du berak «batasunaren alde» egiten duela. Berdin egiteko eskatu die gainerako indar politikoei.

Joseba Egibar EAJren eledunak egindako galdera bati erantzunez, Urkulluk esan du oposizioko indar politiko bakar bat ere ez dela harengana joan elkartasuna adierazi edo laguntza eskaintzeko. Oposizioko eledunek gezurtatu egin dute hori, eta laguntza bilatu ez izana leporatu diote lehendakariari, baina Urkulluk eutsi egin dio esandakoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.