Bateragune auzian epaitzen ari diren ezker abertzaleko zortzi kideak absolbitzeko exijitu dute ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek. «Ideia politikoengatik» auzipetu dituztela salatu dute sindikatu horiek, eta gisa horretako auziek egungo agertokian «tokirik ez» dutela nabarmendu dute. «Jarduera politikoa ezin daiteke inolaz ere prozesatu eta atxilotzeko arrazoi izan sistema demokratiko batean. Horregatik, auzi judizial hau pairatzen ari direnei gure elkartasuna eta babesa erakutsi nahi diegu», adierazi dute komunikabideei bidalitako ohar batean. Halaber, sindikatuek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan gaur 12:00etan elkarretaratzea egingo dute. Bilbon, Moiua plazan bilduko dira; Donostian, Bulebarrean; Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan, eta Iruñean, Udaletxeko plazan.
Gehiengo sindikalaren arabera, Bateragune auzia «gertakari bereziki larria» da eta «lekuz kanpo» dago. «Are gehiago atxilotutako pertsonak gatazka hau gainditzeko ibili direlako laneaneuren jardun politikoan», nabarmendu du.
Euskal gehiengo sindikalakuste du egungo testuinguru politikoan beharrezkoa dela «estatuaren jarduerak ardaztu dituzten errepresio eta Justiziaren instrumentalizazio estrategiak gainditzea». Horrekin batera, euskal gizartearen adierazpen eta parte hartze politikorako eskubideak babestuko dituzten «normalizazio politikorako bideak» sendotu behar direla uste du.
Oharrean nabarmendu dutenez, euskal gehiengo sindikalak «egoera honetan ez du ezer egin gabe geratu nahi», eta euskal gatazkaren konponbide demokratikoarekiko konpromisoa adierazteko egingo diren ekimenetan parte hartuko duela nabarmendu du.
Horien artean dago Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak Donostiako Zuloaga plazan antolatutako Aske Gunea. Larunbatera arte han izango dira Bateragune auziari buruzko informazioa banatzen eta beste hainbat ekitaldi antolatzen. Gaur, adibidez, Gorka Espiauren Euri lehorra dokumentala emango dute 17:00etan.
Manifestazioa nazionala
Bihar, berriz, manifestazio nazionala egingo da Donostian, Epaiketa politikorik ez, aterabideak aurrera leloarekin. Antiguako tuneletik abiatuko da martxa, 17:30ean. Besteak beste, Gernikako Akordioa sinatu duten eragileek eta hirurogeitik gora pertsona ezagunek babestu dute ekimena.
Atxikimendua eman duten herritarren artean daude EAJ, EA eta ezker abertzaleko hainbat buruzagi historiko; besteak beste, Xabier Arzalluz, Iñaki Zarraoa eta Ramon Labaien jeltzaleak; EAko Carlos Garaikoetxea, Unai Ziarreta, Rafa Larreina eta Angeles Iztueta. Ezker abertzaleko Tasio Erkizia eta Itziar Aizpurua; Ezker Batuko Javier Madrazo; ELAko Jose Elorrieta. Haiekin batera beste hainbat pertsona ezagun agertu dira manifestazioaren alde, tartean Bernardo Atxaga, Iñaki Perurena, Joxe Azurmendi eta Maialen Lujanbio. Herrialde Katalanetako Josep Lluis Carod-Rovirak, Toni Strubellek, August Gil Matamalak eta Vicent Partalek ere babestu dute ekimena.
Ebazpen proposamena
Batzar Nagusiek Bateragune auziaren aurkako jarrera azal dezaten ebazpen proposamen bat aurkeztu du Aralarrek. Batzarkide taldeak ezker abertzaleko kideen kontra egiten ari diren epaiketa politikoa dela nabarmendu du, auzipetu guztiak askatzeko eskatu eta dei egin dio Espainiako Estatuari epaiketa politikoak bertan behera utz ditzan. Horretaz gain, Batzar Nagusiek bakea eta normalizazio politikoa sustatzeko konpromisoa har dezatela eskatu du Aralarrek.
'Bateragune auzia'. Epaiketa
Auzipetuak absolbitzeko eskatu du Euskal Herriko gehiengo sindikalak
«Epaiketa politikoen» aurka, kontzentrazioak egingo dituzte gaur eguerdian Hego Euskal Herriko hiriburuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu