MEATZARITZA

Auzitara eraman dute Eugiko meategia handitzeko proiektua

Erdiz Bizirik-ek eta Sustrai Erakuntzak iaz aurkeztutako gora jotzeko helegitea baztertu du Nafarroako Gobernuak, eta horregatik jo dute auzitara.

magna
Magnaren kontrako protesta bat, Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Industria departamentuaren atarian. IÑIGO URIZ / FOKU
inaut matauko rada
2025eko abenduaren 18a
20:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Magnak (Magnesitas de Navarra) Eugiko meategia hedatzeko asmoa du, eta proiektu hori egiteko baimena auzitara eraman dute Erdiz Bizirik-ek eta Sustrai Erakuntza fundazioak. Nafarroako Gobernuak 2024ko abuztuaren 22an eman zion baimena Magnari, eta, orduan, urriaren 28an, gora jotzeko helegitea aurkeztu zioten Nafarroako Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari. Orain, berriz, auzitara eraman dute kasua, baztertu egin baitute iazko helegite hori.

Gaur aurkeztu dute urrats berria, Baztango gaztetxearen atarian, Elizondon (Nafarroa). Bi taldeek azaldu dutenez, «herritarren nahiei entzungor eginez» eman zion baimena Nafarroako Gobernuak Magnari, eta uste dute eredu bat izan daitekeela antzeko proiektuentzat. Adibidez, Erdizko bazkalekuan Magnak egin nahi duen meategiarentzat. Hain zuzen, Erdiz Bizirik plataforma proiektu horri aurre egiteko jaio zen.

Salatzaileek uste dutenez, Eugiko meategiaren hedatze proiektuak —baita Erdizkoak ere— ez ditu betetzen ez ingurumena babesteko neurriak ez ura babestekoak. Horrez gain, tankera horietako proiektuak bultzatzen dituzten enpresa pribatuen interesak defendatzea egotzi diote Nafarroako Gobernuari. Hori dela eta, argi utzi nahi izan dute aipatutako bi meategi proiektuak eta inguruko bizimodua «ez direla bateragarriak»: «Hortaz, proiektuaren tramitazioa gelditzeko eskatzen diegu instituzioei. Ez dugu etsiko: ez dugu utziko Nafarroan gelditzen diren herri lurrak, gure etorkizuna sostengatzeko beharrezkoak, multinazionalei oparitzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.