Auzitara eraman nahi dute Baztango Udala, euskararen ordenantzagatik

Nafarroako Arartekoak kexa bat jaso du Hizkuntza Askatasunaren Aldeko Espainiako Elkartetik

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baztango Udala auzitara eraman nahi du Hizkuntza Askatasunaren Aldeko Espainiako Elkarte Nazionalak. Arrangura erakutsi du talde horrek, bere ustez Baztango Udala euskara «ezartzeko» neurriak hartzen ari delako. Bilduk du egun alkatetza Nafarroako udalerri horretan, eta, salaketa egiten ari den elkartearen arabera, legea «etengabe» hausten ari da koalizio hori. Izan ere, gaztelania bizitza publikotik guztiz «kanporatzeko» udal ordenantza onartzea egozten dio talde abertzaleari. Nolanahi ere, ordenantza hori aurreko legealdian onartu zen, NaBaik alkatetza zuen sasoian, hain justu. Horrelakoei erreparatu gabe, ordea, testu horren kontrako jarrera irmoa dute gaztelaniaren defentsan ari den taldeko ordezkariek. «Auzitara joko dugu». Horretarako dirua biltzen aritu direla jakinarazi dute, eta aski baliabide eskuratzen ari direla. «Epaitegietan aurre egingo diegu gizarte eredu elebakarra nahi duten horiei», azaldu dute.

Auzitara jotzeko asmoa agerian uzteaz gain, Nafarroako Arartekoarenean ere kexa jarri dute. Ondoeza erakutsi diote ordenantzan euskararen alde egiten delako.

Idazkari lanpostua

Administrazioan Euskaraz taldeak poza azaldu zuen, iragan ekainean, ordenantza berri honengatik. Idatzitakoa konplitzeko «borondaterik» gabe, ordea, ez zela aski izango ohartarazi zuen. Adibidez, Baztanen, kargua utzi baino bi egun lehenago Nafarroa Baiko alkateak idazkari postua behin-behinean betetzeko deialdia atera zuela salatu zuten, eta euskaraz jakitea ez zuela eskatu. Meritu moduan soilik %2 puntuatu zuela azaldu zuten. «Horrela, euskara lan hizkuntza bihurtzeko helburua duen euskararen ordenantzak sinesgarritasuna galtzen du, eta behar bezala garatzeko borondate gutxi erakusten da», salatu zuten. Bilduko alkate berriak laster deialdi hori atzera bota zuen, eta udalbatza berriak postuaren soslai euskaldunaonartu zuen, ordenantza betetzeko asmoa agerian utziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.