Bitartekoen gabeziaren ondorioz, soilik bost biktima aitortu ditu Eusko Jaurlaritzak azken urtean

Pasaiako sarraskiko lau biktimak eta Rosa Zarra aitortu ditu Estatuaren Biktimen Balorazio Batzordeak. Lau urtean 238 aitortu ditu, baina bost baino ez azken urtean. Batzordeko presidenteak adierazi du «arazoa lehertu» egin dela.

Jon Mirena Landa eta Juan Balmaseda, Eusko Legebiltzarrean, gaur. EUSKO LEGEBILTZARRA
Jon Mirena Landa eta Juan Balmaseda, Eusko Legebiltzarrean, gaur. EUSKO LEGEBILTZARRA
xabier martin
2025eko urriaren 1a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzaren Estatuaren biktimak aitortzeko batzordea ez atzera ez aurrera geratzeko zorian dago. Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Balorazio Batzordeko presidente Juana Balmasedak eta presidenteorde Jon Mirena Landak oso argi azaldu diete egoera Eusko Legebiltzarreko talde politikoei. Auzitegi medikurik ez dago, perituak ere falta dira, eta iaz jada ohartarazi zuten bitartekoen gabezia larriaz. Bada, azken urtean egoera «lehertu egin da», Balmasedak azaldu duenez, eta, horren ondorioz, soilik bost biktima aitortu ahal izan dituzte azken urtean, 87 eskaera aztertu ondoren: Rosa Zarra, Ertzaintzaren gomazko pilotakada baten ondorioz hildako emakumea, eta Pasaiako badiako sarraskian hildako laurak, hau da, Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas. Aurtengo martxoan eman zizkieten beren aitortza txostenak biktimen senideei.

Horrenbestez, Estatuaren Biktimen Balorazio Batzordeak 344 biktima aitortu ditu, Eusko Legebiltzarreko Justizia Batzordean aurkeztu duten txostenaren arabera. 2024ko irailetik ez dituzte landu espediente berriak: «Bitartekoen gabezia egiturazkoa da. Eusko Jaurlaritza berria eratu da, eta aurrekoaren arazoa jaso du. Egoera larria denez, erreakzio bat behar da». Balmasedak adierazi du arazoa konponduz gero gai izango direla mahai gainean dituzten kasu guztiak hiru urtean aztertzeko. «Ezin da onartu legea ez betetzea». Batzordeak baiezko 35 ebazpenen berri eman zuen 2021ean; beste 46 baieztatu zituen 2022an; 66 biktima 2023an; 93 iaz; eta bost baino ez aurten. 

«Bitarteko gabezia egiturazkoa da. Eusko Jaurlaritza berria eratu da, eta aurrekoaren arazoa jaso du. Egoera larria denez, erreakzio bat behar da»

JUANA BALMASEDA Balorazio Batzordeko presidentea

Landak, berriz, esan du Balorazio Batzordeak atzera bota dituela presoen sakabanaketaren ondorioz auto istripuetan izandako hamabi biktimaren eskaerak, eta azaldu du ez dituztela aintzat hartu batzorde hori sostengatzen duen 12/2016 Legearen aplikazio eremuan ez direlako sartzen, «ezin zaizkiolako egotzi estatuaren eragile jakin bati». Beste dozenaka eskaera ere ez dituzte onartu, Espainiako segurtasun indarretako kideek eginak izan direlako, eta 12/2016 Legea ez delako haientzat.

Erantsi du Balorazio Batzordeak 12/2016 Legearen erreforma egiteko gomendioa egin duela, aintzat har daitezen bestelako biktima batzuk eta haiei ere errekonozimendua eta erreparazioa emateko: hala 1978 eta 1999 bitartean motibazio politikoko indarkeriagatik giza eskubideak urratu zaizkien biktimak, nola sakabanaketaren ondorioz izandakoak. Horrez gainera, batzordeak eskatu du legeak ezarritako garaien tartea zabaltzeko, ezarritako garai jakin horiez kanpoko biktimak ere aitortuak izan daitezen. Iratxe Sorzabalen auzia, esaterako, paradigmatikoa izan daiteke; izan ere, epaitegi batek aurten onartu du torturatua izan zela, baina batzordeak ezin du giza eskubideen urraketa hori aztertu ere egin ezarritako garai tarte horretatik kanpokoa delako.

Epe berri bat zabaldu

Edonola ere, Balorazio Batzordearentzat, lehen-lehenik bitartekoen auzia konpondu behar da, eta auzitegi medikuak kontratatu. Batzordeko buruek aurrekusi dute baliabide nahikorik jarriz gero gai izango direla mahai gainean dauden espediente guztiak legealdi honetan bertan jorratzeko. «Prest gaude lan erritmoa handitzeko, eta biktimak izaten ari diren pazientzia ere eskertu nahi dugu». 

Bada, ordea, geroz eta argiago azaleratzen ari den beste arazo bat estatuaren biktimen aitortzak gauzatu daitezen. Epez kanpo eskaera egin zutenak zain daude, eta Balmasedak eskatu du beste epe bat zabaltzeko. Ehun bat biktimaren eskaerak aztertu gabe daude, hain zuzen epez kanpo egin zirelako. Talde politikoei eskatu diete beste deialdi bat egin dezatela lehenbailehen. «Biktimek gugan konfiantza edukitzea ez da berehalakoa izan, baina, orain, badute, eta epea zabaldu behar da berriro», esan du Balmasedak.

«Lege honek egoerak despolitizatu egiten ditu, amorrua xurgatu eta pertsonak berreskuratu. Urraketak berriro definitu behar dira, eta garaiak zabaldu»

JON MIRENA LANDA Balorazio Batzordeko presidenteordea

Alderdi politikoetako ordezkariek Balorazio Batzordearen lana eskertu dute, eta Jaurlaritza osatzen duten indarren ordezkariek, EAJkoek eta PSE-EEkoek, berretsi dute bitartekoen auzia konpontzea dagokiela. «Legea bete baino ezin dugu egin», esan du Pau Blasi sozialistak. Erantsi du aitortu egin behar direla  estatuak egindako giza eskubideen urraketak, «PSE prest» dagoela horretarako, eta, horren erakusgarri, Monbar hoteleko GALen atentatuaren inguruko erakusketa jarri du. Horrekin batera, iragarri du Gogora institutua Pasaiako sarraskiaren inguruko erakusketa bat lantzen ari dela datorren urterako. Xabier Barandiaranek, berriz, eskatu du batzordearen aitortza lana «memoriaren esparrutik harago atera eta baliatzea birpentsatzeko nola galarazi berriro erakundeek egindako urraketa horiek ez gertatzea».

Ekitaldi bat urtero

EH Bilduko ordezkari Arkaitz Rodriguezek ere eskerrak eman dizkie Balorazio Batzordeko kideei, eta azpimarratu du legea erreformatzeko beharra dagoela, estatuaren biktima guztiak aitortuak izan daitezen, giza eskubideen urraketa horien garaia edozein dela ere. Onartu du, dena den, datorren legealdirako egon beharko liratekeela erreforma horren ondorioak prest, eta martxan dagoen honetan, berriz, «garrantzitsuena» dela zain daudenak aztertzea, bitartekoak jarrita eta eskaerak egiteko epe berri bat zabalduta.

Jon Mirena Landak berretsi du beharrezkoa dela 12/2016 Legea egokitzea, hainbat biktima kanpoan geldi ez daitezen. «Minari aurre egiteko gaude. Lege honek egoerak despolitizatu egiten ditu, amorrua xurgatu eta pertsonak berreskuratu. Urraketak berriro definitu behar dira, eta garaiak zabaldu». Era berean, EH Bilduko ordezkariaren galdera bati erantzunez, esan du egokitzat jotzen dutela eta gomendioen artean sartu dutela urtero aitortza ekitaldi bat egitea, 2023an Donostiako Kursaalean egin zenaren antzera, eta hura Eusko Jaurlaritzako buruak babestea ere. «Ez da gure lana lehendakariaren agenda zehaztea, baina babesten ditugu erakundeen presentzia gorenak».

Egiari Zor: «Ez dira baztertu behar biktimak dataren arabera»

Egiari Zor-ek salatu du bitarteko gabeziak Balorazio Batzordearen lana «kolapsatzea» eragin duela, eta egoera hori «ulergaitza» dela. Instituzioen «utzikeriari» egotzi dio giza eskubideen urraketen bost kasu baino ebatzi ez izana. «Ozen esan behar dugu: egoera honek kalte handia egiten die denbora gehiegi beren eskaria ebazteko zain daramaten ehunka biktimari. Kezka handiz bizi izan dugu egoera hau, batzordearen beraren jarraipena ere arriskuan ikusi baitugu». 

Hala ere, Egiari Zor-ek «egiaztatu» du legezko agindua betearazteko dagoen «borondate politikoa». «Badakigu administrazio berria elkarlanean eta lehentasunez ari dela oraindik konpondu ezin izan duten arazoa konpontzen». Hala, espero dute ahalik eta lasterren batzordearen zerbitzura jartzea behar diren baliabideak; «horrela, ebazteke dauden ia 400 eskaerak lehenbailehen ebatzi ahal izateko». Halaber, «premiazkotzat» jo dute legeari eskaera berriak tramitatzeko epe berri bat martxan jartzea eta horren denbora eremua zabaltzea, «biktimizazio dataren arabera biktimarik ez baztertzeko eta, era berean, lege testuaren garapena bera jorratuz, Estatuaren bortxaren biktima guztientzako aitortza eta erreparaziorako lege mekanismo bihurtzeko». Estatuaren biktimei ematen zaien «tratu asimetrikoa» gainditzera deitu dute, eta aitortza publikoa ahalbidetzen duen «maila instituzional goreneko urteko ekitaldi bat» antolatzera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.