Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak atzera bota du Unai Parot euskal presoaren hirugarren gradua, Fiskaltzaren eskaerari men eginda. Parotek 68 urte ditu eta 35 daramatza espetxean. Egun, espetxe araudiko 100.2 artikulua aplikatuta, kartzelatik ateratzen da astelehenetik ostiralera bitarte, zenbait orduz, boluntario lanak egitera.
Hirugarren graduaren alde egiteko, Zubietako espetxeko tratamendu batzordeak azaldu zuen Paroten espetxe ibilbidea ona dela. Besteak beste, nabarmendu zuen zigorraren bi heren baino gehiago dituela eginda —2028an beteko luke osorik—, bere eboluzioa ona dela, jasotako baimenen erabilera on bat egin duela, «delitu jarduerei esplizituki» egin diela uko, eta ezarritako erantzukizun zibila ordaintzen ari dela.
Hain zuzen, bere autoan, Jose Luis Castro epaileak erreferentzia egin die Parotek kartzelan daraman denborari eta eragindako mina aitortu izanari. Era berean, gogoratu du 2025eko urritik boluntario lanak egiten dituela, eta 100.2 artikulua aplikatu zaionetik «emaitza positiboa» dela. Halere, tratamendu batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak ez bezala, eta «berrerortze pronostikoa txikia» dela esan arren, uste du hori ez dela nahikoa argudio hirugarren gradua emateko, eta egungo egoeran jarraitu behar duela.
Argudio bakarra Fiskaltzak helegitea jartzeko baliatu zuen berbera da: Paroti egotzitako delituen «larritasuna». Denera, 39 lagunen heriotza eragin zuten ekintzetan parte hartzeagatik zigortu zuten, eta 41 urteko espetxe zigorra ezarri zioten horiengatik. «Jazoera horiek ezin dira hirugarren graduan klasifikatzeko egiten den baloraziotik kanpo geratu», zehaztu du.
Biktimen helegiteak
Epaileak haratago ere jo du bere ebazpenean, eta lege erreforma bat egin behar dela idatzi du autoan txertatu duen «hausnarketa» batean. Xedea: ETAren biktimek espetxe baimenei, 100.2 artikuluaren aplikazioari eta hirugarren graduei helegiteak aurkezteko aukera ematea. Egun, Fiskaltzak soilik egin dezake hori, baina uste du hori ez dela nahikoa.