Auzitegi Nazionalak Belateko tunelen adjudikazioa ikertuko du 'Cerdan auzian'

Nafarroako Gobernuak auzian aurkezteko aukera aztertuko du. UPNk eta PPk Txibiteren dimisioa eskatu dute.

Belateko tuneletako lanak, artxiboko irudi batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Belateko tuneletako lanak, artxiboko irudi batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko uztailaren 27a
20:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenok aintzat hartu du Guardia Zibileko UCO unitateak Belateko tuneletako obren adjudikazioaren harira egindako txostena, eta Koldo auzitik banandutako piezan txertatu du. Nafarroako Gobernuak, 62,8 milioiren truke adjudikatu zion obra hura Accionak, Osesek eta Servinabarrek osatutako aldi baterako enpresa elkarteari; azken hura PSOEko Antolakuntza idazkari Santos Cerdanekin lotzen dute.

Bigarren Instrukzio Epaitegi Zentraleko epailea Cerdan eta Jose Luis Abalos Espainiako Azpiegitura ministro ohia ikertzen ari da, obra publikoen adjudikazioetan iruzurrak egitea egotzita. Orain arte, auzian ez zegoen Hego Euskal Herrian egindako lanik, baina Morenok Belateren inguruko txostena batu du orain arte zuen dokumentaziora, eta jakinarazi du Polizia Judizialak osatuko dituela orain haren ingurukoak.

Ez da Belateko tuneletako obra auziarekin lotuta azaltzen den lehen aldia. Auzitegi Gorenera bidalitako txosten batean ere egin zitzaion aipamena, 2025eko ekainean. Era berean, UPNk obra haien adjudikazioarekin lotutako salaketa bat jarri zuen, irregulartasunak egon zirela argudiatuta; auzi hori izan da Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeko hizpide nagusietako bat ere.

Orain arte, Nafarroako Gobernuak eta Maria Txibite presidenteak nabarmendu dute ez zegoela Nafarroan egindako lanik ikerketapean. Hain zuzen, hori dela medio, Auzitegi Gorenak galarazi egin zion akusazio gisa aurkezteko aukera. Orain, baina, Nafarroako Foru Ogasunean kalte bat eragin izanaren zantzuak badaude, berriz aztertuko du aukera; oraingoan, Auzitegi Nazionalean.

Gobernuko iturriek Efe albiste agentziari adierazi diotenez, «errespetu osoa» adierazi dute polizien eta epailearen jardunarekiko, eta ikerketan laguntzeko konpromisoa azaldu dute. Gogoratu dute hala egin dutela orain arte ere; besteak beste, Foru Ogasunari eskatu zion informazioa helaraztean. Izan ere, horien arabera, Txibiteren gobernuaren xedea da jazotakoak argitzea. Hala adierazi zuen presidenteak berak ostiralean egindako agerraldian. Orduan, bere eta bere gobernuaren errugabetasuna ere defendatu zuen: «Ez dago ezer nire kontra, eta ez da egongo».

Hain zuzen, gobernutik erreferentzia egin diete orain arte Belateko obren harira egin diren zenbait mugimenduri. Hau da, gogoratu dute Kontuen Ganberak ebatzi zuela ez dela inolako «ardura kontablerik» adjudikazio hari lotuta, eta parlamentuko batzordeak ez zuela presio politikorik antzeman prozesuan. Hain zuzen, adjudikazio hura mahai tekniko batek onartu zuen, «modu erabat autonomoan», gobernuko iturrien arabera. 

«Inhabilitatuta»

Bestelakoa da UPNk eta PPk egiten duten analisia. Biek ere Maria Txibiteren dimisioa eskatu dute. Cristina Ibarrola erregionalisten presidenteak uste du Txibite «inhabilitatuta» dagoela karguan jarraitzeko, jada ezin dezakeelako esan ez dagoela bere gobernuak adjudikatutako lanik ikerketapean. «Bukatu zaio kontakizuna».

Era berean, paparra ateratzeko baliatu du abagunea. Haren hitzetan, epailearen erabakiak adierazten du UPNk jarritako salaketa ez zela «oinarririk gabea»: «UPNn isekak, manipulazioak eta gezurrak pairatu behar izan ditugu, gu isilarazten saiatzeko, baina ez genuen zalantzan jartzen Justiziak Belate ikertuko zuela».

PPko Javier Garcia ere antzera mintzatu da. Ohar bidez, adierazi du Txibitek «urtebete baino gehiagoan eraiki duen kontakizuna» desegin dela erabakiarekin. Izan ere, azaldu du gobernuak hartutako erabaki garrantzitsuenetako bat dagoela orain ikerketapean. «Presidenteak hilabeteetan izkin egin dio erantzukizun politikoa bere gain hartzeari, baina erantzukizuna hartu behar du», gehitu du, eta haren dimisioa eskatu, Txibitek berak eman baitzizkion Cerdani kargu politiko esanguratsuak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA