Espainiako Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du Gora ETA esaldia hormetan idazteaz akusatutako gazte baten auzibidea, horretan «terrorismoaren gorazarrerik» ez dagoelakoan, eta auzia tokiko epaitegira igorri du, han ebatz dezaten ondasun publikoetan kalteak eragin izana leporatu ahal zaion edo ez. Gaztea uztailaren 19an atxilotu zuen Ertzaintzak, Ermuan (Bizkaia), Gora ETA esaldia zuten pintaketak egiteaz akusatuta; «terrorismoa gorestea» leporatu ziotenez, auzia Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuten.
Epaian, Maria Tardon epaileak gogorarazi du horrelako kasuetan «terrorismoa goratu izanaren delituaren eta adierazpen askatasunaren arteko gatazka» dagoela, eta zalantza baldin badago azken eskubide horrek gailendu behar duela, «gizarte demokratikoaren ezaugarririk behinenetako bat» baita.
Orain arte, Auzitegi Nazionalak «terrorismoaren gorazarretzat» jo izan du hormetan Gora ETA idaztea, eta kasu gehienetan urtebeteko zigorra ezarri diete horretaz akusatutakoei.