Politika

Auzitegi Nazionalak urtarrilaren 14tik aurrera berrikusiko du Altsasuko auzia

Apelazio auzitegiak apirilean epaiketa egin zen toki berean, San Fernando de Henaresen, egingo du auzi saioa, hiru egunetan.

'Altsasukoak aske' jardunaldiak, joan den azaroaren 17an, Iruñeko Gaztelu plazan. GORKA RUBIO, FOKU
joxerra senar
2018ko abenduaren 18a
19:54
Entzun

Atzo, apelazio aretoko epaimahaiko bi epaile ezesteko defentsaren eskaera atzera bota zuen Auzitegi Nazionalak, eta gaur apelazio areto horrek auzi saioa egiteko hitzordua jarri du: urtarrilaren 14tik 16ra bitartean egingo da auzi saioa.

Bi hilabetez auzia geldi egon da. Urriaren hasieran, epaimahai horretako epaileak ezesteko eskaera egin zuten sei auzipeturen abokatuek: Eloy Velasco eta Jose Ramon Navarro magistratuek Guardia Zibilaren dominak jaso zituztela-eta, auzia aztertzeko nahikoa inpartzialtasuna ez dutela zeritzon defentsak. Halaber, lehen errekurtso bati erantzunez, epaimahai horretako Enrique Lopez epaileak probidentzia bat sinatu zuen eta atzera bota zuen helegitea. Defentsaren ustez, erabaki horrek ere inpartzialtasuna islatzen du. Azkenik, Velascok Coviteren hitzaldi batean parte hartu zuen eta epaiketari buruzko adierazpen batzuetan "aurrez hartutako jarrera" zuela islatu zuen, defentsaren arabera.

Atzo, epaileen jokabideak aztertu ohi dituen Auzitegi Nazionaleko aretoak, botere judizialaren legearen inguruko areto bereziak, bertan behera bota zituen hiru argudioak, eta eskaera hori "fede txarrez" egitea leporatu zien sei auziperaturi. 600 euroko isuna ezarri zien. Eskaera hori atzera bota ostean, ez dago helegiterik jartzerik eta auzia berrikusteko saioa urtarrileko hirugarren astean egingo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.