Auzitegiak baztertu egin du EAko kritikoen salaketa

Kritikoen arabera, Gasteizko lehen auzialdiko epaitegiaren epaia «inkoherentea» da. Sektore ofizialak nabarmendu du «Erantzukizunez, arduraz eta, batez ere, afiliazioaren eskubideak defendatuz» jardun zuela primarioen prozesuan.  

Eba Blanco EAko behin behineko burua izan da, kritikoen salaketa ebatzi artean. RAUL BOGAJO / FOKU
Edu Lartzanguren-Igor Susaeta
2020ko uztailaren 15a
11:15
Entzun

Eusko Alkartasunaren zuzendaritzak zabaldu duenez, Gasteizko lehen auzialdiko epaitegiak arrazoia eman dio, eta baztertu egin du alderdiko kritikoek jarritako salaketa, Pello Urizar idazkari nagusia ordezkatzeko primarioen prozesuaren inguruan. Irregulartasunak salatu zituzten Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako buruek, zuzendaritzak kargura aurkezteko eskubidea urratu ziela argudiatuta. Eba Blanco da jarduneko idazkari nagusia.

EAko kritikoek, salaketa jarri zutenek, ohar bat plazaratu dute epaia «deitoratuz», eta, hori irmoa ez denez, helegitea jartzea aztertuko dute. Maiorga Ramirez alderdiaren Nafarroako buruak, eta Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga  eta Miren Aranoa Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaileen ustez, sententziak «baliorik gabe» utzi ditu EAko Berme Batzordearen ebazpenak, «nahiz eta frogatutzat eman dituen prozesuari eta alderdiaren barne funtzionamenduari egindako kritika guztiak».

Iruditzen zaie epaiak «modu inkoherentean» ezeztatzen duela joan den azaroko ebazpena. Izan ere, kritikoek auzitara jo eta gero, Gasteizko epaitegiak eten egin zuen  Blancoren  izendapena, argudiatuz EAko Nazio Batzarrak eta zuzendaritzako zenbait kidek ez zituztela bete EAko Berme Batzordeak emandako azken ebazpenak, eta litekeena zela parte hartze politikorako eskubidea urratu izana.

«Nahiz eta epaiak erabat frogatzen duen berme batzordearen ebazpenak sistematikoki ez zituztela bete egungo zuzendaritzakoek, oraingoan baliorik gabe uzten du, eta libratzen ditu horiek betetzetik», salatu du ildo kritikoak. «Gure ustez, sakonki inkoherentea da hori».

Sektore ofizialak ere ohar baten bidez baloratu du sententzia, eta iruditzen zaio epaiak frogatzen duela «erantzukizunez, arduraz eta, batez ere, afiliazioaren eskubideak defendatuz» jardun zuela primarioen prozesuan. «Barne araudiak eta legeak bete zituen».

Datu basea

EAko ildo kritikoek salatu zuten bi urte zeramatela afiliatuen erroldarako sarbidea eskatzen zuzendaritzari, eta hari datu basea «ezkutatzea» egotzi zioten. Berme Batzordea errolda ematearen alde azaldu zen, baina zuzendaritzak esan zuen lege eragozpenak zeudela, eta Berme Batzordeko bi kideri espediente informatiboa zabaldu zien, irregulartasunak leporatuta.

Irailean ezohiko batzar nazionala egin zuen alderdiak, Gasteizen, afiliatuek primarioen prozesuarekin aurrera nola jarraitu erabakitzeko. Ildo kritikoak esan zuen «zuzendaritza bilera paralelo» batean hartu dela ezohiko batzarra deitzeko erabakia. Zuzendaritzak Ramirezen hautagaia bertan behera utzi zuen, hari sostengua emaniko alderdikide batzuek kuotak ordaindu gabe zituztela argudiatuta.

EAko Nafarroako buru Maiorga Ramirezek eta Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaileek —Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga y Miren Aranoa, hurrenez hurren— salaketa jarri zuten orduan, alderdikideen datuak jasotzeko biderik ez izateak galarazten zielakoan lehian sartzea. Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiaren sostengua zuten kritikoek.

Esan bezala, epaileak arrazoia eman dio zuzendaritzari, eta epaia aztertzen ari dira une honetan, geroxeago balorazio bat egiteko asmoz. Edonola ere, pozik agertu da erabakiarekin.

Zuzendaritzak une oro esan du alderdiaren arauen arabera jokatu zuela.

Eba Blanco izendatu zuten alderdiko idazkari nagusi, eta, afera epaitu arte, behin-behineko buru gisa aritu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.