«Bostehun euro? Euskarak hori baino askoz ere gehiago balio du», esan du ironiaz EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeko auzipetuetako batek, kazetariek zigorraren berri eman diotelarik. Izan ere, ordurako Baionako auzitegi kanpora jalgiak ziren, eta haiek gabe iragan da epaiketa. Horretarako eskaera formala egina bazuten ere, euskaraz deklaratzeko eskubidea ukatu die, beste behin, epaileak. «Andeatze arinak» leporatuta, Gorka Torreri 1.500 euroko isuna eman diote, eta eskubide zibikoak kendu dizkiote bi urterako, gisa bereko ekintzengatik aurrekariak ditu-eta. Gainerako hirurei 500 euroko isuna eman diete, gibelapenarekin.
Iazko irailean, EHE taldeko lau kide horiek ekintza bat egin zuten Pirinio Atlantikoetako Departamenduak Baionan duen egoitzaren aitzinean: Euskaraz bizi nahi dugu! leloa margotu zuten eraikinean, salatzeko Frantziako agintariak «itxurakeriaz» ari direla euskarari dagokionez. Eraikin publiko baten andeatzea leporatu diete. Abokaturik gabe agertu dira ekintzaileak epailearen aitzinean, eta euskaraz erantzun diote epaileari, hark dei egin dienean. Departamenduak ez du ordezkaririk bidali.
EHEko kideek abisua emana zuten epaileak euskaraz aritzea ukatzen bazien ez zutela auzi saioan parte hartuko. Eta hala gertatu da. Tarte batez eztabaidan aritu ondoren, epaileak adierazi die frantsesez edo gaztelerazko itzultzailearekin eginen zituzten adierazpenak baizik ez zituela onartuko. Lau auzipetuek adierazi diote ez zutela erabaki horrekin bat egiten, eta epaileari bizkarra emanda, auzi gelaren aitzinean euskaraz mintzatzen hasi dira irailean egin zuten ekintza esplikatzeko. Epaileak Poliziari dei egin dio, haserre, eta auzi gela hustu dute. Beste gela batean egin dute epaiketa, eta EHEko kideei ez diete sartzen utzi.
Ikusi gehiago
Abenduan agerraldia egin zuten Baionako auzitegi aitzinean, azken hilabeteetan euskaraz deklaratzea ukatu dieten hainbat militanterekin. Ondoren, gutuna helarazi zioten epaitegiko idazkaritzari, gaurko auzian euskaraz aritzeko eskaera formala eginez. Hego Euskal Herrikoak dira auzipetuetarik hiru, euskara ofiziala den eremukoak; euskara erabiltzeko eskubidea legez aitortua zaie. Alta, gaztelerazko itzultzailea jarri diete.
Frantsesez hasi da Torre azalpena ematen epailearen aitzinean. Esplikatu du euskara dela Euskal Herriko hizkuntza, eta zapalkuntza dela epaitegiaren aitzinean euskaraz mintzatzeko aukera ez uztea. «Mintzo garen hizkuntza gara». Euskaraz hitz egiten ez uztea «injustizia» dela erran du. Beste auzipetu batek ere hartu du hitza, euskaraz. Euskararen minorizazio egoera salatu du. Epaileak moztu egin dio, berehala. Ondoren, gaztelerazko itzultzailearen laguntzarekin mintzatu da beste ekintzaile bat, euskaraz jardun nahi dutela berresteko: «Euskal Herria ez da ez frantsesa ez espainola. Gure hizkuntzan deklaratu nahi dugu. Eta errango dugun guzia gure hizkuntzan erranen dugu. Ez gara atzerritarrak gure herrian».
Epailearen argudioak
Epaimahaia erretiratu da deliberoa hartzeko, baina ezezkoa izan da erabakia. «Frantsesa eta gaztelera biziki ongi menperatzen dituzue, beraz ez ditu gure arteko elkarrizketak oztopatzen», argudiatu du epaileak. «Nahi baduzue, gaurko auziari helegitea jartzen ahalko diozue». Egindako hautuan irmo jarraitu dute, ordea, ekintzaileek. Kontu hartu diote epaileari berriro: «Baduzue itzultzaile euskaldunen zerrenda bat, zergatik ez dituzue deitu?».
Auzi gela hustu dutenean, beren baitarik atera dira lau auzipetuak «Euskal Herrian euskaraz» oihuen artean. «Behin eta berriz azpimarratzekoa da justizia jauregi honetan injustizia dela bermatzen: auzitegi orok behar du bere burua defendatzeko eskubidea, eta hemen ukatzen digute euskaraz geure burua defendatzea», adierazi du Torrek. «Inposaketa bat da. Ez dugu ukan argumenturik justifikatzeko ezin dugula euskaraz deklaratu epaitegian».
EHEko kidearen hitzetan, gertatutakoak argi erakusten du zein den Frantziako Estatuaren jokaera euskararekiko: «Gure hizkuntza zapaltzen du, euskaldunen eskubideak zapaltzen ditu. Euskal jendarteari eskatzen diogu horren aitzinean burua altxa dezala, eta ez dezala onartu horrelako zapalkuntzarik». Horrez gain, auzipetuek nabarmendu dute nazio zapalkuntzaren eragina dela hizkuntza zapalkuntza, eta Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute.
Epaitegi kanpoan, lasaitasunez eta ironiaz jaso dituzte epaileak erabakitako zigorrak. «Ez gaitu batere kezkatzen, ez gaitu horrek geldituko. Segituko dugu euskararen alde borrokatzen».