Kexu zen kazetaria. Eskuetan zeraman mikroaren boteretik, frantsesez nahi zituen auzipetuen adierazpenak. Mehatxu eginez urrundu da Baionako auzitegi aitzinean bildua zen jende multzotik: «Horrela bada, ondoko aldian ez gara etorriko».
Euskaldunen hizkuntza eskubideak errespeta ditzatela aldarrikatzeko egin zuten ekintza EHEko lau kideek irailaren 27an. Eta eskubide hori errespetatzeko eskatu diote auzitegiari ere; euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapen bilakatu dute beren kontrako auzi saioa.
Hortik aitzina, a zer-nolako sorpresa prentsaren aitzinean ere adierazpenak euskara hutsean egin nahi izatea. Ulertezina kazetari frantses elebakarrarentzat.
Komunikazio estrategiatik zalantza egin liteke zer jarrera hartu beharko lukeen halako kasuetan militanteak —baina ez da hori hemen eztabaida—; aldarrikapen politikotik begi bistakoa da. Eta kazetariari badagokio hori errespetatzea, gustatu ala ez.
Baina boteredun dira, eta boterea sentitzen dute; togarena, mikroarena...; inposatzeko boterea. Zor zaie frantsesa.
Planto egin dute EHEko kideek. Epailearen aitzinean lehenik, kazetariaren aitzinean ondoren. Halako gehiago beharko dira guri ere eskubideak zor zaizkigula onartzeko.