Elena Kasiriain

Azalak izerditan

2026ko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den udan, lagunekin Donostian paseatzen genbiltzala, izozki bat dastatzeko tirria sartu zitzaigun. Taldeko batzuek gomendatuta non eta zein zapore probatu, ene txanda etorri zelarik hur zaporeko izozkia galdegin nuen. Hurra behin eta berriz errepikaturik ere, lagun donostiarrak erran zuen arte saltzaileak ez ninduen ulertu. Ahalketu nintzen eta berak lotsa pasatu zuela hauteman nuen. R-ak gure arteko distantzia markatu zuen.

Beste egun batez, Biriatuko ordainlekura iristear telefonoan nintzen lehenkusiarekin, eta pun, moztu zen. Pagatu ondoan, berriz abiadura hartu nuen, ezkerrera itzuli burua, eta geldi-geldia xutik eta armaturik zegoen pertsonarekin gurutzatu nuen begirada. Ez zen mugitu eta aitzina segitu nuen. Kusiari berriz deitu nion: «Barkatu, muga pasatu dut» erran eta etxerainoko bidean solasean ibili ginen. Mozterakoan ohartarazi zidan: «Ez nauzu Whatsappez deitu, faktura gazia iritsiko zaizu». Numerikoaren espazioak ez ote ziren mugagabeak?

Berriki, Urepelen goiti, Kintoa auzoan sartu nintzen. Xalixenborda etxaldearen heinera arribatu nintzen. Mugarri bat du aitzinean. Ze bitxikeria: etxea hemen eta zerritegia berriz han. Lehena Iparraldekoa, hots, Baxenabarrekoa, eta bigarrena Hegoaldekoa, Nafarrokoa, edo Kintokoa; funtsean denak ere Urepelekoak. Mugarri bat, etxean, distantziak sortzeko.

Muga agertzen den ber, desagertu egiten da. Kuku gordeka ari da. Xerkatzen dudalarik, atzematen dut beti: zintzur barneetan, eremu digitaletan edo bide bazterretan. GPSak dioen lerro horretan bertan ez bada, kilometro batzuk haratago edo honatago atzematen da gehienetan.

Lerro ez ezik, muga, mugalde da. Eta ene azalak manatuko du mugak nola tratatuko nauen: gehienez larrua gorriaraziko dit r-aren ahoskerarengatik ene kasuan. Zorteduna ni! Beste bati agian, barneko eta kanpoko zauriak utziko dizkio, eta hark hain segur larrua ez du ene kolore berdinekoa. Haize ufaldi batek muga giroak biziarazten ahal ditu, batzuen itzalak karrika izkinetan agertzen diren unetik. Eta beste batzuk agertzean, berriz, airarazten. Pospoloa: piztu eta itzali. Dena iluntzen zaigu bat-batean, begipean dugun eta ikusi nahi ez dugun hori saihestuz. Argia eta iluna etengabeko dantzan, mugaren dantzan. Bata eta besteen iluntasunek ez dute kolore bera alta...

Mugak etengabe erraten badit desiratua naizela, momentu berean, bortizkerien aztarnak gorputzetan zizelkatuz beste batzuei hala ez direla oihukatzen ari da.

Mugagabeko munduaren ilusioan bizi gara: 1991tik, 27.000 kilometro muga gehiago sortu dira estatuen artean, eta gaur egun, muga mota horien %15 paretak dira. Hala ere, munduan barna errazki ibiltzea emana zaigunei, hurbilago kausitzen ditugu munduaren beste puntan diren «gu» bezalakoak, hots, New Yorken bizi eta ideia eta erreferentzia berak partekatzen dituzten pertsonak gure auzoa baino; kanpotik etorria eta gurutzatzen dugun bakanetan «agur» murritz bat egin eta kontaktua saihesten diogun hori.

Distantziak eta hurbiltasunak gure erosotasunetik eta pribilegioetatik hautatzen ditugu, ikusten eta ikusezinak diren murruak eraikiz. Hurbileko itzalpetara sartzen ausartzen bagina tartetxo bat? Ipar Euskal Herrian hautetsi talde berriek lekua hartuko duten bezperan, kolektiboki engaiatuko ote gara, gure beldur eta ahalkeak pareta eraikitzaile direla onartzera eta konfiantzan, ahizpatasunean oinarritu harremanei buruz joatera? Etengabeko lana da mugak haustea!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA