Azaroaren 29ko hauteskundeetan gutxienez lau aulki ibiliko dira dantzan

2023ko emaitzek erakusten dute herrialde bakoitzeko azken aulkia ez dagoela segurtatuta inorentzat. Araban eta Gipuzkoan, azken ordezkariak EAJk lortu zituen 2023an; Bizkaian, EH Bilduk ―azken-aurreko aulkia, berriz, Sumarrek―; eta Nafarroan, PSNk.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan botoa ematen, 2023ko uztailean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan botoa ematen, 2023ko uztailean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
mikel p ansa
2026ko azaroaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zazpi egun falta dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako, eta azaroaren 29ak zer mapa politiko utziko duen ez dago batere argi. EAJk ordezkaritza txikiagoa izango ote du, edo errekuperatuko ote du diputaturen bat? EH Bilduk eserlekuren bat gehiago irabaz ote dezake? Eta PSE-EEk lortuko ote du beste diputaturen bat? Zer egingo dute Espainiako ezkerrek: Hegoaldetik orain duten ordezkari bakarra galduko ote dute? Eta PPk eta UPNk eutsiko ote diete ordezkariei? Nola banatuko dira Kongresurako Hego Euskal Herriko 23 diputatuak?

Azkeneko hauteskunde deialdiko emaitzak ―2023ko uztailekoak― herrialdez herrialde aztertu ditu BERRIAk, ikusteko nola banatu ziren diputatuak orduan, zeinek eskuratu zuen azkeneko aulkia lurralde bakoitzean, alderdi bakoitzak zenbat botora eduki zuen ordezkaritza handitzeko aukera edo txikitzeko arriskua, eta orain non gerta litezkeen aldaketak. Eta emaitza horiek erakusten dute gutxienez lau aulki dantzan ibiliko direla.

Azaroaren 29an zer gertatuko den iragartzea ezinezkoa da. Besteak beste, parte hartzea ere erabakigarria izango delako. 2023ko uztailekoa ez zen oso handia izan Hego Euskal Herrian, %65 ingurukoa. Inkesta batzuek iragarri bezala parte hartzea %75 ingurura igoko balitz, horrek esan nahiko luke 230.000 pertsona gehiagoren botoak sartuko liratekeela jokoan, eta boto horiek gauza asko alda ditzakete.

Halere, duela hiru urteko emaitzak aztertuta, ikusten da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aldaketak gerta litezkeela aulkien banaketan; zailagoa da Nafarroan, baina ez ezinezkoa hor ere. Bestalde, boto joerak aztertzeko, aintzat hartu behar dira duela zazpi urteko hauteskundeetako emaitzak ere, ikusteko alderdi bakoitzak zer bilakaera izan duen Espainiako Kongresurako azken deialdietan.

2019an, bi aldiz egin zituzten hauteskundeak: apirilean aurrena, eta ―gobernua osatzeko ezintasuna zela medio― azaroan berriro. 2019ko apiril hartatik gaur egunera, aldatu egin da mapa politikoa: Ciudadanos urtu egin da ―orduan indar pixka bat bazuena― eta Elkarrekin Ahal Dugu koalizioa zena zatituta dabil ―2019ko apirileko deialdian Hego Euskal Herriko hirugarren indarra izan zen bototan―.

Eta zer gertatu da botoekin urte horietan? EAJk nabarmen beherantz egin zuen 2019ko apiriletik 2023ko uztailera: ia 120.000 boto galdu zituen. Kontrara, EH Bildu asko hazi zen: 2019ko apirilean baino 75.000 boto gehiago lortu baitzituen 2023ko uztailean.

Elkarrekin Ahal Dugu-k ere galera handia izan zuen epe horretan: 2019ko apirilean baino 120.000 boto gutxiago atera zituen Sumar koalizioak 2023ko deialdian ―ia 300.000 botora iritsi ziren 2019an, eta 170.000 pasatxo izan zituzten duela hiru urte―.

PPk, berriz, 40.000 boto irabazi zituen 2019tik 2023ra. Antzeko igoera izan zuten PSE-EEk eta PSNk batuta: 2019ko apirilean baino 37.000 boto gehiago jaso zituzten 2023ko uztailean. Voxek apenas izan zuen aldaketarik bitarte horretan, baina goranzko joera txiki bat izan zuen, 4.000 boto irabazita.

Araba

2019ko deialdietan Elkarrekin Ahal Dugu-k ordezkari bat lortu zuen, baina 2023an PPk irabazi zuen aulki hori, eta, orduan bezala orain, berriro ere aldaketak gerta litezke Araban, edo ezin da aukera hori baztertu, behintzat.

Lau diputatu hautatzen ditu Arabak, eta oso modu orekatuan banatu ziren 2023an: bat PSE-EEk, bat EH Bilduk, bat PPk eta bat EAJk ―13.000 botoren aldea besterik ez zen egon lauren artean―. Azken aulkia EAJk lortu zuen, eta hori ibiliko da dantzan, PSE-EE aulki hori lortzetik 9.400 botora gelditu baitzen.

Bestela esanda, PSE-EEk lortuko balu EAJren botoak bikoiztea, hortxe izango luke bigarren aulkia lortzeko aukera. Zenbakitan adierazteagatik, eta simulazio bat eginda, aski litzateke EAJk 3.500 boto inguru galtzea eta PSE-EEk boto kopuru hori bera irabaztea.

Beste alderdiek zailago dute ordezkaritza handitzea: 2023an, EH Bilduk 23.200 botora eduki zuen bigarren ordezkaria; PPk, 26.000 botora; eta EAJk, berriz, 32.400 botora. Diputatu bat gehiago lortzeko, hortaz, EH Bilduk %70 handitu beharko zukeen boto kopurua; PPk, %86; eta EAJk, %115.

Sumar koalizioak ez zuen ordezkaririk lortu 2023an, Espainiako ezkerreko indarrak batuta aurkeztu ziren arren. Eta gertu eduki zuten: 6.500 boto gehiago beharko zituzketen. Baina aurten zatituta eta barneko giroa nahasita aurkeztuko dira, eta ez du ematen, baldintza horietan, lehian sartzeko aukera onena dutenik.

Voxek ere ez zuen ordezkaririk lortu, eta zail izango du orain ere: 2023an, 21.500 boto gehiago beharko zituzkeen diputatua lortzeko ―%140 hazi beharko zukeen―.

D'HonDt legea: nola banatzen dira diputatuak?

Hauteskundeetan ordezkariak alderdien artean banatzeko sistema proportzional bat da D'Hondt legea, Victor d'Hont jurista belgikarrak asmatua. Adibide batekin, horrela azal liteke nola funtzionatzen duen:

  • Botoak kontatzen bukatzean, botoen portzentaje jakin bat lortu ez duten alderdiak baztertzen dira ―Espainiako Kongresurako hauteskundeetan, %3ra iritsi ez direnak―.
  • Beste alderdietako bakoitzak lortutako botoak, berriz, zatitu egiten dira, lurraldeak dituen ordezkari kopuruak adina aldiz.
  • Esaterako, Bizkaiak zortzi diputatu ditu, eta alderdi bakoitzaren botoak zortzi aldiz zatitzen dira: botoak / 1; botoak / 2; botoak / 3; (...) botoak / 8.
  • Horrela, Bizkaian, alderdi bakoitzari zortzi zatidura edo koziente ematen zaizkio.
  • Zatidura guztien artetik zortzi altuenek lortzen dute ordezkaritza.

Metodoa proportzionala da, baina, halere, mesede egiten die boto gehien jasotzen duten alderdiei, haien ordezkaritza handitzera jotzen duelako sistema horrek.

Bizkaia

Zortzi diputatu hautatzen ditu Bizkaiak, eta galdera asko daude airean lurralde horretan. Orain, bina ordezkari dituzte EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk, eta horiei eusteko aukera dute, baina baten bat galtzeko arriskua ere izan dezakete; edota, kontrara, hirugarren ordezkaria irabazteko aukera ere bai. PPk eta Sumarrek, berriz, diputatu bana dute, eta lana egin beharko dute ordezkaritza horri eusteko.

2023ko uztailean, EAJk irabazi zuen, baina boto asko galduta, eta PSE-EEk ia-ia aurrea hartu zion. EH Bildu asko hazi zen 2019tik, baina EAJrengandik 40.000 botora gelditu zen halere. Eta orain ere, neurri batean, EAJren barruan egongo da gertatuko denaren erantzuna: aurreko urteetako giharra errekuperatu eta 200.000 boto ingurura itzuliko balitz, hiru diputatu edukitzeko aukera luke; azken hauteskundeen emaitzen bueltan ibiliko balitz edo boto gehiago galduko balitu, aldiz, bi ordezkarirekin konformatu beharko luke.

Azkeneko deialdian, zortzigarren eta azken aulkia EH Bilduk lortu zuen. Baina zazpigarrena Sumarrentzat izan zen, boto gutxiren aldearekin, eta aulki hori ere dantzan ibiliko da, hori baita beste galdera: Espainiako ezkerrak nola erantzungo dien hauteskundeei. Botoa sakabanatu egingo dela ematen du, eta ordezkaria lortzeko zailtasunak izango dituztela ―gogoratzekoa da 2019ko apirilean Elkarrekin Ahal Dugu-k bi ordezkari lortu zituela―.

2023an, azken aulkia 63.000 botoen langan egon zen, eta Sumarrek hori baino 4.000 boto eskas gehiago lortu zituen: orduan koalizioak jaso zituen 67.000 boto horiek sakabanatzen badira, beraz, nekez lortuko dute ordezkaritza. Eta are zailagoa izango dute hiru alderdi nagusiek bototan gora egiten badute, langa gorago igoko zaielako.

Sumarrek ordezkaritza galduz gero aulki hori nora joango den, hori da beste galderetako bat. 2023an, EAJk eduki zuen aukera hori gertuen: 25.000 boto gehiagorekin lortuko zukeen (+%15); PSE-EEk, berriz, 32.000 boto gehiago beharko zituzkeen (+%20); eta EH Bilduk, 74.000 gehiago (+%59).

Baliteke PPk ere izatea komeriak bere ordezkariari eusteko. Ez da erraza faktore guztiek bat egitea, baina lehen bi alderdiek 190.000 boto inguru lortuko balituzte, hirugarrenak 145.000 inguru, eta PPk igoerarik ez balu ―eta Espainiako ezkerrek ere ez―, lurraldeko zortzi ordezkariak EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren artean banatu litezke. Aldiz, diputatu bat gehiago lortzeko, 55.000 boto gehiago beharko zituzkeen PPk 2023an. Are zailagoa du Voxek, 2023an azken aulkitik 47.000 botora gelditu baitzen.

Gipuzkoa

Gipuzkoak sei diputatu aukeratzen ditu, eta 2023ko deialdian EH Bilduren, PSE-EEren eta EAJren artean banatu ziren: bina eserleku. Seigarren eta azken aulkia EAJk lortu zuen orduan, eta jeltzaleek ez dute segurua bigarren diputatu hori: EH Bilduk 2023ko hauteskundeetan 10.200 boto gehiago lortu izan balitu, hirugarren ordezkaria lortuko zukeen, eta EAJk bat galduko.

Eta aurten ere dantzan ibil liteke aulki hori. Esate baterako, EAJk 4.500 boto inguru galduko balitu eta EH Bilduk boto kopuru bera irabaziko balu, aski litzateke aldaketa gertatzeko; edo EH Bilduk 11.000 boto inguru lortuko balitu ere kenduko lioke ordezkaria EAJri, jeltzaleek 2023ko emaitza berak balituzte.

PSE-EEk ez du erraza ordezkari bat gehiago lortzea: 2023an, 40.000 boto gehiago beharko zituzkeen (+%45). Eskurago izan dezake EH Bilduk, %9ko hazkunde bat aski bailuke, 2023ko emaitzen antzekoekin, hirugarren ordezkaria lortzeko. EAJk, berriz, nekezago dauka: 2023an ia 47.000 botora gelditu zitzaion hirugarren ordezkaria.

Sumarrek ez zuen lortu ordezkaririk 2023an, oso gertu ibili zen arren: 2.500 boto eskasera gelditu zen. 2019ko deialdietan bai, lortu zuen diputatu bat, baina orain baldintza zailagoak izango dituela ematen du. Eta zailagoa du Voxek: 2023an ordezkari bat lortzetik 35.000 botora gelditu zen, eta %440ko hazkundea beharko zukeen ordezkari bat lortzeko.

PPk zer egingo duen, hori da beste galdera. 2023ko deialdian, ordezkari bat lortzetik 10.000 botora gelditu zen, ez oso aparte ere. Diputatu bat lortzeko, bototan igo behar dute, eta besteek jaitsi. Simulazio batekin azaltzeko: EH Bilduk ez balitu 120.000 botoak gaindituko, EAJk 80.000 boto baino gutxiago jasoko balitu, adibidez, eta PPk 10.000 boto gehiago aterako balitu, hortxe luke aukera PPk ordezkari bat lortzeko. Gertagaitza da aldagai guztiek bat egitea, baina ez ezinezkoa.

Nafarroa

Bost ordezkari ditu Nafarroak Kongresuan: PSNk bi ditu, eta EH Bilduk, PPk eta UPNk, bana. Azaroaren 29an ezusteko handirik gertatzen ez bada, horietatik lau nola banatuko diren seguru samarra da, 2023ko emaitzak iraultzen ez badira behintzat: PP-UPN koalizioak bi, PSNk bat eta EH Bilduk bat. Bosgarrenarekin egongo da jokoa.

PSNk eskuratu zuen azken aulkia 2023an, eta aurten ere bi diputatu lortzeko modua izan dezake, baina sozialistek botoetan behera egingo balute ―esate baterako, 10.000 boto inguru galduko balituzte― eta PP-UPN koalizioak duela hiru urte baino 20.000 boto gehiago aterako balitu elkartuta, PSNkoek hortxe-hortxe izango lukete bigarren ordezkaria galtzeko arriskua; eta eskuindarrek, berriz, hirugarrena irabazteko aukera.

PP eta UPN bereizita aurkeztu ziren 2023an, eta koalizioan joango dira aurten. Ordezkari bana lortu zuten orduan, eta aurten bi lortzeko baldintza egokiak dituzte: 2023an, bi alderdien emaitzak bilduta, 109.000 boto lortu zituzten guztira. Eskuineko koalizioak diputatu bat gutxiago izatea gertagaitza da, baina ez ezinezkoa: simulazio bat eginez, herrialdeko bigarren indarra 90.000 boto ingurura iritsiko balitz, eta PP-UPN koalizioak 20.000 edo 25.000 boto inguru galduko balitu, eskuineko koalizioak hortxe izango luke arriskuan bigarren ordezkaria.

EH Bilduk ia 60.000 boto lortu zituen 2023an, eta ordezkari bat behintzat ziurtatuko lioke kopuru horrek aurten ere. Bigarren ordezkaria lortzeko aukera urrun samar du: 35.000 boto gehiago beharko lituzke (+%59), 2023ko emaitzak aintzat hartuta. Baina PSNk 15.000 boto inguru galduko balitu eta EH Bilduk 20.000 inguru irabaziko balitu, posible litzateke aldaketa: PSNk ordezkari bat galdu, eta hori EH Bilduk irabaziko luke, kasu horretan.

Beste ezkerrekin zer gertatuko den ere ikusgai dago. 2019ko deialdietan lortu zuen ordezkaritza Elkarrekin Ahal Dugu-k, baina Sumarrek 24.000 boto gutxiago jaso zituen 2023an, eta ordezkaritzarik gabe gelditu zen, oso gertu eduki zuen arren: 2.900 boto besterik ez zuten falta izan diputatu bat lortzeko ―PSNri kenduko zioketen―. Aurten, hautagaitzak bitan zatituta, ez dute errazago izango.

Urrunago gelditu zen Geroa Bai 2023an, 9.900 botorekin: 37.000 gehiago beharko zituzkeen, gutxienez, ordezkaritza lortzeko (+%370). Voxek ere ez du erraza ordezkari bat lortzea: 2023an baino 27.000 boto gehiago (+%140) lortu beharko lituzke, gutxienez.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA