Azaroaren 30eko greba orokorra Hegoalde osoan erregistratuta dago jada

ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuek greba feminista Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratu dute

Mugimendu feministako eta sindikatuetako ordezkariak, atzo, greba erregistratzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Markos Tedin-Uriburu Castro
Bilbo
2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Azaroaren 30erako greba feminista orokorra antolatzen ari daEuskal Herriko mugimendu feminista, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuen babesarekin. Atzo, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan erregistratu zuten deialdia —herenegun erregistratu zuten Nafarroan—. Agerraldian, zaintza lanek «eraldaketa sakon bat» behar dutela aldarrikatu zuten ordezkariek.

«Zaintza krisi batean gaude, emakumeok errebelatzen ari garelako», adierazi zuen Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak, eta sexuaren araberako lan banaketak ekartzen dituen baldintza prekario eta kaskarrak salatu zituen. Horri aurka egiteko, «zaintza sistema publiko eta komunitario bat» ezartzeko eskatuko diete instituzioei greban eta mobilizazioetan.

Bai emakumeak eta bai gizonak daude deituta azaroaren 30eko greba feministan parte hartzera. Arrazoia eman du Aranburuk: «Zaintza lanak bizitzan guztiok beharko ditugulako, zaintza lanak guztion ardura direlako eta zaintza lanak antolatu eta banatu egin behar direlako». LABeko buruak ziurtatu zuen mugimendu feministarekin «eskuz esku» lan egingo dutela. Sindikatuek jakinarazi zutenez, bat egiten dute Euskal Herriko mugimendu feministaren aldarrikapenekin, eta bere egin zituzten larunbatean herri akordioan aurkeztutako eskaerak: zaintza duina eta unibertsala bermatzea, pribatizazioa amaitzea, sistema publikoa garatzea, lan jarduna murriztea eta langileen lan baldintzak hobetzea, besteak beste.

Azaroaren 30ekoa Euskal Herriko mugimendu feministak deitzen duen lehenengo greba feminista orokorra izango da, eta prozesu luze baten emaitza da. Prentsa oharrean, greba feminista orokorraren helburua lantokietan intzidentzia izatea dela jakinarazi zuten sindikatuek eta mugimendu feministak.

Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak ere hartu zuen hitza greba erregistratzean. Haren ustez, «bizitza erdigunean» jartzeko, zaintza sistema irauli egin behar da. «Zaintza lanak, hein batean, emakumeen bizkar gainean geratzen dira». Horrez gain, instituzioei leporatu zien zaintza sistema enpresa pribatuen esku jartzea, «negozioa egin dezaten». Egoera aldatzeko, sistema publiko, doako, unibertsal eta kalitatezko bat finkatzea dute helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.