Azkaineko hiru hautagaiek herri ttipiaren «arima» atxikitzea dute xede

Hiru zerrenda aurkeztuko dira Azkaineko bozetara. 2014tik auzapeza da Jean Louis Fournier, baina ez da berriz aurkeztuko. Hautagaien gogo nagusia herriaren izaera «mantentzea» da kostatik hurbil dela kontuan hartuta.

Azkainen hiru zerrenda aurkeztuko dira herriko bozetara. GUILLAUME FAUVEAU
Azkainen hiru zerrenda aurkeztuko dira herriko bozetara. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
2026ko otsailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkaine Lapurdi kostatik hurbil da, 4.561 biztanle ditu, eta azken urteetan nabarmen handitu da turismoa eta biztanleria kopurua. Izan ere,  16 urtez, 2007tik 2023 bitarte, %22 emendatu da Azkaineko biztanleria. Hiru hautagai lehiatuko dira herrian heldu den martxoaren 15eko eta 22ko bozetan; 2020ko hauteskundeetan, bost zerrenda lehiatu ziren. Azkaineko auzapeza da Jean Louis Fournier, eta ez da berriz aurkeztuko bozetara. Jean Louis Ladutxe auzapez ohia, aldiz, hautagai izango da berriro —2001etik 2014ra auzapez izan zen—. Benedicte Luberriaga sei urteotan oposizioan egon den hautetsiak bere zerrenda aurkeztuko du. Ezkerreko abertzaleek ere zerrenda bat aurkeztuko dute, Elorri Manterola buru. Hiru zerrendaburuek ez dute «proiektu handirik» egiteko asmorik, baina herriko eraikinak zaindu nahi dituzte.

2001etik 2014ra Azkaineko auzapeza izan zen Jean Louis Ladutxe. Ez zuen berriz aurkezteko asmorik, baina duela hiru hilabete, gazte talde batek galdeturik, erabaki zuen zerrenda baten sortzea: Nahi Dugun Herria. «Gazte talde bat jin zen niregana nahi baitzituzten gauzak aldatu, Azkaineko Herriko Etxeak hartu erabakiez aspertuak eta batzuetan asaldatuak baitziren. Dudan esperientziagatik laguntza galdegin zidaten. Azpimarratu nahi dut programa denek elkarrekin sortu dugula; ez naiz bakarrik aritu», azaldu du auzapez ohiak. Gehitu du bere taldearen %98 berritu duela. «Talde bakarra gara ez dena alderdi politiko bati lotua. Baina badugu lotzen gaituen alderdi bat: Azkaine eta azkaindarrak. Besterik ez», erran du. 

Elorri Manterola Azkaine Bai taldeko zerrendaburu da, eta Gorka Tabernaren segida hartu du —Azkaine Bai zerrenda bigarren iritsi zen 2020ko herriko bozetan, bozen %24,30 lorturik—. Haren zerrenda «abertzale» moduan definitu du, baina baita «ekologista», «feminista» eta «aurrerakoia» ere. Uste du hauteskundeen helburu nagusia «herri ttipiaren bizia mantentzea» dela, biztanleriaren emendatzea eta turismoaren emendatzearen aitzinean. «Jendetzaren handitzeak eragiten du herritarren harremanetan. Lehen, denek elkar ezagutzen zuten; orain, ez da gehiago kasua. Hori hobetu behar dugu. Uste dut eta espero dut zerrenda guztien helburua hori izanen dela». Azkaine Bai zerrenda orotariko herritarrez osatua da: «Azkaindarrak, aspaldikoak, eta berriki jinak, euskaldunak, frantsesak, gazteak, ez hain gazteak, irakasleak, herriko bizian inplikatuak direnak, gaztetxekoak, laborariak...».

Benedicte Luberriaga oposizioko zinegotzia eta departamendu kontseilaria izan da. 2014tik 2020ra arte gehiengoko axuant izan zen, baina 2020ko hauteskundeendako, auzapezarekin izandako zenbait desadostasunengatik, erabaki zuen bere aldetik zerrenda bat sortzea, Azkaine Bizi zerrenda. Hirugarren iritsi zen bigarren itzulian, bozen %21 lorturik. Aurten ere berriz aurkeztuko da, Entzun Azkaine zerrendarekin. Aurtengoan bozei begira «prestatuago» eta «konfiantza handiagoz» aurkeztu da. 2024an hasi zen zerrenda osatzen, Azkaineko elkarteekin, saltzaileekin eta eskoletako burasoekin batera, eta, 2025eko irailean, herrirako nahi duten proiektua prestatzen hasi ziren. Urtarrilean aurkeztu zuen zerrenda. «Herritik eta herrirako sortua izan den programa egin dugu. Gure heineko programa da».

Bertakoak «lagundu»

Trantsizio ekologikoa izanen da Azkaine Baik lehenetsiko dituen gaietariko bat. Azkaine kostaldearen eta mendialdearen artean dago, Larhun mendiaren oinetan. Hortaz, Manterolak «beharrezkotzat» jo du ingurunea eta mendiak zaintzea. Horrez gain, gero eta laborari gutiago direnez, haiek lagundu nahi ditu, neurriak hartzeko babestuak izaten lagundu. Uste du «lana» badela gai horren inguruan. Horretarako, Azkaine Baik duen proiekturik handiena litzateke «sukalde zentral» bat sortzea eta «herriko baratze» bat: «Sukalde eta erosketa gunea izanen da, zeinetan inguruko laborariek beren produktuak salduko dituzten. Eta baratzea, justuki sukalde hori laguntzeko».

Hainbat lehentasunen artean, herriko elkarteak sustatu nahi ditu Luberriagak. Kontseilariak uste du elkarteek oraindik ez dituztela behar lituzketen baliabideak, bereziki, azpiegiturei begira: «Hainbat elkartetako kideek erraten digute azpiegiturak ez direla trenpu onean, eta zaharkituak direla». Ber haritik, orokorrean, urte anitzetako zaharberritze plan bat prestatu du jadanik eraikiak diren azpiegitura eta eraikinak konpondu eta zaintzeko. Ez du eraikin berririk egin nahi, ekonomikoki baliabide «eskasa» baita haren iduriko. Etxebizitzaren arloan, ez da bizitegi berriak garatzearen aldekoa: «Heldu den agintaldirako jadanik etxebizitzak eraikitzeko baimen anitz izan da. Orotarat, 150 eta 200 bizitegi sozialen artean identifikatu ditugu. Beraz, gure xedea izanen da biztanle berriei harrera ona egitea azpiegiturak hobetuz, bideak, garraioak, parkingak... Bizitegi berriak eraiki ordez».

Hari beretik, Ladutxek erran du programa «aberatsa» osatu dutela, lehen xedea izanki inbertsioak «mugatzea»: «Hori erratean jendeak uste du ez dugula deus egin nahi. Aurkakoa da. Jada badenaren zaintzan emanen ditugu indarrak. Baditugu proiektu biziki zehatzak: badakigu zehazki zer berritu nahi dugun, zer kostu izanen duen, eta abar. Horien artean zaindu nahi ditugu bideak, bideen segurtasuna, azpiegiturak, herriko guneak, eta erromatar zubiaren ingurua, adibidez». Kiroleta kirol gunearen berritzea da programan duten proiekturik «handiena». Guneak 900 bat lizentziadun ditu, eta Ladutxek erran du kirola behar bezala egiteko azpiegiturarik ez dutela. «Gure proiektuak ez dira milioiak kostatuko lituzketen inbertsioak. Badugun buxetaren araberakoak dira».

Herriaren animazioari indar berria eman nahiko lioke Entzun Azkaine zerrendaburuak, eta horren lortzeko gazteendako gune bat sortu nahiko luke. Luberriagaren aburuz, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako gunerik ez da Azkainen. «Jadanik badugu aisialdi zentroa, baina nerabeentzat polo bat sortu nahiko genuke, ez baitzaie deus proposatua herrian. Animatzaileekin lan eginen genuke, ahalik eta animazio egokienak proposatzeko. Gazteak ere ongi sentitu behar dute Azkainen».

Euskararen barometroa

Euskararen aldeko neurriei begira, Euskal Konfederazioak plazaratu duen Euskararen Barometroaren itunaren berri ukan du Luberriagak, baina ez dio itunari erantzunen: «Erabaki dugu Azkainetik kanpo jiten zaizkigun proposamen edo eskariak ez onartzea, ez hautatu behar izateko: zergatik proposamen hau onartu beharko genuke eta beste hau ez? Ondorioz, itun horien kanpo egonen gara». Aldiz, EH Baiko zerrendaburuak azpimarratu du Euskal Konfederazioaren ituna jadanik izenpetua dutela, eta euskararen aldeko «apustua» eginen zutela, euskara plan bat eginez. «Orokorrean euskara galtzen ari da; gainera, kostaldetik hurbil gara, eta badakigu hiztun gero eta gehiago galtzen ari garela. Beraz, lan handia egin nahi dugu euskara salbatzeko, euskararen alde, euskal kulturaren alde, eta euskal hezkuntzaren alde», azaldu du Manterolak. Gehitu du plana herritarrekin eratuko dutela, dela langile edo elkarteetako kide, dela gazte edo saltzaile, denei «egokia» zaien lan bat osatzeko.

Ladutxek ere Euskararen Barometroaren itunaren berri ukan du, baina ez du zehaztu ituna segituko zuenetz. Halere, kontatu du herriko etxearen barnean euskarari garrantzia ematen ziola, «inportantea» egiten baitzaio gaia. Gehitu du zerrendan hautagai anitz badela euskararen eta euskal kulturaren aldeko ahaleginik egin nahi duena.

DATUAK

  • Demografia. 4.561 biztanle zituen 2025ean, INSEEren arabera. 
  • Boz zerrenda. 3.923 herritarrek dute bozkatzeko eskubidea.
  • Herriko kontseilua. 27 hautetsi.
  • Euskal Hirigune Elkargoa. Ordezkari bat.
  • 2020ko emaitza, bigarren itzulian. Jean Louis Fournier: %37,15; Gorka Taberna: %24,30; Benedicte Luberriaga: %21,17; Pierre Clausell %17,36.
  • 2026ko hautagaiak. Jean Louis Ladutxe (Nahi Dugun Herria); Elorri Manterola (Azkaine Bai); Benedicte Luberriaga (Entzun Azkaine).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA