Euripean eman diote azken agurra Carlos Garaikoetxeari. Tantaka-tantaka, Iruñeko San Alberto beilatokiaren atariraino iritsi da aterki beltzen desfilea, eta beilatokia topaleku eta aterpe bihurtu zaie «erreferente, lider eta lagun» izandako lehendakaria omendu nahi izan dutenei. Han egin dute topo senide eta lagunek, baina baita Euskal Herri osoko ordezkari politiko, sozial eta kultural ugarik ere. Doluminak eta besarkadak. Begitarte ilunak eta oroitzapen partekatuak. Euskarazko hitz batzuk ahapeka beilatokiko pasabideetan, kanpoko euri tanten tarrapatak apalduta.
Senideen ostean, Eusko Alkartasunako ordezkariak izan dira Ermitagaña auzoko beilatokira bertaratzen lehenak. Han izan dira, besteak beste, Maiorga Ramirez eta Miren Aranoa parlamentari ohiak, eta baita Joseba Azkarraga sailburu ohi eta Sareko bozeramailea ere. EAko zuzendaritzaren izenean, Eba Blanco idazkari nagusiak adierazi du Garaikoetxearen heriotza «galera handia» izan dela alderdiarentzat, «baina baita Euskal Herri osoarentzat ere». Lehendakariaren figura politikoa nabarmendu du Blancok: esan du, besteak beste, «aparteko estatu gizona» izan zela, eta beti egon zela «akordioak lortzeko prest». Diktaduraren ostean Garaikoetxeak gidatutako «eraikuntza instituzionala» izan du hizpide, eta horren adibidetzat jo ditu Osakidetzaren eta Ertzaintzaren sorrera, euskararen normalizazio prozesua eta ikastolei emaniko bultzada.
Moketa gainean eta bulego handietan eginiko politikagintzaz harago, baina, Blancok azpimarratu du Garaikoetxeak bazekiela «euritako botak janzten eta lokatzetan ibiltzen», eta gogora ekarri du lehendakariak 1983. urteko uholde larrietan jokatu zuen rola.
Irujo: «Idealista porrokatua, abertzale sutsua»
EAko ordezkarien ostean, EAJko zenbait eledun ere bertaratu dira Garaikoetxeari azken agurra ematera. Elkarrekin heldu dira Nafarroako Gobernuko Industria kontseilari Mikel Irujo eta Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde.
Irujoren ustez, Garaikoetxea erreferentziazkoa izan zen, «dena hutsetik eraiki behar izan zuen belaunaldi oso baten ikur». Euskararen alorrean lehendakariak eginiko lana nabarmendu du, batez ere: «Beste askorekin batera, Carlosek bere poltsikotik jarri behar izan zuen dirua ikasmateriala erosteko, irakasleak kontratatzeko eta euskarazko hezkuntza sistema oso bat hutsetik sortzeko». Garaikoetxeak bizitza osoan eutsi zien filosofia eta konpromiso horiei, Irujoren esanetan: «Idealista porrokatua eta abertzale sutsua izan zen, eta egiten zuen guztiaren atzean konbikzio sakon bat zegoen». Kontseilariak Nafarroa Oinez-en leloetako bat ekarri du gogora, lehendakari izandakoaren izaera definitzeko: «Ezina ekinez egina. Lelo horrek ezin hobeki islatzen du Garaikoetxearen figura».
Unai Hualdek, berriz, Garaikoetxeak «EAEren instituzionalizazioan eta autogobernuan» eginiko lanean egin du azpimarra, eta haren figura politikoa goraipatu du: «Parlamentari fina izan zen, ez soilik Iruñean, baita Gasteizen eta Estrasburgon ere. Momentu gogor eta erabakigarrienetan, konpromiso sendoa erakutsi zuen giza eskubideen alde, demokraziaren alde eta bere herriaren alde».
Asiron: «Nafarroaren euskal arima defendatu zuen»
EH Bilduren izenean ere, zenbait ordezkari politiko bertaratu dira San Alberto beilatokira; besteak beste, Adolfo Araiz parlamentaria eta Miren Zabaleta, koalizioak Nafarroan duen arduradun politikoa. Iruñeko alkate Joseba Asironek hartu du hitza, kanpoaldean bildutako kazetarien aurrean. Esan du Garaikoetxearen figura «giltzarri» izan dela Euskal Herriaren historian, baina, ororen gainetik, «pertsona handia» izan zela: «Iruindarra zen sortzez, eta nafar sutsua, bokazioz. Edonora zihoala ere, Nafarroaren euskal arima defendatu zuen beti».

Asironen eta Garaikoetxearen beraren ideologiatik oso urrun daudenek ere penaz hartu dute lehendakari izandakoaren heriotza. Hunkituta agertu da Juan Cruz Alli, UPNrekin Nafarroako Gobernuko lehendakari eta CDN alderdiaren sortzaile izandakoa. Aspaldiko laguna zuen Garaikoetxea. «Susto galanta hartu nuen atzo, Carlos hil zela jakin nuenean. Eskola garaitik ezagutzen genuen elkar, eta biok arbaso komunak genituen Arrotxapea auzoan. Jada zahar garenok biziki hunkitzen gaitu lagun min baten heriotzak, argi erakusten duelako geure amak esan ohi zuen hori: inor ez dela hazitarako gelditzen».
Garaikoetxearen ibilbide politikoa laburbildu du Allik, eta haren garrantzia azpimarratu: «Euskal politikagintzari dagokionez, erabakigarria izan zen lurralde historikoen erregimena finkatzeko eta autogobernu sendo bat eraikitzeko». Garaikoetxea eta Alli behin baino gehiagotan aritu ziren eztabaidan, eta posizio kontrajarriak defendatu zituzten negoziazio politiko ugaritan, baina horrek ez zituen banandu: «Niretzat, pertsonak doaz lehenbizi, eta gero, gainerakoa. Politika anekdota hutsa da gure bizitzan. Carlosek formakuntza humanistiko sakona zuen, eta elkarrizketarako gaitasun handia. Besteengana hurbiltzeko joera zuen, eta horrek negoziazio guztiak errazten zituen».
Txibite: «Demokraziarako trantsizioa kudeatu zuen»
Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibite ez da beilatokian egon, baina doluminak helarazi dizkie Garaikoetxearen senideei, eta iragarri du San Frantzisko Xabierkoaren elizan egitekoa den hiletara joanen dela. Txibitek nabarmendu du lehendakari ohiak «giza eskubideak defendatu» zituela une oro, eta «ekarpen handia» egin ziola elkarbizitzari: «Euskadi demokratiko bateranzko trantsizioa kudeatu zuen, eta une oro egin zuen giza eskubideen eta justizia sozialaren alde. Eredu izan zen elkarbizitzaren eraikuntzan». Txibiteren ordez, Javier Remirez lehendakariordea izan da beilatze ekitaldian. Garaikoetxeak «elkarbizitzaren, bakearen eta askatasunaren alde egindako lana» goraipatu du hark ere.
Ordezkari politikoez gain, kirolaren, kulturaren eta komunikazioaren arloko zenbait ordezkarik ere azken agurra eman nahi izan diote Carlos Garaikoetxeari. Han izan dira, besteak beste, Fernando Goñi pilotari ohia eta Mirentxu Purroy kazetaria. BERRIA Taldearen izenean ere, beilatokian izan dira Amagoia Mujika Tolaretxipi, BERRIAko zuzendaria, eta Elene Barandiaran Amillano, BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria.
Bihar, Ajuriaenean jarriko dute Garaikoetxearen hil kapera, eta Iruñeko San Frantzisko Xabierkoa elizan eginen dituzte hileta elizkizunak, arratsaldean.