«Gure herriak euskal nortasuna eta ongizatea berpiztu zituzten eragile nagusietako bat galdu zuen atzo». Hitz horiekin omendu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek Carlos Garaikoetxea, zeina atzo hil baitzen. Hari buruzko adierazpen instituzionala irakurri du Ajuriaenean. Frankismo osteko lehen lehendakaria izaki, «autogobernuaren arkitekto nagusia» izan zela azpimarratu du, hari egokitu baitzitzaion Gernikako Estatutua negoziatzea eta martxan jartzea, besteak beste. «Ahalegin horri zor diogu gaurko Euskadi modernoa, guztion harrotasuna pizten duena».
Lehendakariak hiru eguneko dolua ezarri zuen atzo, eta, protokoloak agindutakoa betez, eten egin du bere agenda publikoa. Gobernu kideekin batu da goizean halere, eta, ondoren, sailburu guztiekin batera atera da prentsa aretora —Alberto Martinez Osasun sailburua izan ezik—. Gorbata urdin iluna soinean eta hagaren puntan xingola beltza eskegita zuen ikurrina atzean, euskaraz eta gaztelaniaz irakurri du adierazpena Pradalesek.
Minutu bateko isilunearen ondoren, Carlos Garaikoetxearen familiari eta gertukoei doluminak emateko izan dira Pradalesen lehen hitzak. Atsekabea agertu die haren ibilbide politiko eta instituzionalean lagun izan zituenei ere. Eta azpimarratu du «lehendakari bat baino askoz gehiago» izan zela: «Erreferente bat». «Lehen mailako figura instituzional eta politiko bat galdu dugu. Euskal abertzaletasunean arrastoa utzi duen liderra».
«Lehen mailako figura instituzional eta politiko bat galdu dugu. Euskal abertzaletasunean arrastoa utzi duen liderra»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Gogora ekarri du Jose Antonio Agirre eta Jesus Mari Leizaola lehendakariek erbestean «zilegitasun osoz» mantendu zuten gobernuari «jarraipena» eman zion agintaria izan zela Garaikoetxea. Gerra osteko lehen lehendakaria izaki, kasik hutsetik abiatzea tokatu zitzaiola esan du, guztia baitzegoen egiteko orduan. «Lur jota zegoen Euskadi, eta haren gidaritza hartu zuen. Herriaren itxaropena jota zegoen; ekonomia, krisi larrian murgilduta; industria, gainbehera geldiezinean; eta arkitektura instituzional osoa, altxatzeke», oroitarazi du.
Azpimarratu du, halere, une gogorretan «harrotasunez» gidatu zuela Jaurlaritza: «Zailtasun handiko une haietan ez zuen zalantzarik izan. Talde handi baten babesarekin, lanean hasi zen buru-belarri, herri baten ilusioa eskuan hartuta», adierazi du, eta zera erantsi: «Herri honen aurrean aurpegia eman zuen, baita 1983ko uholdeetan, Bilbo eta Euskadi osoak batera negar egin zutenean».
«Pragmatikoa eta ameslaria»
Garaikoetxearen soslai politikoa nabarmendu du, halaber, eta haren politika egiteko modua goraipatu. Lehendakari «pragmatikoa» izan zela zehaztu du, baina baita «ameslaria» ere. «Beti irudikatu zuen Euskadi libre bat, zazpiak bat eginda, guztiei lekua emango ziena». Eta oroitarazi du diktadurari ez ezik askotariko indarkeriei ere aurre egin ziela, tartean ETArena: «Hitza, elkarrizketa, printzipio etikoak eta demokrazia defendatzen zituen beste guztiaren gainetik».
Azpimarra berezia egin dio Garaikoetxeak euskararen biziberritzean egindako ekarpenari. Aipatu du Garaikotxeak herri elebidun baten alde «tinko» jardun zuela: «Agenda politiko eta sozialaren erdigunean euskararen biziberritzea jarri zuen, herriaren ezaugarririk handiena eta gure nortasun eta kultura bereziaren ondarea zelakoan». Eta iaz Ajuriaenean egindako omenaldian hark esandakoak gogora ekarriz, esan du «Euskadi elkarrekin» eraiki behar dela eskatu zuela, betiere «aniztasuna errespetatuta». Haren legatuari segida emango diela aginduz amaitu du hitzaldia: «Hain ondo gidatu zenuen euskal gizarte osoaren izenean: eskerrik asko zure herriari, Euskal Herriari, zure onena emateagatik. Eskerrik asko bidea erakusteagatik. Izan zinelako gara. Agur eta ohore, Carlos Garaikoetxea lehendakaria».
EUSKADIKO ORKESTRAK ERE OMEN EGINGO DIO
Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari zela eratu zen 1982an Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, egun Euskadiko Orkestra dena. Eta agendaren kapritxoak zer diren, Iruñean da gaur arratsaldean kontzertua ematekoa, Baluarte jauregian, 19:30ean. Bada, emanaldia baliatuko du lehendakariari omenaldia egiteko: minutu bateko isilunea egingo dute kontzertua hasi aurretik. Modu horretan, gorazarre egin nahi diote Garaikoetxeari, eta «herri mailako kultur ikuspegia» eduki izana eskertu. Orkestra euskal kulturaren «enbaxadore» jarduteko sortu baitzuen, Euskal Herriaren ikur. Garaikoetxea abonatua zen, eta azkenekoz apirilaren 14ko kontzertuan izan zen, Baluarten bertan.