Urte politiko berria

Azken txanpan eta etxeko lanak egiteke

Hezkuntza Legea eta Memoria Historikoaren Legea onartzeko ditu Eusko Legebiltzarrak, eta legealdia azken txanpan sartu da. Eusko Legebiltzarrerako bozetarako urtebete baino gutxiago falta da, eta etxeko lan horiek bukatzeko epeak asko estutu dira.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura bat, aurten. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
xabier martin
2023ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Jaurlaritzaren legegintzaldia azken txanpan sartu da. Iñigo Urkullu lehendakariaren eskuetan dago bozetara deitzea, baina, beranduenez, 2024ko uztailean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, hau da, hamar bat hilabete barru. Pandemiaren aroak erabat baldintzatu du Gasteizko gobernuaren eta Eusko Legebiltzarraren jarduera politikoa, eta, ohartzerako, alderdiak buru-belarri sartu dira hauteskunde aroan. Lehenik udal eta foru hauteskundeak iritsi ziren, maiatzaren 28an, eta Espainiako Gorteetarako deialdia ondoren, uztailaren 23an.

Ikusi gehiago: «Estatu eredu berri bat» sortzeko aukera ikusten du Iñigo Urkulluk

Kontua da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrentzat garrantzitsuak diren zenbait lege onartzeke daudela oraindik, tartean Hezkuntza Legea, Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legea eta Klima Aldaketaren Legea. Epeak estutzen hasi dira —urtarrilean ez dago jarduerarik Gasteizko ganberan—, eta hilabete gutxian jarduera politiko bizia egon beharko da legebiltzarrean baldin eta lege horietako batzuk onartuko badituzte.

Gainera, bada Jaurlaritza kezkatzen duen beste aldagai bat egutegiari lotua: Espainiako Gobernuaren osaketa. Pedro Sanchez buru izango lukeen gobernu bat osatuko balitz, Urkulluk izkin egingo lioke arazo gehigarri bati: Espainiako Gorteetarako hauteskundeak berriz egiteari. Lehendakariarentzat ez bailitzateke ez errazena ez egokiena Madrilen beste deialdi bat izan ondotik txertatzea legebiltzarrerako bozen deialdia; tramitean dauden ekinaldi legegileak burura eramatea are zailagoa litzateke. Europako Parlamenturako hauteskundeak, berriz, ekainaren 6tik 9rako tartean egingo dira, eta ekainaren 9a aukera sendoa da, hedabide batzuek kaleratu dutenez, bi hauteskunde deialdiak bateratzeko: Europakoak eta Eusko Legebiltzarrekoak.

Horiek horrela, legebiltzarrerako bozak gertu egoteak erabaki garrantzitsuak hartzera bultzatuko ditu alderdiak datozen hilabeteetan; hasteko, lehendakarigaiak izendatzeko. Alderdi barruko deliberazio oinarrizko horiek ere itzal luzea izan daitezke legebiltzarrean onartu gabe dauden lege horientzat. Izan ere, datorren urteko hauteskunde kanpainarako kontakizunak egituratzeko oztopo edo akuilu bihurtuko dira lege horiei begira erabakitakoak, eduki garrantzitsuak arautuko baitituzte, Hezkuntza Legetik hasita.

Hauteskundeen itzalean

Alderdiak tentu handiz aztertzen ari dira egungo aro politikoa, aldaketa sakonak gertatu baitira azken bi hauteskunde deialdietan. EH Bilduk nabarmen egin du gora, eta EAJk milaka boto galdu ditu deialdi horietan. Ziklo politiko berri bati buruz hitz egiten hasi den honetan, jeltzaleek eta koalizio subiranistak nagusitasuna dute jokoan 2024ko bi deialdietan.

Ziurgabetasun handiko jokaleku horretan, alderdiek zuhur jokatu beharko dute babesten dituzten eta ez dituzten legeei dagokienez. Handik gutxira boto emaileen epaia iritsiko baita.

Ikusi gehiago: Otegik ez du baztertu lehendakarigaia izatea oinarriek hala erabakiz gero

Batera edo bestera, hamalau lege daude agendan onartzeko bidean, baina, Hezkuntza Legea da hilabete batzuk barru amaituko den legealdiari neurria emango diona, hein handi batean. Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz baikor azaldu da ertz sakon eta ugariko lege hori onartzeari buruz galdetu diotenean, betiere indarrean den legealdiaren barruan. Hezkuntza Legearen tramiteak aurreko legealdian abiatu zituzten. Atzerapen eta luzapen ugari izan ditu bidean: gobernuak 2022an aurkeztu behar zuen lege proiektua, eta 2023ko apirilean aurkeztu zuen, maiatzaren 28ko bozen atarian.

Izan ere, Jaurlaritzaren alde jeltzaleak arazo nabarmenak ditu bere bazkide PSE-EErekin, eduki hori dela eta. Besteak beste, aurrerantzean euskarak hezkuntzan izango duen presentziak kezkatzen du PSE, hizkuntza ereduak alegia. EH Bildu eta EAJ prest azaldu dira, ordea, lege hori aurrera ateratzeko, euskal gizartearentzat eta euskararen geroarentzat funtsezkotzat jotzen baitute. Dena den, ikusteko dago alderdiek gutxieneko adostasun bat lortzerik izango ote duten legeak jasotzen dituen eduki horietan, eta Gasteizko ganbera desegin aurretik gehiengorik osatuko ote den legea onartzeko.

Alderdiek lege proiektuaren inguruan esandakoak aintzat hartuz, litekeena da osoko zuzenketa batzuk egotea legea onartzeko prozesuan, PPrenak eta Elkarrekin Podemosenak, akaso, eta tramitazioa are gehiago luza dezake egoera horrek. Horregatik, ezin da baztertu Hezkuntza Legea 2024ko bigarren erdian abiatzekoa den legegintzaldira atzeratzea, Bildarratz sailburuaren baikortasuna gorabehera.

Memoria demokratikoa

Zain dagoen beste lege garrantzitsu bat Memoria Demokratikoaren Legea da. Haren aurreproiektua idatzia dute aspaldian, eta Gobernu Kontseiluak onartua du jada. EH Bilduk ekarpen handia egin dio lege proiektu horri, eta gobernua osatzen duten bi alderdiekin, EAJrekin eta PSE-EErekin, legea babestuko duela adostuta dauka ekainaz geroztik. Arau horren bidez, 1936tik 1978rako aldi historikoan, 36ko gerran eta frankismo garaian izandako giza eskubideen urraketak ikertuko dituzte zientzialariek. Litekeena da hilabete gutxi barru onartzea legea.

Tramitean dauden arauen artean, bada azpimarratzea merezi duen beste lege bat ere: Klima Aldaketaren Legea. Trantsizio ekologikoa arautzeko lege proiektuak maiatzean jaso zuen gobernuaren oniritzia. 2050. urterako klima neutraltasuna lortzea du helburu lege horrek, baina oposizioko taldeek oraindik ez dute modu argian jakinarazi zer jarrera hartuko duten lege horren inguruan. EH Bilduk helarazi du jatorrizko idatzia «labur» geratzen dela, eta uste du «aurrerapauso handiagoa» eman behar duela Gasteizko ganberak, ingurumen krisi sakonari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.