Sanagustin aretoan aurkeztu dute Azpeitiko Herritarren Foroa, giza eskubideen urraketak eta "urteetako indarkeria" pairatu duten herritar "askotarikoz" osatutako taldea. Urte luzez bizitakoaren kontakizuna eman dute bertan. 2014ko martxoan hasi zen taldea biltzen, elkar ezagutu, hurbildu eta elkar ulertzeko asmoz. Bilerak "modu diskretuan" eta "errespetuzko giroan" egin, eta "zintzotasunez" kontatu dizkiote elkarri bizipen eta oinazeak: "Orain Azpeitiko herritarrekin urte luze honetan bizitutakoaren kontakizuna partekatu nahi dugu".
Taldearen pluraltasuna nabarmendu dute, eta Lokarrin jardun zuen Aitziber Blanco aritu da dinamizatzaile lanetan. Eskerrak eman dizkie udalari eta talde politikoei, horien eskariz sortu baitzen taldea. Alaitz Aguado, Jexux Aizpurua, Eneritz Albizu, Miren Alcedo, Jabier Altuna, Joxe Arregi, Felipe Murillo, Miren Odriozola, Manoli Uranga, Eneka Urbieta eta Mertxe Urtuzaga Otaegi dira foroko partaideak.
"Errespetua" nabarmendu dute. Aguado: "Nahiz eta ikuspegi desberdinak izan, errespetua izan behar dela ikasi dugu". Azaldu du taldean parte hartzeak "garai bateko etsaien arrazoiak ezagutzeko" balio izan diela: "Elkarrekin bizi gaitezkeela ikasi dugu".