«Ez zegoen inolako arrazoirik Inaxio Uria hiltzeko. Ez da posible hilketa harekin ados egotea edo kontra ez egotea. Ez da onargarria, injustizia izan zen». Hala mintzatu zen atzo Azpeitiko (Gipuzkoa) alkate Eneko Etxeberria (EH Bildu). Uria ETAk hil zuen, 2008an, Loiolako santutegiaren ondoan. Azpeitiko herriak harekiko «zor etikoa» duela esan du Etxeberriak, eta «barkamena» eskatu die senideei: «Inaxioren heriotzarekin gutako bat galdu genuen».
Inaxio Uria buru zuen enpresaren 50. urteurreneko ekitaldian esan ditu hitzok Etxeberriak. Haren hitzaldia entzuten izan dira biktimaren hurkoak eta ordezkaritza politiko zabal bat; besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea, Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia, Borja Senper PPrena, eta Pello Urizar, Julen Arzuaga eta Xabier Olano EH Bilduko eledunak.
Etxeberriak bere hitzartzean azpimarratu du eragile politikoenbeharra dela gertutasuna erakustea ETAk hildako herrikidearen senideei eta lagunei. «Tamalez, askotan bakarrik sentitu zaretela uste dut». Hori zuzentzeko, bere esku dagoen guztia egingo duela hitzeman die. «Kitatzeko zaila den zorra da, eta ulertu behar da konpromiso gizatiar eta politiko gisa. Azpeitiarroi ez zaigu ahazten haren hilketa».
Iraganaren analisi kritikoaren garrantzia ere azpimarratu du Etxeberriak, eta hori modu kolektiboan egin behar dela adierazi du. «Denborak dena sendatzen duela diote, baina ez da egia. Sendatzeko beste tresna batzuk erabili behar ditugu. Halakorik ezin da berriz pasatu, eta iraganetik ikasi behar dugu. Sufritu dutenen eta Inaxio Uriaren oroimenaren errekonozimendua aldarrikatu behar dugu».
Azpeitiko alkateak barkamena eskatu die Uriaren senideei

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu