Azpiratua eta, hala ere, loratzeko kapaz

Euskarak gerra aurretik hasia zuen pizkundea guztiz gerarazi zuen frankismoak, eta bazter eremuetarako utzi nahi izan zuen hizkuntza, azpiratuta; diktaduraren hondarrean, ordea, askatasun haizeekin lotuta, loratzen hasi zen berriz.

Francoren irudi bat, gaztelaniaren aldeko mezu batekin. BERRIA
Francoren irudi bat, gaztelaniaren aldeko mezu batekin. BERRIA
arantxa iraola
2025eko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Francok euskara debekatu zuen». Maiz errepikatzen den esaldia da, frankismoaren inguruan nagusitutako iruditerian guztiz txertatutakoa eta, dudarik gabe, hizkuntzaren inguruan erregimen frankistak egin zuena labur antzean esplikatzeko ahalegin bat dago horren atzean: izan ere, euskara irmo arbuiatu zuen diktadurak, eta gerra aurreko urteetan hizkuntzaren inguruan abiarazia zen pizkundeari bortxaz erauzi zion bihotza.

Esaldi horren atzeko ñabardurei ere erreparatu behar zaiela uste du, ordea, Kike Amonarriz soziolinguistak. «Frankismoa bera ezin liteke monolitikoki aztertu: ez erregimena bera barrutik, ez eta gizartean izan zuen bilakaera ere». Eta, paradoxikoki, euskararen inguruko loraldi handi bat ernatu zen frankismoaren hondarrean, 1960ko hamarraldiaren bukaera aldera, diktaduraren kontrako mugimenduarekin batera. Horra garai hartako hainbat mugarri ezinbesteko: 1965ean, Ez Dok Amairu kultur mugimenduak lehen urratsak egin zituen; 1968an, euskara batuaren oinarriak jarri ziren. Ikastolen mugimendua, halaber, urrats sendoak egiten hasia zen ordurako. 

Gazteekin-eta izan dituen solasaldietan maiz gertatu zaio Amonarrizi. «'Euskarak zergatik egin du atzeraka?'. Galdera egin, eta automatikoki azaltzen da izen bat: 'Franco'. Francok zer egin zuen? 'Euskara debekatu'». Uste du, ordea, gertatu zenaren gaineko diskurtso osoagoa behar dela. Gainerakoan diktadura «zuritzen» duten korronteek beren argudioak ereiteko lur emankorregia aurkitzen duten susmoa du. Izan ere, debeku erabatekoaren ideiarekin, adibidez, ezin da ulertu nola egin ziren diktadura betean, esaterako, bertsolari txapelketak, edo eta nola agertzen ziren, esaterako, hainbat ekitalditan euskarazko kartelak. 

Onespenarekin

Amonarrizek berak bilduak dituen dokumentu hainbatetan ageri dira Francoren erregimenaren onespenarekin euskaraz egindako ekinbideak eta euskaraz idatzitako testuak. Ezusteak hartzen dira. Tolosan sortua da bera, eta 1948an herrian filmatutako irudi bat lehenengoz ikusi zuenean sentitu zuen harridura gogoan du; Francok herrira egindako bisita batekoa da, eta euskarazko kartel handi bat agertzen da jarrita, lelo honekin: Gipuzkoako nekazari anaitasunak Francorekin. «Euskara hutsezko pankarta bat, Francoren alde, Tolosan». 

«Etapa diferenteak izan ziren, eta jarrerak ere ez ziren erabatekoak: falangisten eta karlisten jarrerak, adibidez, ez ziren gauza bera»

KIKE AMONARRIZ Soziolinguista

Horregatik  Amonarrizek uste du errotu diren zenbait ideiaren gainetik gogoeta «finagoak» egin behar direla, eta aintzat hartu behar dela, gainera, diktadura barruan egon zirela hainbat ikuskera, eta denborarekin, gainera, aldatuz joan zirela. «Frankismo barruan etapa diferenteak izan ziren, eta jarrerak ere ez ziren erabatekoak; falangisten eta karlisten jarrerak, adibidez, ez ziren gauza bera, edo ez zen gauza bera 1940a edo 1970a».

(ID_17629674081325) (/EZEZAGUNA)
Euskarazko kartel bat Francori harrera egiteko, 1948an diktadoreak Tolosara egindako bisita batean. BERRIA

Franco ez zen izan, gainera, euskararen atzeraldiaren motibo bakarra. Beste hizkuntza gutxitu askoren gisan, ahultzen hasia zen aurrez ere, eta horren gaineko kezka eta egoera iraultzen saiatzeko ahaleginak bizi-bizi zeuden, hain justu ere, diktadoreak agintea hartu aurreko urteetan. Esnatu ala hil liburu argitaratu berrian bikain jaso dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok zer gertatu zen aurretik, eta zelako eragin gaiztoa izan zuen diktadurak euskararen bilakaeran: «XX. mende hasierarako, galera prozesu argi batean zegoen euskararen transmisioa, eta mugarritzat har daiteke foruen galera, ordezkapen prozesuaren azkartzaile gisa; 1921-1931 artean eten egin zen jaitsiera, eta, hipotesi gisa, aldaketa hori lotu daiteke abertzaletasunaren eskutik mugimendu euskaltzalea indartu izanarekin; eta 1936tik aurrera, gerra ondoko diktaduran, hor dago galerarik handiena, egoera erabat makurrean: milaka euskaltzale kartzelan edo erbestean, aurrerabidearen ikur izan ziren hainbat euskaltzale hilda, kalean euskaraz egitea galarazita…».

Errepresioa

Frankismoak euskara onartu zuen menderatua, gutxietsia, etxerakoa. «Frankismoak uzten zuen euskaraz egiten, baita sustatu ere, baldin eta garai hartan sano regionalismo deitzen zenaren barruan sartzen bazen. Mentalitate hori ondo azaldu behar da», azaldu du Amonarrizek. «Frankismoak zera lortu nahi zuen, euskararen garapena moztea: garapen kulturala, nazionala, politikoa. Zertarako nahi zuen euskara? Bazter hizkuntza izateko: baserri giroko herri txikietarako, folklore mailarako». 

«Frankismoak bazuen zentsura sistema orotarikoa, baina gure kasuan zentsura doblea zen, hizkuntza ere zentsuratua zelako»
MIREN IBARLUZEA

EHUko irakasle eta ikertzailea

 

Miren Ibarluzea EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Itzulpengintza eta Literatura irakaslea da, eta ikertzailea. Liburugintzaren eta itzulpengintzaren ikuspegitik frankismoa aztertuta, hori dena argi ikusten dela azaldu du. Gerra aurretik euskara eta euskal kultura sustatzeko egon zen dinamikan «etete bortitz bat» egin zuen frankismoak. «Materiala erretiratu, materiala erre, materiala giltzapetu...». Ondorioz, atzetik heldu zirenek «hutsetik» hasi behar izan zuten bidea. Diktaduraren lehen urteetan, bide hura guztiz ez mozteko ahalegin apurrak erbestean egin behar izan ziren. Neke handiz egin ziren beti ahalegin horiek, eta «salbuespenekoa» eta «hartzaile gutxikoa» izan zen beti ekoizpen hori. Baina ezinbestekoa: «Eskerrak erbesteari, zubi lana egin baitzuen gerraurreko eta gerraosteko kulturaren artean».  

Euskal kulturak zentsura «bikoitza» pairatu zuen. «Frankismoak bazuen zentsura sistema bat orotarikoa, baita espainolez argitaratzen ziren gauzetarako ere, baina gure kasuan zentsura doblea zen, hizkuntza ere zentsuratua zelako», azaldu du Ibarluzeak. Gogoratu du «ezabatzailea» izan zela oso Francoren diktadura; bere aldeko propaganda egiten baino gehiago, beti aparteko ahalegina egin zuela kultur adierazpenak isilarazten. Eta euskara bazter hizkuntza izatea bilatu zuen zentsura horren bidez ere. «Euskaraz egiten den kultura gorenaren kontra dago frankismoa». Zenbait fase izan zituen jardun horretan. «Deuseztatze» arotik «asimilazio» arora egin zuen, 1955etik aurrera, bereziki. «Esaten dute: 'Baimenduko dugu zerbait euskaraz, euskara ez dadin soilik nazionalisten bandera izan. Euskara tradizioarekin lotzen den heinean, baimenduko dugu'». Aurrerabideak eginda ere, giza zientzietako lanei-eta, saiakerari bereziki, traba asko jarri zizkieten beti. 

Egoera soziolinguistikoan eragina izan zuen horrek guztiak eta lortu zen jendeak mespretxuz hartzea hizkuntza: gutxiestea. Bere nerabe aroan argi ikusi zuen Amonarrizek. 1961ekoa da, Tolosa inguruan badira herri txiki eta euskaldun asko, eta gaztetxoa zenean soilik hango herritarren ahotan aditzen zuen euskara. «13 urte nituenean, ez zegoen euskaraz egiten zuen kuadrilla bakar bat ere Tolosan. Hori lortu zuen Francok. Guk barre egiten genien gaztelaniaz gaizki egiten zuten herri txikietakoei». Transmisioa ere eten egin zen familia askotan.

Horiek horrela, 60ko hamarraldian euskararen inguruan loratu zen mugimendua «leherketa sozial baten» parte izan zela uste du Amonarrizek. «Frankismoaren aurka bazeunden, euskararen alde zeunden: automatikoa zen. Beste istorio bat zen euskaraz egitea, baina giro hori bazegoen. Francok debekatu zuenez, jazarri zionez, baztertu zuenez, euskararen aldeko aldarria ere bazen askatasunaren, demokraziaren, gizarte berriaren aldekoa». Eta aldatu egin zen euskararen inguruko ikuskera. «Euskara zen modernitatearen aldeko apustu bat».

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.