Danbor hotsak Bordeletik entzun zituela erran die Jean-Marc Huart akademia errektoreak Seaskako ordezkariei Angeluko (Lapurdi) ikastolara egin duen bisitan. Irakasle postuak direla-eta sortu den gatazkaren erdian, euskarazko irakaskuntzari buruz informatzera etorri da Euskal Herrira. Eskola publikoetan egon da goizean, eta Ikas zentroa bisitatu du arratsaldean; Seaskarekin bilera eginen du ondoren. «Bisita sinbolikoa da, lehen aldia da errektore bat ikastola batera datorrela. Sare honi eta euskarazko irakaskuntzari diedan interesa erakusten du». Bisita egin aitzin erantzun die kazetarien galderei. Ez du iragarpen zehatzik egin, baina aitzinamenduak izanen direla erran du.
Protesta egin zuen Seaskak ostiralean heldu den urteko postuak eskatzeko. Erantzun konkretuak emanen dizkiezu?
Norabide zehatz batean egin behar da gogoeta. Euskara ikasten duten ikasleen kopuruak gora egin du azken hogei bat urteetan, eta gora egiten jarraitu du azken urteotan. Seaskak postu gehiago lortu ditu aurten, eta urte guztiz lortu ditu gehiago. Beraz, haiekin lan egin behar da norabide batean, bilakaeretan; eta hori egitera etorri naiz gaur.
Seaskak eskatzen dituen postuak EEPn adostu zituzten joan den azaroan. Nolatan ez dituzte jaso?
Maila nazionalean diren postuen menpe daude postu horiek, Estatuaren aurrekontuaren arabera hertsatua den egoera batean. Ikasle gehiago hartzeko aukera ematen duen postu emendatze bat izan da, eta hori da atxikitzen dudana. Seaskako jendearekin solastatuko gara, jakiteko nola laguntzen ahal diegun eta etorkizuna nola ikusten dugun.
Konkretuki, Senpereko Kattalin Elizalde kolegioan 39 ikasle lirateke ikasgela bakarrean. Irakaskuntzarako baldintza duinak iruditzen zaizkizu?
Hortaz ari naiz. Mintzatuko gara, ikuspegiak trukatuko ditugu, jakiteko sarea nola lagun dezakegun, sare horretara etorri nahi duten ikasleak hartzeko.
39 ikasle ikasgela bakarrean normala iruditzen zaizu?
Erantzun dizut.
Seaskaren hitzarmena iraungia da 2022tik.
Hitzarmen berri bat landu behar dugu Seaskarekin eta EEPrekin.
«Uste dut garrantzitsua dela euskara ikasten duten ikasleek azterketak egin ahal izatea eta azterketetan haien ikaskuntza balioztatzea, hizkuntza zaila baita»
Aitzineko hitzarmenean baxoko ahozkoan euskaraz egiteko aukera aurreikusten zen. Ez zen errespetatua izan. Ikasleek baxoan euskaraz egitearen aldekoa zara?
Azterketen arautzea Frantzia mailakoa da. Heldu den astean bilkura bat izanen da Bordelen, Dgesco eskola irakaskuntzako Frantziako zuzendaritzako zerbitzu teknikoekin, justuki azterketen gaia aipatzeko.
Uste dut garrantzitsua dela euskara ikasten duten ikasleek azterketak egin ahal izatea eta azterketetan haien ikaskuntza balioztatzea, hizkuntza zaila baita.
Nork parte hartuko du bilkura horretan?
EEPk parte hartuko du, nire zerbitzuekin batera. Lehenengo bilera izango da. Nik uste dut gauzak mahai gainean jarri behar direla; bakoitzak ulertu behar du pixka bat egoera, ulertu behar du zerk funtzionatzen duen. Eta alde bakoitzak bere diagnostikoa egin behar du. Hori amaitzean, has daitezela eztabaidak.
Nola esplikatzen duzu urtero blokeoak izatea azterketekin?
Bada bilakaera bat, brebetako zientzietako proba sail guztietakoek egiten ahalko dute euskaraz aurten; hala nahi duten ikasle guziek. Ez da blokeo bat, bilakaera interesgarri bat da, funtsean baimen berezi batean oinarritzen dena. Baina bakoitzaren borondate ona erakusten du.
Ministerioaren estrategia ote da irakaskuntza postuen inguruan gatazka sortzea, azterketen gaian aitzinamendurik egin behar ez izateko?
Azterketen gaia aitzinatuko da, bilkura bat izanen baita heldu den astean. Beste behin: bilkura teknikoa izanen da, elkarrizketa gehiago abiatzeko.

Sail elebiduna egituratzeko borondatea agertu duzu. Zer erran nahi du, konkretuki? Zer aurrerapen espero daiteke?
Hau da egoera gaur egun: Lehen Mailan ikasleen %44k ikasten du euskara; %22 baizik ez dira kolegioan eta %10 lizeoan. Biziki estruktura piramidala da. Nik nahiko nukeena da estruktura pixka bat zilindrikoago batera pasatzea, hau da, ikasleek euskarazko irakaskuntzarekin aitzina jarraitzea kolegioan eta lizeoan, kalitate exijentzia atxikiz.
Irakasleak ere behar ditugu, batzuetan lanak ditugu aurkitzeko eta prestatzeko. Nire kezka da orain arteko kalitatea atxikitzea eta norabide horretan ikasleen emendatzea kualitatiboki ere egin ahal izatea.
Nola ikusten duzu publikoaren eta pribatuaren arteko banaketa?
Publikoan lan egin behar da pribatua laguntzen segituz. Hori da egiten duguna sare pribatuko postu kopurua emendatuz. Bi sareek badute lekua.
Kolegio eta lizeo publikoetan murgiltze eredua garatzearen aldekoa zara?
Ikasleek euskara ikastearen aldekoa naiz. Ahalik eta modalitate onenak bilatu behar dira. Gaur goizean murgiltzean ari den ama eskola batean nengoen. Nik uste dut euskara hizkuntza zaila dela, eta ikasketa handia behar duela, batez ere ikasleek erran didatelako familian ez dutela euskaraz hitz egiten. Beraz, araudiak dioenera iritsi behar da, hau da, bi hizkuntzak maila berean menderatzea. Horrek motibatzen nau, eta horregatik nago gaur hemen.
«Ministroaren kabinete zuzendariak gai garrantzitsutzat jo du EEPren aitzinkontua. Uste dut gauzak aitzinatzen ahalko direla»
EEPren aitzinkontua geldirik da. Ministerioak parte hartzea emendatuko du?
Elkarrizketak bidean dira. Baikorra naiz gai horri buruz. Baina Estatuaren parte hartzea da aipu dena, ez da bereziki Hezkuntza Ministerioa. Uste dut ez dela arrazoirik gauzak ez daitezen baikorki aitzinatu.
Errektore gisa emendatzea babestuko duzu?
Ministroaren kabinete zuzendariak gai garrantzitsutzat jo du. Uste dut gauzak aitzinatzen ahalko direla.