Jean Marc Huart Bordeleko Akademiako errektorearekin parez pare mintzatzeko aukera izan du Seaskak astelehen arratsalde honetan. Angeluko (Lapurdi) ikastola bisitatu du lehenik, eta Seaskaren egoitzan elkartu dira ondotik. Heldu den ikasturterako esleitu dizkieten postuez kexu agertu da Seaska azken egunetan, eta 2022tik iraungia den hitzarmena negoziatzeko elkarrizketak abiatzeko eskatu du, besteak beste, azterketak euskaraz egiteko eskubidea lortzeko. Euskal Herrira etorririk iragarpenen bat eginen ziela espero zuten Seaskako ordezkariek, prentsaren aitzinean ezer zehatzik erran ez badu ere. Arratsalde bukaerarako ez duten ezer jakinarazia oraindik.
Antton Etxeberri Seaskako lehendakariordeak Angelun erran du «positiboa» dela errektorea ikastola bisitatzera joan izana, lehen aldia baita Frantziako hezkuntza administrazioko maila horretako ordezkari bat Seaskaren ikastetxe batera doana. «Uste dut zintzoki jin dela, eta zinez deskubritu duela ikastolen mundua nola martxan den. Galdera anitz egin ditu, irakasleak eta haurrak ikusi ditu. Uste dut hori ona dela. Horrek aldaketarik ekarriko ote duen, hori ikusiko dugu», adierazi du.
Errektoreak erran du astelehenean bilkura bat egitekoa dutela Bordelen azterketen gaiaz aritzeko, baina Seaskako ordezkariaren arabera ez dute horri buruzko informaziorik eskuratu. «Bilkurak baino gehiago urratsak behar ditugu», adierazi du Etxeberrik, haserre. «Hilabete baten buruan, gure ikasleek baxoa frantsesez pasatu beharko dute. Hori ez da normala! Hilabete bat gelditzen da urratsak egin ditzaten».
Azken urteetan harreman gatazkatsua izan du Seaskak Bordeleko errektorearekin. Huart izendatu dutenetik, aldaketa bat sentitu dutela adierazi dute harekin bildu diren instituzioetako ordezkariek. Ikusteko dago aldaketa hori Pariseraino iristen den.