'Baai.eus' aurkeztu dute, euskaraz webguneak sortzeko adimen artifizialeko tresna

Josu Waliño Puntueus fundazioko zuzendariak azpimarratu du euskal ingurune digitalarentzat «mugarria» dela. Dagoeneko erabilgarri dago sarean.

Baai.eus adimen artifizialeko tresnaren aurkezpena gaur Donostiako Arima hotelean. GORKA RUBIO/ FOKU
'Baai.eus' adimen artifizialeko tresnaren aurkezpena gaur Donostiako Arima hotelean. GORKA RUBIO/ FOKU
Ekain Tolaretxipi
Donostia
2026ko urriaren 30a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Axi Muniainen surf eskolak webgune bat behar du. Gainera, modu azkar eta errazean egin nahi du, eta Baai.eus-en sartu da. Han, goiko eskuineko aldean ageri den Hasi sortzen botoia zapaldu, eta hiru aukera ageri zaizkio: aurretik landutako txantiloi bat erabil dezake, adimen artifizialaren bidez sortu edo orrialde zuri batekin hasi eta bertan landu. Adimen artifizialaren bidez sortzeko eskatu dio, eta bere negozioaren azalpena eman dio. Ondoren, sare sozialak gehitu nahi ote dituen galdetu dio, eta Google Business aukeratu du; izan ere, bilatzaileak badu webgunea martxan jartzeko informazioa. Behin urrats hori eginda, webgunea sortzeko agindua eman du. Baai.eus-ek bi minutuz informazioa prozesatu du, eta, horren ostean, Muniainen surf eskolak badu bere webgunea euskaraz.

Gaur aurkeztu du Puntueus fundazioak Baai.eus, euskaraz webguneak sortzeko adimen artifizialean oinarritutako tresna. Baai.eus da Latxa euskarazko adimen artifizialeko eredua integratu duen lehen aplikazio praktikoa, eta herritarren, profesionalen eta enpresen eskura jarriko du euskarazko teknologia. Josu Waliño Puntueus fundazioko zuzendaria pozik agertu da: «Guretzat mugarria da Baai.eus, eta pozgarria da gaur aurkeztu ahal izatea». Aplikazio honek webgune profesionalak sortzeko aukera emango die erabiltzaileei programazioaren inguruan ezagutzarik izan beharrik gabe. Baai.eus-en berrikuntza nagusia da erabiltzaileak ez duela webgunea hutsetik sortu behar, lehendik sortuta duen informazioa baliatuta sor baitezakete lehen bertsioa. 

Tresnaren ezaugarri nagusietako bat Latxa euskal adimen artifizialaren integrazioa da. Horri esker, erabiltzaileek aurretik sarean duten informaziotik abiatuta sor dezakete euren webgunearen lehen bertsioa, programazio lan aurreraturik egin beharrik gabe. Horretarako, plataformak informazio iturriak erabiltzeko hainbat aukera eskaintzen ditu abiapuntu gisa: Google Business profila, sare sozialak, aurretik sortutako webguneak, argazkiak edo dokumentuak erabiltzeko aukera ematen du. Behin informazio hori prozesatuta, Latxa euskarazko adimen artifizialak webgunearen lehen bertsioa prestatzen laguntzen du, erabiltzaileak ondoren bere beharretara egokitu ahal izateko. 

Adimen artifizialaren bidezko sorkuntza ez da Baai.eus-ek eskaintzen duen aukera bakarra. Beste bi bide ere eskaintzen ditu: aurrez prestatutako txantiloi batetik ere abiatu daiteke, eta, gainera, webgunea hutsetik sor dezake. Tresnak eskaintzen dituen aukeren ondorioz, erabiltzaile bakoitzak bere ezagutza teknikoen eta proiektuaren beharren arabera erabaki dezake webgunea nola sortu nahi duen. Plataformak, gainera, editore intuitibo bat eskaintzen du, webgunearen diseinua, edukiak eta bestelako elementuak pertsonalizatzeko. 250 txantiloi baino gehiago ditu euskarri gisa, eta itzulpen automatikoa, online dendak eta bestelako funtzioak integratzeko aukera ematen du, besteak beste. Baai.eus-ek gainera, .eus domeinua eta hosting zerbitzua ere barne hartzen ditu, webgunea sortzeko, pertsonalizatzeko eta argitaratzeko prozesu osoa eremu bakar batean gauzatzeko.

Hainbat aukera

Baai.eus tresnak hainbat plan eta prezio eskaintzen ditu: oinarrizkoena Proba aldia izenekoa da. Doan eskura daiteke, eta webgunea argitaratu eta ordaindu aurretik hamalau egunez probatzeko aukera ematen du. Bigarrena Webgune profesionala da, eta 15 euro ordaindu behar dira hilabetean. Edozein proiektu, negozio edo erakunderen webgunea sortzeko eta sareratzeko balio du plan horrek. Online denda da eskaintzen duen hirugarren aukera: 29 euro ordaindu behar dira hilean, eta webgune profesionala sortzeaz gain, salmenta modulua ere eskaintzen du. Aurretik webgunea edukiz gero, aukera hau 14 euroren truke eskura daiteke. Azken aukera Agentzien Plana deiturikoa da, eta hori eskuratzeko 625 euro ordaindu behar dira urtean. Plataforma bakar baten bidez, bost webgune kudeatu daitezke plan hau hautatuz gero.

Hainbat erabiltzailerentzako aplikazioa da: besteak beste, norbanakoentzat, bere kontura aritzen diren profesionalentzat, negozio txikientzat, enpresentzat eta erakundeentzat. Tresna baliagarria da web diseinuan eta komunikazioan aritzen diren profesionalentzat ere. Helburua zera da, aplikazioa erabiltzen dutenek webguneak sortzeko eta eguneratzeko autonomia edukitzea, aurretiko programazio ezagutza beharrik gabe. Diseinatzaileek eta agentziek ere bezeroentzako webguneak sortu eta hainbat proiektu kudeatu ditzakete plataforma bakar batetik.

Uztailean deialdia egin zuen Puntueus fundazioak, eta bertan webgune bat garatu nahi zuen edonori aplikazioa probatzeko aukera eman zitzaion. Waliñok aipatu du deialdia «arrakastatsua» izan zela, eta hainbatek probatzeko guraria erakutsi zutela. Tresna digitala probatu dutenen artean daude Jon Maia bertsolari eta kulturgilea, Leire Santillan moda diseinatzailea, Leire Martija web diseinatzailea eta Sostengu osasun zentroko Leire Mendez eta Felipe Murillo. Hainbat esparrutan erabili da aplikazioa, eta, arduradunen esanetan, horrek erakusten du «erabiltzaile ororentzat» egokituta dagoela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA