HEDABIDEEN DIRU LAGUNTZAK

Babesa BERRIAlagun bihurtzera

Ia 15.000 sinadura bildu ditu BERRIA babesteko kanpainak. Kazetak eskerrak eman dizkio euskal gizarteari, eta sostengu horretan urrats bat gehiago egitera deitu ditu irakurleak.

Irakurleen laguntza eskatu du BERRIAk, kioskoetara eta etxeetara egunero heltzeko aurrerantzean ere. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Maite Asensio Lozano.
2014ko urriaren 29a
19:29
Entzun

Azken egunotan jasotako babesa laguntza bihur dadila eskatu du BERRIA Taldeak. Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzetan izandako murrizketen berri jakin zenetik —210.000 euro gutxiago emango dizkio aurten euskarazko kazeta nazionalari, iazko ekarpena baino %14 urriago—, atxikimendu mezu ugari jaso ditu BERRIAk. Besteak beste, ia 15.000 sinadura bildu ditu egunkaria babesteko kanpainak. Kazetak eskerrak eman dizkio euskal gizarteari, eta sostengu horretan urrats bat gehiago egitera deitu ditu irakurleak: «Egunotan agerian geratu denez, milaka lagunek nahi dute BERRIAk bere bidea egiten jarrai dezan, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da berria sostengatzen duen komunitatea zabaltzen joatea».

Hain justu, Jaurlaritzak diru laguntzak gutxitzea erabaki duen honetan, BERRIAlagunen dinamikari eustea «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela nabarmendu du BERRIA Taldeak. 2011n abiatu zuen euskarazko kazetak laguntzaileen komunitatea ehuntzeko bidea. Hedabideek XXI. mendean duten abagunean, bideragarritasuna bermatzea du xede BERRIAlagunen egitasmoak: «Jakina da egunkariak erosteko ohitura gutxitzen ari dela, eta horren aurrean gero eta gehiago diren irakurleei dei egin zitzaien bakoitzak bere ekarpena egin zezan». Izan ere, irakurle bakoitzak urtean 100 euroren ekarpena egingo balu, ekonomikoki bideragarria litzateke egunkaria, «eta berrikuntza zein garapenerako aukerak sortzeaz gain, sarean doako izaten jarrituko luke».

Egun, urtean ekarpen ekonomikoa egiten dutenak, harpidedunak eta BERRIAlagun iragarleak batuta, 13.000 pertsonak osatzen dute BERRIAlagunen komunitatea; 2015erako 15.000ra heltzea nahi luke taldeak. Komunitatea handitzea da helburua: «Lagun berrien ekarpena lortu nahi dugu, ez jada ekarpena egiten dutenek diru gehiago jartzea».

Helegitea ebazpenari

Bestalde, BERRIA Taldeak gogora ekarri du euskal gizartearen sostengua ezinbestekoa izan dela euskarazko kazeta nazionalaren ibilbidean zehar: «Herritarren etengabeko laguntzak eta babesak egin du proiektu hau posible, garairik zailenetan ere. Babes horrek balio handia du eguneroko lanean jarraitzeko». Eta balio handia izango du aurrerantzean ere, Jaurlaritzaren murrizketak direla-eta eman beharreko pausoen harira. Izan ere, diru laguntzen ebazpenari helegitea jartzea erabaki du BERRIAko zuzendaritzak. «Datozen egunetan gauzatuko da, Eusko Jaurlaritzatik beharrezkoa den informazioa jaso eta adituen zein legelarien txostenak eskuratu ondoren».

Jaurlaritzak irizpideak aldatuta banatu ditu aurten diru laguntzak. Irismenaren irizpidea txertatu du lehen aldiz, eta puntuetan %70eko pisua eman dio. BERRIA Taldeak gogora ekarri du laguntza politika horrek «babes instituzional nahikorik gabe» utzi duela BERRIA.

BERRIAlagun izan nahiz gero, www.berria.eus/berrialaguna webgunearen bidez  edo  (0034) 943-30 43 45 telefonora deituta egin daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.