Gaur 25 urte bete dira ETAk Santiago Oleaga El Diario Vasco egunkariko finantza arduraduna hil zuenetik. 2001eko maiatzaren 24an, Oleaga bere autotik jaitsi zen, Donostiako Matia Fundazioaren sarrera inguruetan utzi ondoren. Hilabete bat lehenago, sorbaldan min hartu zuen pala partida bat jokatzen ari zela, eta errehabilitazioa egitera zihoan. Goiz hartan, ordea, ez zen iritsi 08:30erako hitzordura. Bere Saab 9000tik atera bezain laster zain zituen ETAko bi kide, eta zazpi aldiz egin zioten tiro: hiru buruan, hiru bizkarrean eta beste bat lepoan. Matiako medikuek azkar artatu zuten, baina berehala hil zen.
Tiratzaileek aurrez lapurtutako Renault 5 batean ihes egin zuten, eta handik gutxira auto hori lehergailu batekin zartarazi zuten, Donostiako Aiete auzoan, San Juan de Dios ospitaletik gertu. Bi pistolarekin egin zuten tiro, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak jakinarazi zuenez: batarekin hiru aldiz egin zuten tiro, eta bestearekin, lau aldiz.
Santiago Oleaga Elejabarrieta (Durango, 1947 - Donostia, 2001) ezkonduta zegoen hil zutenean, eta bi seme zituen Amaia Guridirekin. 25 urte zeraman El Diario Vasco egunkarian lanean, lehenik administrazio buru gisa eta, ondoren, finantzen arduradun gisa. Ekonomia eta Enpresen Zientziak ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean, eta alor horretan jardun zuen 54 urte zituela ETAk hil zuen arte.
Lizarrako porrotaren ostean
Oleagaren aurkako atentatua Lizarra-Garaziko prozesuaren porrotaren ondoren egin zuten, garai hartan ETAk abiatutako erasoaldi baten baitan. Lizarrako akordioa 1998ko irailaren 12an sinatu zuten alderdi abertzale guztiek, baita Ezker Batua, Zutik, Batzarre eta EKA alderdiek ere, eta zenbait sindikatuk eta eragile sozialek ere bai. Negoziazio prozesu bat ireki nahi zuen ekimenaren ondotik, ETAren su etena iritsi zen irailaren 16an, baina 1999ko azaroaren 28ra arte baizik ez zuen iraun meniak, prozesuak porrot egin baitzuen.
Horiek horrela, ETAk atentatu hari luze bati ekin zion 2000. urtean. Otsailean, Fernando Buesa buru sozialista eta haren bizkartzain Jorge Diez ertzaina hil zituen bonba auto batekin. Maiatzean, Jose Luis Lopez de Lacalle kazetari eta Ermuko Foroko sortzailea hil zuen tiroz. Uztailean, berriz, Juan Maria Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoari egin zioten tiro, Tolosan; bertan hil zuten. Bartzelonan, Ernest Lluch hil zuten, azaroan, bonba auto bat eztandarazita. 2000. urtean, guztira, hemezortzi atentatu egin zituen ETAk, eta 23 lagun hil.
Lizarra-Garaziko porrotaren ostean, ETAk atentatu hari bati ekin zion 2000. urtean: Fernando Buesa, Jose Luis Lopez de Lacalle, Juan Mari Jauregi eta Ernest Lluch hil zituen, besteak beste. Oleagaren aurkako atentatu hilgarria erasoaldi horretan egin zuen.
Aldi horretan atxiloketa ugari egin zituen Guardia Zibilak, ETAren aurkako operazioetan eta bestelakoetan ere bai. 2001ean, Baltasar Garzon epaileak Euskal Herritarrok eta Herri Batasuna alderdietako 20 kide baino gehiagoren aurka jo zuen. Xaki elkartearen aurka ere egin zuen, hamasei kide inputatuta. Urrian, Joxemi Zumalabe Fundazioaren txanda izan zen: bederatzi atxiloketa agindu zituzten; eta, azkenerako, AEKren aurkako akusazioa ere egin zuen, «ETAri laguntza emateagatik».
Hedabideen aurka
Oleagaren aurkako atentatuaren aurretik, El Diario Vasco-ko zenbait bulegori eraso egin zieten, esaterako Eibarren eta Donostian. Guardia Zibilak jakinarazi zuen egunkari hori ETAren jomuga zela eta, atzemandako zenbait agiriren arabera, egunkariko zuzendari Jose Gabriel Mujika zela jomuga nagusia. Santiago Oleagak ez zeukan bizkartzainik; ez zuen bere burua ETAren jomugatzat jotzen, ez baitzuen mehatxu zuzenik jaso, baina haren aurka jo zuen ETAk.
Hura hil baino egun batzuk lehenago, Gorka Landaburu kazetariak bonba gutun bat jaso zuen Zarauzko (Gipuzkoa)Â bere etxean. Hark bazuen bizkartzaina, baina, hala ere, gutuna ireki zuen, eta zauri larriak eragin zizkion eztandak eskuetan eta aurpegian, besteak beste.
Oleagaren aurkako atentatuarekin loturik, 2006an, Espainiako Auzitegi Nazionalak Luis Mari Carrasco eta Ibon Etxezarreta zigortu zituen, 47 eta 40 urteko espetxe zigorrekin. Epai berak 18 urteko kartzela zigorra agindu zuen Patxi Xabier Makazagarentzat. Epailearen arabera, hark egin zituen Buruntza komandoaren eta ETAren zuzendaritzaren arteko komunikazio lanak. Oskarbi Jauregirentzat, berriz, bi urteko zigorra agindu zuen, Oleagaren aurkako atentatua egiteko erabilitako autoa ustez hark lapurtu zuelako.