Bagirak «etxeko lanak» bukatzeko hitzordua du etzi

Tailerrak eta eztabaidak eginen dituzte egun guzian, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen bide orria zehazteko.

Bagira prozesuaren aurkezpena, Bidarrain, atzo. BOB EDME.
Bagira prozesuaren aurkezpena, Bidarrain, 2022ko udazkenean. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen jardunaldiak antolatu dituzte, Bagira prozesuaren barnean. Larunbat honetan izanen dira, Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioan. Egun guzian eramanen dituzte gogoetak eta eztabaidak, tailer eta hitzaldi zenbaiten bidez. Duela bi urte abiatutako prozesuaren ondotik «etxeko lanak» bukatzen lagunduko dituen egun bat. Hala aurkeztu ditu jardunaldiak Anita Lopepe Bagira prozesuaren gidaritza batzordeko kideak. Ehun bat pertsonak eman dute izena oraingoz, eta azken egunetan are gehiagok izena ematea espero dute. 

Ondoko hamar urteetarako helburuak markatuko dituen bide orria aurkeztu nahi dute aurtengo Aberri Egunean, eta hori lantzeko azken bilkura garrantzitsua izanen da larunbatekoa, Lopeperen hitzetan. Bagira prozesuaren gidaritza batzordeak zirriborro bat osatua du, eta hori kontrastatu nahi dute hainbat ingurunetako militanteekin. Horrez gain, zenbait borroka sektoriali dagozkien erronkak eta helburuak ere zehaztu nahi dituzte, arlo horietan ari diren militanteen eta herrietan jarduten dutenen ekarpenak jasota.

Egunak bi parte nagusi izanen ditu. Goizeko tartea aldi politikoaren diagnosia egiteko baliatuko dute, nagusiki. «Zer diren momentu politikoa ezaugarritzen duten elementuak, zer den XXI. mendeko abertzaletasunaren definizioa eta mugimenduaren estrategia eta praktikak nolakoak izan behar diren», Lopepek azaldu duenez. Arratsaldean, haatik, inkestetan lehentasunezko gisa hartu diren bost arloak jorratuko dituzte: euskara, laborantza, klima aldaketa, etxebizitza eta borroka sozialak. Parte hartzaileei aitzinetik izena emateko eskatu diete, bost gai horietako bat aukeratuta.  

2022ko abenduan aurkeztu zuten Bagira prozesua, Itsasuko Agiria sinatu eta ia hirurogei urtera, Ipar Euskal Herriko abertzaleen oinarriak eguneratu, helburu eta etapa bateratuak zehaztu, eta mugimendu gisa artikulatzeko. Udaberrian inkesta bat egin ondotik, emaitzak gizarteratzen aritu dira udazkenean herriz herri egin dituzten bilkura irekietan. «Batzuk biziki arrakastatsuak izan dira, besteak gutxiago, baina, aldi oro, manera izan da jendearen oharrak eta erreakzioak jasotzeko». Jardunaldiak prestatzeko «mamia» atera dute, eta horretan oinarritu dira bide orriaren lehen zirriborroa osatzeko. 

Lopepek esplikatu duenez, prozesua abiatzerako erabakia zuten zer lerro nagusiren inguruan eraman nahi zuten gogoeta, eta horren arabera antolatu zuten militanteen artean banatu zuten inkesta ere. «Inkestaren emaitzei buruz egin ditugun interpretazioetan eta tokiko bilkuretan izan ditugun ekarpen guziak erabili ditugu zirriborroa lantzeko». Horrez gain, beste bilkura bat ere antolatu zuten, Uztaritzen (Lapurdi), borroka sektorialetan lehen lerroan ari diren hainbat militanterekin. «Hori ere idatziz jaso genuen, eta badira batzorde eragilean ditugun gogoetak ere. Mami horrekin guziarekin osatu dugun zirriborroa da kontrastera eramanen duguna». 

Aberri Eguna Uztaritzen

Larunbateko jardunaldien ondotik, «lan kolektiboarekin» jarraituko dute, Lopepek argitu duenez. Martxoaren 31n Uztaritzen antolatu duten Aberri Egunean izanen du bukaera. Mobilizazio bat eginen dute goizean, eta orduan aurkeztuko dituzte bide orriaren lerro nagusiak. Arratsaldean ekitaldi politiko bat eginda osatuko dute eguna. 

Jardunaldien egitaraua

  • 9:00. Osoko bilkura eta taldekako eztabaida. Mugimendu abertzalearen birfundazioa
  • 12:15. Bazkariko pausa
  • 13:30. Tailerrak. Mugimenduaren helburuak ondoko hamarkadarentzat.
  • 16:45. Bateratzea.
  • 17:15. Zintzur bustitze animatua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.