Bai Euskarari elkarteak zuzendari berria du: Ibon Arrizabalaga de Mingo

Elkartea sortu zenetik, orain hemezortzi urte, Rober Gutierrez egon da karguan, baina orain arteko ardura utzi eta beste etapa bat hastea erabaki du.

(ID_17067901073385) Ibon Arrizabala de Mingo. Bai Euskarari elkarteko zuzendaria.
Ibon Arrizabalaga de Mingo, Bai Euskarari elkarteak bidalitako argazki batean. BERRIA
arantxa iraola
2024ko otsailaren 1a
14:05
Entzun

Bai Euskarari Elkarteko zuzendari kargua utzi du Rober Gutierrezek, hemezortzi urteko ibilbidearen ostean; haren lekua Ibon Arrizabalaga de Mingok hartu du. Bai Euskarari elkarteak gaur egin du jakinarazpena. Azaldu du Arte Ederretako lizentziaduna dela Arrizabalaga, baina beste esparru batzuk jorratu dituela bere ibilbide profesionalean. «Azken 20 urteetan hezkidetza, sexu hezkuntza eta tratu onen kultura ardatz dituen Arremanitz kooperatibako kide izan da», adierazi du. Orion sortua da, 1973an (Gipuzkoa).

Bai Euskarari elkartea zuzentzeko erronka «pozik» eta «arduraz» hartu duela jakinarazi du zuzendari berriak. Elkarteak egiten duen lanaren garrantzia nabarmendu du: «Euskaraz bizi nahi badugu, ezinbestekoa da lan mundua euskalduntzea». Nabarmendu du orain arte lan martxa ona izan duela elkarteak, eta horri eutsi nahi dio. Apurka-apurka ekarpenak eginez joan nahi du. «Euskara hasieratik egon da nire interes eta pasioen artean», adierazi du. Urte askoan izan duen lan eremua utzita «esparruz» aldatu den arren, elkartean egin dituen lehen asteetan eroso sentitu da, dioenez.
 
Rober Gutierrezek 25 urte egin ditu Bai Euskarari proiektuan. Kontseiluan aritu zen lehenengo, eta Bai Euskarari elkartearen zuzendaria da elkartea sortu zenetik. «Harro nago ibilbidearekin eta bidean eraikitako proiektu, lankidetza eta harreman guztiekin», azaldu du. Etapa berri bati ekingo dio orain. «25 urteko ibilbide luze bat izan da, luzea eta emankorra, baina momentu honetan, aurrera begira jarrita eta egin dudana kontuan hartuta, aldaketa baten beharra sentitu dut, deskonexio baten beharra».

Lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragitea da Bai Euskarari Elkartearen helburua. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi zuen ibilbidea, eta lan munduan euskaraz eroso aritzeko proiektuak sustatzen ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.