Kartzelatik atera eta egun gutira, EH Baikoekin bildu da gaur Christian Tein Kanakyko FLNKS fronte independentistaren lehendakaria, Baionan. «Estaturik gabeko nazioen erabakitzeko eskubidea» aldarrikatu dute, Frantziako Asanblean Kanakyko eskualdeko hauteskundeak hirugarrenez gibelatzeko lege proposamena aztertzen ari direla; hain zuzen, EH Baik adierazi du Peio Dufau diputatuak gibelapen horren kontra bozkatuko duela. Teinek «Frantziako Gobernuaren mespretxua» salatu du.
Iazko ekainean atxilotua eta kartzelatua izan zen Tein, Kanakyn gertatutako istiluen ondotik, horien antolaketan aritu zelakoan. Orduan ez zen oraino FLNKSko lehendakaria, baina hala izendatu zuten Frantzian kartzelan zela, iazko agorrilean. Baldintzapean aske utzi zuten joan den astean, baina, pasaportea ez diotenez oraino bidalia, «herrira itzultzeko» zain dago. Urte bat eta erdi preso pasatu ondotik, berantetsia du «herritarrengana itzultzeko eta haiekin egoeraz mintzatzeko».
EH Baiko Txomin Casteigtsek salatu du «Kanakyko egoerari ematen zaion larrialdi izaera elkarrizketa politikoa baztertzeko». Eta Kanakyren eta Euskal Herriaren egoerak batu ditu: «Frantziako Estatuak beren etorkizuna libreki eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea ukatzen dien bi nazio gara, baina ez gaitu soilik ukazioak batzen, gure burujabetzaren aldeko borrokak eta elkarrekiko errespetuak eta elkartasunak ere batzen gaituzte». Beste behin, beraz, ezinbestekotzat jo dute «estaturik gabeko nazioak aitortu eta haien autodeterminazio eskubidea ahalbidetzea».Â
Lege proposamena
Teinek esplikatu duenez, eskualdeko hauteskundeen gibelatzea Frantziako Gobernua «indarrez pasatzeko» manera besterik ez da; independentistek kontsideratzen dute gibelatze horrek kanakei ez diela haien instituzioak berritzeko aukerarik uzten, eta Parisi modua ematen diola, ordea, autodeterminazio prozesuaren kontrola atxikitzeko.
Izan ere, prozesu horretan Kanakyn nork bozka dezakeen eragiten du kexa gehien: 1998an, Noumeako akordioek trenkatu zuten ordurako Kanakyn hamar urte zeramatzatenek eta haien ondokoek baizik ez dutela bozik ematen ahalko herrialdearen etorkizun instituzionalerako bozketan; hots, geroztik Frantziatik joan direnek ez dute bozkatzeko eskubiderik. Teinen ustez, «deskolonizazio oso baterako» beste aterabiderik ez da, eta hori utzi behar zaie «gutienez» kanakei.