«EH Bai ez da izan behar ile zuridun gizonen mugimendua», laburbildu du Txomin Casteigts EH Baiko koordinatzaileak. Heldu den urtarrilaren 30ean eginen dute bigarren kongresua, eta ostiral goiz honetan aurkeztu dute, Baionan egin duten agerraldian. Gero eta gehiago leloa hautatu dute, hori baita hartu duten helburua: ezkerreko abertzaleen komunitatea zabaltzea. Ezkerreko proiektu abertzale, ekologista eta feministarekin identifikatzen den herritar orori irekiko dizkiote ateak heldu den udazkenean antolatuko dituzten eztabaidetan. Horrez gain, lanketa bat egin nahi dute emazteen eta gazteen parte hartzea bultzatzeko.
2014tik aitzina egituratu zen EH Bai iraunkorki, ezkerreko abertzaleen alderdi erreferentea bilakatuta Ipar Euskal Herrian. Eta 2022an egin zuen lehen kongresua. Ordutik izan dituzten aitzinamenduak goraipatu dituzte. Bi mugarri nagusitan egin dute azpimarra: 2024ko Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Peio Dufau EH Baiko kidea hautatua izan zen, eta ezkerreko abertzaleek diputatu bat dute Parisen ordutik; bestetik, 2026ko herriko bozen ondotik, Alain Iriart EH Baiko kidea hautatua zuten Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari gisa. «Bi urrats historiko hauek ezkerreko mugimendu abertzaleak eta herri sektoreek egindako lanaren emaitza dira».
«Frantziako Estatua krisi politiko, sozial eta instituzional sakonean dago: V. Errepublikaren eredu zentralistaren agorpena gero eta ageriagoa da
»
TXOMIN CASTEIGTS EH Baiko koordinatzailea
Baina nazioarteko egoeraren bilakaera ere izan dute hizpide: ezegonkortasun orokortua, AEBen gainbehera, potentzia handien arteko lehia eta abar. «Inperialismoak, gerlak, genozidioak eta eskuin muturraren emendatzeak agenda erreakzionarioa inposatu dute, eta nazioarteko zuzenbidea bera hankaz gora ezarri», adierazi dute. Zerbitzu publikoen eta ongizate sistemen «deuseztapena» eta prezioen eta prekaritatearen emendatzea ere izan dituzte hizpide; halaber, giza eskubideak eta demokrazia bera auzitan ezarriak direla erran dute.
«Frantziako Estatua krisi politiko, sozial eta instituzional sakonean dago: V. Errepublikaren eredu zentralistaren agorpena gero eta ageriagoa da, eta, azken asteetan Korsikaren autonomiaren eztabaidarekin ikusi dugunez, deszentralizazioaren eta herrien autonomia handiagoaren aldeko eztabaidak indartzen ari dira», Casteigtsen hitzetan. «Aldiz, politika neoliberalek eta autoritarismoaren gorakadak herritarren bizi baldintzak okertu eta ezinegon soziala handitu dute, eta instituzioekiko mesfidantza eta eskuin muturraren indartzea elikatu».
Hala ere, baikor dira. Izan ere, iruditzen zaie Euskal Herrian badagoela mobilizatzeko eta erronkei erantzun kolektiboak emateko gaitasuna. «Ezkerreko abertzaleen lau urteko aitzinamenduek eta estatus politikoaren inguruko eztabaidaren zabaltzeak dinamika berri bat sortu dute. Indar harreman aldaketa bat gertatzen ari da gure lurraldean, non ezkerreko abertzaleen eragina eta ideien hedapena azkartu den. Horrek estatuko zenbait egituraren Euskal Herriarekiko oldarkortasuna eta abertzaletasunaren kontrako jarrera agerrarazi du azken denboran».
Ondoko urteetarako testuinguru global, sozial eta politiko «konplexua» aurreikusi dute, eta abisua eman dute Frantziako eta Espainiako estatuetan eskuin muturra boterera iristeko arriskuari buruz. «Oldarraldi eta oztopo guzien gainetik, Euskal Herriaren izaera eta ahots propioa indartuz, herri proiektu demokratiko baten alde ahalik eta indar gehien metatu eta mobilizatzeko deia egiten dugu».
EH Baitik harago
Orain arte herritarrekin eta eragile sozialekin egindako «lan partekatua» goraipatu dute EH Baiko kideek, eta baieztatu dute hemendik aitzina ere «iparrorratza» izaten jarraituko duela lan horrek: «Herriko ahalik eta sektore gehienekin, herria eraiki eta mobilizatzea; proposamenak egitea Ipar Euskal Herriak burujabetza handiagoa ukan dezan; eta justizia sozialean oinarritzen den jendarte baterantz gehiago aitzinatzea».
Kongresuan ere hala egin nahi dute. Ezkerreko proiektu abertzale, ekologista eta feministarekin identifikatzen diren edo haren gaineko interesa duten herritar guziei irekiko dizkiete ateak heldu den udazkenean tokian-tokian eginen dituzten biltzar publikoetan. Kongresuan bozkatu ahal izateko, mugimendura kidetu beharko da. «Garai hauetako erronkei gaurdanik erantzun egokiak emanez eraikiko da etorkizuna. Horretarako, lurralde honentzat proiektu sendo bat behar da», adierazi dute.
Emazteen eta gazteen parte hartzeari buruz azpimarra berezia egin dute. Bi topaketa iragarri dituzte urte bukaerarako: «Bata, gure plan feministaren barnean, bizi sozial zein politikoan emazteen parte hartzea emendatzeko; eta bestea, gazteriari EH Bairen barnean eta mugimendu abertzalean parte hartzeko espazio propio bat eskaintzeko». Horren emaitza EH Bairi atxikia zaion gazte eragile berri baten sorrera izan ote daitekeen galdetuta, urte bukaerako eztabaiden ondorioa izanen dela erran dute: «Oraingoz ez dugu ezer definitua».