Korsikaren autonomia estatutuak egin du lehen urratsa. Frantziako Asanblea Nazionalak Korsikaren autonomia estatutuari buruzko lege proposamen konstituzionala onartu du. Gaur bozkatu dute testuaren bertsio berria; gehiengo sinplea behar zuen lege proposamenak aurrera egiteko, eta horixe lortu du: 271 izan dira aldeko botoak, 202 kontrakoak, eta 64 ordezkari abstenitu egin dira. Orain, Senatuan onartu beharko dute testua, Frantziako Kongresura eraman aurretik.
Frantziako Gobernuak eta Korsikako hautetsiek urte luzez negoziatu ostean, Asanblean gaur zortzi izan zuten aztergai uharteari autonomia estatutu bat emateko lege proposamen konstituzionala. Eztabaidatu, eta aldatu egin zuten. Izan ere, Asanbleako lege batzordearen gehiengoak ontzat eman zuen autonomia proposamena, baina 95 zuzenketa aztertu behar izan dituzte hemizikloan.
Gaurkoa, ordea, bide arantzatsu baten hasiera besterik ez da. Behin Asanblean onartu ostean, orain Senaturako bidea egingo du lege proiektuak. Han ere nahikoa izango da gehiengo sinplea eskuratzea lege proiektuak aurrera egiteko. Kongresuan ez, ordea. Asanbleak eta Senatuak osatzen dute, eta han egingo da azken bozketa: hiru bostenen onespena jaso beharko du. Azken pausoa oztopo izan daitekeen erakusgarri, gaurko bozketan ez dute lortu Asanblearen hiru bostenek testuaren alde bozkatzea.
Autonomia estatutu horrek, onartuz gero, botere legegilea emango lioke Korsikari, baina ez lituzke beteko Korsikako nazionalisten eskari nagusiak. Esaterako, korsikera ofiziala izatea, «Korsikako herria» aitortzea, eta egoiliar estatusa ematea.
Giles Simeoni Korsikako gobernuburuari elkarrizketa egin diote France 3 Corse katean, eta hunkituta adierazi du «amestutako zerbait» zela gaurko lorpena. «Emakumeen eta gizonen hainbat belaunaldik borroka egin dute hau gertatzea posible izan zedin», gaineratu du.
Frantziako Barne ministro Gerald Darmanin gogobeteta agertu da bozketaren ondoren X sare sozialean idatzi duen mezuan: «2022an Korsikako gazteei emandako hitza bete da; demokrazia eta parlamentuko eztabaida nagusitu dira». Antzera mintzatu da François Gatel Frantziako Lurralde Antolaketarako ministroa ere. Hemizikloan bertan hitz egin du, bozketa amaitu berritan, eta adierazi du gaurkoa «aurrerapauso garrantzitsu bat» dela hala Korsikarentzat nola Frantziako demokraziarentzat.
Aurrez, Korsikako 258 alkatek Frantziako Asanbleako 577 diputatuentzako gutun bat sinatu dute —Korsikako alkateen %72 dira—; haren bidez, diputatuei eskatu diete babesa emateko bozkatu behar zuten lege konstituzionalaren testuari.
«AITZINAMENDU GARRANTZITSUA» dela azpimarratu du eh bai-k
EH Baik X sare sozialean erreakzionatu du, agiri baten plazaratuz. Hartan, nabarmendu du gaurko emaitza «aitzinamendu garrantzitsua» dela Korsikako herriarentzat eta «estaturik gabeko herriarentzat». Horrez gain, euskal eragileei eta hautetsiei dei egin die, «Ipar Euskal Herriaren estatus politikoaz eztabaidatu eta adostasunak eraikitzeko».