Nafarroako Gobernuaren Industria eta Trantsizio Ekologiko departamentuak parke fotovoltaiko bat eraikitzeko baimen administratiboa ukatu dio FFNEV New Energy Venture España enpresari. Alde asko izan dira proiektuaren aurkako txostenak egin dituztenak, eta azkenean bertan behera uztea erabaki dute. 5 megawatteko potentziako instalazioa egin nahi zuten.
Iazko ekainean eskatu zuen enpresak baimena, baina Lurraldearen, Paisaiaren eta Hirigintzaren zerbitzuak txosten batean adierazi zuen bezala, proiektua lurralde «urbanizagarrian» zegoen guztiz. Hori dela eta, lekuz aldatzea proposatu zuen. Espainiako Gobernuaren Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioak ere proiektuaren aurkako txosten bat idatzi zuen, esanez onartuta zeuden trenbide proiektuei eragingo ziela egunzki panelen parkeak.
Araban, eoliko gehiago
Atzo jakin zen Savanna Power Solar eta Enigma Green Power enpresek bi parke eoliko egin nahi dituztela Gasteiz inguruan, EAEko aldizkari ofizialean argitaratu denez, eta, gaur, aldizkari horrek beste proiektu bat egiteko eskaera jaso du: Arena Green Power enpresak egin du, eta parle eoliko berri hori Okondo eta Aiara artean jartzeko da, Araban; Gordexolako lurrak ere hartuko lituzke, ordea, Bizkaian.
Las Arenas parke eolikoa esan diote proiektuari, eta sei haize errota biltzen ditu, 35 megawatt guztira. Haize errotak jartzeko eskaerak pilatzen ari dira, eta horietako asko Arabarako proiektuak dira. Atzoko bi eskaeren bidez, 11 haize errota eraiki nahi dituzte. Parkeetako bati Vitoria deitu diote, eta Burgu, Barrundia, Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga udalerrietan egin nahi dute. 30 megawatt eta sei haize errota izango lituzke. Beste parkea Kuartango, Zuia, Gasteiz eta Badaia herrietan egongo litzateke, eta 30 megawatt eta bost haize errota izango lituzke. Jundiz izena jarri diote.
«Araban megaproiektu eoliko eta fotovoltaiko ugari ditugu. Balio handiko eremu naturalak industrializatzea eta pribatizatzea dakarte».
ARABAKO MENDIAK ASKE
Hain justu, beste parke eoliko baten kontrako auzi errekurtsoa jarri du Arabako Mendiak Aske elkarteak: Azazetako parke eolikoaren proiektuaren aurretiazko administrazio baimenaren aurka. Azaldu dutenez, Araban «megaproiektu eoliko eta fotovoltaiko ugari» izan dituzte. Proiektu horiek, «balio handiko eremu naturalak industrializatzea eta pribatizatzea» ez ezik, «eraginpeko landa eremuak nabarmen degradatzea» ere eragiten dute.