2014ko Iparraldeko herri bozak. Aldez aurrekoa

Baiona hirigunea: eskualdeko egitura handia izateko xedea

Etxebizitza, ekonomia, ikasketak, hondakinak, garraioa; herri elkargoen eskumen arruntak ditu Aturri-Kostaldeak

Baionako alde zaharreko karrika bat. BOB EDME.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2014ko martxoaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Azken hamabost urteotan, biztanleriaren emendatze handia ikusi du Baionako hiriguneak. 1975. eta 2009. urteen artean, eremuko bizilagun andana %40 handitu da, eta, azken hamabost urteotan, joera azkar batekin. «Bizitegien garapenarekin batean» joan da hori, eta baikorki ikusten du herri elkargoaren azterketak. Aitortu du, halere, nekeziak ekarri dituela, besteak beste, «herritar zenbaitentzat bazterketa eta bizitegi baten eskuratzeko zailtasuna».

Bizitegien garapena aipatzen delarik, ulertu behar da turismoari lotuak diren bizitegiak direla (asteburuetarako, oporraldietarako), bigarren egoitzak. Bizi hondarra egitera etorri erretretadunen etxebizitzak ere badira. Elkargoak aitortu du, beraz, prezioen emendatze bat ekarri duela eta orain «bizitegi ekonomia» horrez gain «ekoizpena» edo industria behar dela. «Metropoli» izateko anbizioa dute Baiona hirigunearentzat elkargoak manatu prospektibaren egileek.

Beste lurraldeekin elkarlana

Dena da zertaz mintzo garen. Metropolia helburu, beste lurraldeekin elkarlana aitzinatzen du. Hurbileko lurraldeak zehazten dituelarik, hauek ditu aipatzen: Paueko hirigunea, Bordelekoa, Euskal Autonomia Erkidegoa, Hego Landesetako elkargoak eta Ipar Euskal Herriko besteak. Joan den abenduan elkargoko hautetsiei aurkeztu azterketak, azkenik, galdera egiten du: «On ote da lehentasuna ematea Baiona Donostia eurohiriari? Ala, azkenean, eremu zabalago batean pentsatzea eskualdeko hirigune nagusiekin?». Eta urrunago: «Lehentasuna eman beharko ote zaio hiriguneari berari eta Euskal Herriari ala, garapen ekonomikoaren jarraipen gisa, Akize-Hendaia eremuari?».

1.160 bizitegi urtean

Zortzi egun barne hautetsi aterako diren ordezkariek erantzun beharko dute zerbait gisaz. Dena den, eskumenen indartzearen gaia mahai gainean dukete.

Mementoko eskumenetan eta erronka gotor gisa, etxebizitzarena du elkargoak. Dio 6.200 familiak eskatzen dutela bizitegi bat. 2010-2015 hirigintza planak, urteka, 1.160ren eraikuntza pentsatua du, elkargoko bost hirietan.

Puntako arlo ekonomiko bereziak ere garatu nahi ditu elkargoak. Ikur gisa dauka Bidarteko Izarbel gunea. 90 enpresa pasa biltzen ditu, eta 950 langile nonbait han. Ruwelen porrotaren ondotik, Teknohiria deitu eremuan berriz dirua sartua du hiriguneak. Aeronautika eta ekai konposatuen gunea izatea nahi du.

Azken funts inbertsioetan, Angeluko Juzaneko larreetako hamahiru hektareak badira, Cantau eta Montori goi ikastegien artean. Ekoeraikuntzari lotu enpresa mintegi bat eta unibertsitate ikertegi bat nahi dute jarri.

Goi mailako ikerketari garrantzia eman nahi dio. Egiturak laguntzen ditu: Baionako Errobiko fakultatea (giza zientziak), Angelu Montorikoa (zientzia, teknologia), Miarritzeko Rocailles (kultura industriak eta ikus-entzunezkoa) eta Bidarteko Izarbelen den Estia ingeniaritza gunea. Baditu, bestalde, ostalaritza, Baionako Arte Eskola eta Musika Kontserbatorioa. «Zinezko unibertsitate hiri» bilakatu nahi luke.

Mugikortasuna gaitzeko erronka du Baionako hiri eremuak, barnealdearekin, Hego Lapurdirekin eta Landesetako hegoaldearekin lotura eginez. Beste xedea da hiriguneko bost hiriak zeharkatzen dituen sarea. Veolia multinazionalak daraman Chronoplus autobus sareak du bere gain. Ondoko urteetan, berezko bide lerroen garapena da xede nagusia autoaren gehiegizko erabilerari buru egiteko. Eta azterketa bat bidean da Aturri gainean jendea garraiatzeko ontzi joan-jinkari batentzat.

69.470 tona duela bi urte

2012an, 69.470 tona hondakin bildu ziren elkargoan. 130 langile dituen saila da, eta, Ipar Euskal Herriko bizilagunen kasik erdiak dituen eremuarentzat, kostu handikoa da. Bereizketan lan handia badu egiteko oraino.

Uren garbitze egituretan, azkenik, 160 milioi euro xahutu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.